Bitartean folk taldearen kontzertua gaur, kiroldegian

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 25a, 00:00
Bertso saio bikaina eskaini zuten bertsolariek atsegindegin.

'Kulturaz gozatu, elkar zaindu' da aurtengo San Joan egunetarako kultur lema. Horregatik, gaur 20:00etan Bitartean folk taldearen txanda helduko da, kiroldegian.

San Joan jaiak ez dira ohi den moduan ospatzen ari, baina prestatu diren ekitaldiek aspertzeko unerik ez die eman hernaniarrei. Atzo goizean goiz hasi zen Diana herrian, kaleak eta auzoak esnatzen. Gero, Txistulari Banda eta Musika Bandak hartu zien testigua, eta goiz osoan zehar aritu ziren kaleei doinua jartzen.
Arratsaldean, eguneko ekitaldi potoloak izan ziren. Hernaniko Bertso Eskolak antolatuta, bertso jaialdia izan zen Atsegindegin. Gero, musikarien txanda heldu zen eta Kilimak talde hernaniarra oholtza gainera igo zen, kiroldegiko pistan. Eguna amaitzeko, Xabi Solano eta Aukeran dantza taldearekin gozatzeko aukera izan zuten, bertaratu zirenek.
Bere aldetik, Kontrakantxak ekaineko egitarau kulturala antolatu da. Atzo mus txapelketa ospatu zen, eta bihar poesia errezitaldia izango da: Madarikatuon biltzarra. Hala ere, adierazi dute segurtasun eta osasun irizpideak betetzeko, %50eko aforoa izango dela ekitaldi guztietan.

Euskal Herritik Argentinara, gaur iluntzeko kontzertuan
Gaur iluntzean, Euskal Herriko eta Argentinako doinu eta erritmoak uztartzen dituen disko berria aurkeztuko du Bitartean talde hernaniarrak. Kulturaz gozatu, elkar zaindu ekimenaren barruan. Kreole diska berriaren aurkezpen-kontzertua izango da, arratsaldeko 20:00etan kiroldegiko pistan.
Lau taldekide dira, folk banda osatzen dutenak, eta hainbat instrumentu fusionatzen dituzte emanaldian: Haritz Ezeiza, txistua eta albokarekin; Ixiar Jauregi, perkusioa eta ahotsa; Sebi Ustarroz, gitarra eta ahotsa, eta Garazi Navas, akordeoiarekin. Gogotsu daude,- gaueko emanaldirako: «Jotzeko itzelezko gogoak ditugu... Zuen zain egongo gara!», beraien sare sozialetan.
Gero, Iñaki Salvador, Garbiñe Insausti eta Nahia Valleren kontzertua zegoen programatuta egitarauan. Hala ere, «arrazoi pertsonalak» direla medio, bertan behera utzi behar izan dute, gaurko zuten zita.

Aurretik izena eman behar da, joateko
«Aforoa mugatua denez», antolatu diren ekitaldi guztietarako aldez aurretik izena eman behar dela adierazi du Udalak. Gainera, emanaldi guztiak aulkietan eserita izango dira, eta «eserlekuen artean distantziamantenduko da». Pilaketak saihesteko sarrerak eta irteerak ere kontrolatu egingo dira, eta Udalak emandako argibideei kasu egiteko eskatu du. Eta azkenik, kiroldegiko pistara sartzeko beharrezkoa izango da gel desinfektantea erabiltzea, «segurtasuna bermatzeko».
Bestalde, emanaldi guztietarako zozketa bidez banatu dira sarrerak. Horregatik, ezinezkoa izango da emanaldietara bertaratzea aldez aurretik izena eman ez bada.

EGITARAUA
GAUR
20:00: Bitartean musika taldearen kontzertua, kiroldegiko pistan.

*Papereko Kronikan, 'Munduko musikak' emanaldia iragarri da eguerdian, Atsegindegin. Egitarauaren aurreneko zirriborroan aurreikusi zen emanaldi hori, baina azkenean ez da egingo; behin betiko egitarauan ere ez zuten jaso.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!