Gari Arruarte gerturatuko dute

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 24a, 00:00

2012. urtean gaitz larri bat diagnostikatu zien euskal preso hernaniarrari, eta 8 urte beranduago Almeriako espetxetik Soriakora hurbiltzea lortu dute.

Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak jakinarazi du Gari Arruarte hernaniarra Almeriako espetxetik Soriakora trasladatuko dutela, Euskal Herritik hurbilago. Gorka Lupiañez euskal presoa ere Salamancatik Logroñora hurbilduko dute.

Gorka Loran hernaniarrarekin batera atxilotu zuten Arruarte, eta jada hamasei urte baino gehiago daramazki kartzelean. Egun gaixotasun larriak dituzten presoen zerrendan dago, 2012an 'espondilitis ankilopoietikoa' diagnostikatu ziotelako. Gaitz larria duelako aske uzteko eskaera egin zuen Arruartek epaitegi espainiarrei, baina  orain arte ez du erantzunik jaso. Azkenean, Soriako kartzelera gerturatzea akordatu dute.

Guztiagatik, ostiralean Plaza Berritik hasita giza-kate mugikorra antolatu dute, 20:00etan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!