Gizakate ibiltaria presoen eskubideen alde Plaza Berritik hasiko da gaur

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 26a, 00:00

Sarek, Etxeratekin batera, elkarlanean antolatu du eta 20:00etan hasiko da. Ordu bete aurretik preso gaixoen aldeko materiala salgai jarriko da.

Sarek, Etxeratekin elkarlanean gizakate ibiltaria antolatu du, gaur, presoen eskubide urraketa salatzeko. 20:00etan Plaza Berrin hasiko da eta gizakate formatuan herrian ibilbidetxo bat burutuko du. Bestalde, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, larriki gaixorik dauden presoei buruzko materiala salgai izango da, hauxe ere Plaza Berrin.

Euskal Herria osoan 13 dira larriki gaixorik dauden presoak. «Tartean dira tamalez Garikoitz Arruarte eta Ibon Fernandez. Garikoitzi 2012ean diagnostikatu zioten Espondilitis Anquilosantea delako gaitz larria. Aldiz Ibonek Esklerosi Anizkoitza du. Orain gutxi jakin dugu Gari Almeriatik Soriako espetxera ekarriko dutela». 

Hernaniko Sare asko poztu da honen berri izatean, hala ere, edalontzia erdi hutsa ikustearen sentsazioa dute: «etxetik gertuago izatea hobe dela badakigun arren, gogoratu nahiko genuke bai Gari eta bai Ibon, gaixo larriak izanik, kalean beharko luketela gaur egungo legedia errespetatu eta zintzo aplikatuko balitz. Hala nola, NBEko Presoak Tratatzeko Gutxieneko Arau Estandarraren (Nelson Mandela arauak) 24. araua eta Espainiako kode penalaren 80.4 artikulua. Legea aplikatuko balitz biak kalean beharko lukete, baina tamalez ez Espainiak ez eta Frantziak ere ez dituzte beraien legedi propioak errespetatzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!