San Joanak

San Joanetako egunei doinua jartzen jarraitzeko, bertso jaialdia, Kilimak taldea eta Xabi Solano

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 24a, 00:00

Txistulari Banda eta Musika Banda herriko auzo eta kaleetan ibili ziren atzo, goizean eta arratsaldean.

Goizean txistulariak eta arratsaldean, bertso jaialdia izango da 18:30etan, Atsegindegin. Gero, bi kontzertu izango dira kiroldegiko pistan, 20:00etatik aurrera: Kilimak eta Xabi Solano. 

Aurtengo San Joanetako egunak gazi-gozoak ari dira izaten,  hernaniar guztientzat. Izan ere, ez dira ohiko moduan ospatu, baina jaiak kulturaz eta giro onean gozatzeko aukera ezinhobea eskaini du Udalak, Jai Batzordearekin batera.  Elkarlanean aritu dira herriko kultur eragileak  eta kultur arduradunak, eta egitarau berezia prestatu dute, datozen egunetarako.

Atzoko egunean Xabier Lertxundi alkateak herritar guztiak agurtu zituen, streaming bidez. Omenezko suziriak ere izan ziren, egitarauari hasiera emateko. Eta urtero lez, Txistulari Bandak, Musika Bandak eta Musika Eskolako taldeek kaleak alaitu zituzten, goizean eta arratsaldean.

Bertso jaialdia, Kilimak eta Xabi Solano, arratsaldean

«Gure herrian merezi duen lekua» eman nahi izan diote antolatzaileek kulturari, eta goizetik hasita egongo dira ekitaldi eta ospakizunak. 09:00etako Dianan hasiko dira txistulariak eta Musika Banda auzoak esnatzen.

Arratsaldean ez da aspertzeko unerik izango, 18:30etan bertsolarien txanda izango baita, Atsegindegin. Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi izango dira bertsotan, eta Eli Pagola gai jartzaile lanetan izango da.

Gero, Kilimak taldeak hartuko die lekukoa bertsolariei, 20:00etan. Rumba flamenkoa eta swing doinuak gozatu ahal izango dira, kiroldegiko pistan.   Gainera, talde hernaniarrak bihar du 29. Gaztea Maketa Lehiaketako finala, Victoria Eugenia antzokian. Gaztea irratiak 30 urte bete ditu aurten, eta antolatu duten lehiaketan 100 taldek baino gehiagok hartu dute parte. Guztien artean onenetarikoak izan dira Kilimak taldekoak, eta bihar «Euskal Herriko musikari edo bakarlari onena» bihurtzeko aukera izango dute.

Gaurko bigarren kontzertua, 21:15etan hasiko da. Xabi Solano Maizak izango da tabladuan, Aukeran dantza konpainiako dantzariek lagunduta.

Azkenik, biharko plangintzan ere musikak bere lekua izango du. Kasu honetan, 20:00etan hasiko da kiroldegiko pistan Bitartean Folk taldearen Kreole CD berriaren aurkezpen-kontzertua. Bertan behera gelditu da, ordea, Iñaki Salvador, Garbiñe Insausti eta Nahia Valleren kontzertua. 

Jende pilaketak ez egoteko kontrola zorroztu du Udalak

Udalak jakinarazi du antolatutako ekitaldi guztiak mugatuak izango direla eta horregatik, sarrerak aldez aurretik eskuratu behar izan dira, emanaldietara joateko. 

Horretarako, alkateak eta Merkataritza arloko zinegotziak herriko ostalariekin bilera egin dute, «ardura hori konpartitzeko». Adierazi dute tabernetako ordezkariek «konpromisoa» hartu dutela aforoa kontrolatzeko eta segurtasun neurriak betetzeko. Udalak, bere aldetik, jakinarazi du Udaltzaingoaren presentzia eta kontrola indartuko duela kalean. 

Azkenik, Udalak eskaera egin die beste urteetan kanpotik  herriko jaiak erakarrita etortzen direnei: «mesedez, haien herrietan gelditu daitezen, Hernanira ez daitezela etorri». 


EGITARAUA
GAUR

09:00 Diana kaleetan eta auzoetan.
12:00 Musika Banda eta Txistularien Banda kaleetan eta auzoetan.
18:30 Bertso jaialdia, Atsegindegin.
20:00 Xabi Solano, kiroldegiko pistan.
21:15 Kilimak taldea, kiroldegiko pistan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!