Koronabirusa dela eta orain arte itxita egon dira Biteriko gela gehienak, eta zerbitzuak ere ezin izan dira eman. Hala ere, gaurtik aurrera ikasgela, erakusketa gela eta liburutegia zabalik egongo dira. Liburutegia orain arte mailegurako bakarrik zegoen zabalik, baina gaurtik kontsultarako eta irakurtzeko aukera ere izango da. Erakusketa gelari dagokionez, Nagore Legarreta argazkilariaren Suzko irudiak erakusketa egongo da ikusgai, uztailaren 17ra arte.
Bestalde, irekiko diren areto guztietan aforoa murriztua izango dela adierazi du Udalak. Beharrezkoa izango da «kultur etxeak ezarritako babes eta segurtasun neurriak errespetatzea». Horregatik, maskarilarrekin egin beharko dira sartu irtenak. Gainera, erabiltzaile guztiei tenperatura hartuko zaie sarreran, eta distantzia mantendu beharko da.
Gainontzeko leku itxietan egiten den moduan, Biteriko gela hauetara sartzeko ere gel hidroalkoholikoa egongo da, «higienea zaindu» behar delako.
Udako ordutegia jarriko da martxan, gaurtik
Hiru gelen irekierarekin batera, udako ordutegia hasiko du kultur etxeak. Gaurtik aurrera 09:00etatik 14:00etara bitartean egongo da zabalik, eta uztaila eta abuztuan itxita egongo da arratsaldetan.