Urte bat eta egun batzuk igaro dira Xabier Lertxundi Hernaniko alkatetzara iritsi zela, baina San Joan festarik ez dela egongo iragartzen duen lehedabiziko alkatea izan da zoritxarrez. Inork ez du egin nahi horrelako iragarpenik; hala ere, Lertxundik argi izan du erabaki zuzenena eta arduratsuena dela San Joanak bertan behera uztea.
«Ez dago San Joanik». Hori da argi utzi nahi dutena Udaletik. «Ez dago San Joanetako programarik», nahiz eta ekitaldi kultural solte batzuk egongo diren. Udalak eta Jai Batzordeak erabaki zuten martxan jartzea, «ikusi delako kulturaren behar bat dugula herritarrek, horrenbeste aste programazio kulturalik eduki gabe egon ondoren. Oso kaltetua izan den sektorea bultzatzeko modu bat da», dio alkateak.
«Egun horiek 'normalak' izatea nahi dugu»
Hala ere, mezua argia da Xabier Lertxundiren aldetik. «Aurten San Joanetaz ahaztu egin behar dugu. Hori da argi eduki behar dugun mezua, eta helarazi nahi duguna». Mezu hori, gainera, ez da bakarrik hernaniarrei zuzendua. «Kanpotik etortzen direnei ere esan behar diegu ez dagoela San Joanik, eta ez etortzeko. Egun horiek normalak izango dira, edo izatea nahi dugu Hernanin».
Kontsulta eginda, Hernaniko artxibategian begiratu du Txuso Gomez arduradunak, eta historiaren pasarte batzuk argitu ditu San Joanen inguruan: «1939garren urteaz geroztik, San Joanak ez dira inoiz bertan behera geratu. 1936ko Gerraren testuinguruan, 1937an eta 1938an ez ziren egin (1936koak bai, gerra uztailaren 18an hasi baitzen, eta 1939ko apirilaren 1ean bukatu). Beraz, 1939garren urtetik beti izan dira, nahiz eta 1939, 1940 eta hurrengoak halamoduzkoak izan».
Gomezen esanetan, «egia da 1969an, eta batez ere 1973an, gatazka politikoa zela eta, dena prest zegoenean, garaiko Jai Batzordean mahai gainean jarri zela bertan behara uztea, baina azkenean egin ziren». Hori bai, ez zen giro oso «sanorik» izan: «ekitaldi batzuen kontrako boikotak, txarangaren bat edo beste ez zen atera... Baina bai, San Joanak izan ziren».
Oraingo honetan, alkateak dioen bezala, «inoiz pentsatzen ez genuena» gertatu da COVID-19ak sortutako osasun krisiaren ondorioz. Pandemiak gogor jo du, eta festetan ere horrek eragin zuzena izan du.
«Orain arte jendeak jokatu duen bezala, arduraz jokatzea eskatzen dugu»
Antolatu diren ekitaldi kultural horien jarraipena, beste ikuskizun batzuekin, udaran antolatuko da. Lertxundik jendeari arduraz jokatzea eskatzen dio. «Orain arte jendeak jokatu duen bezala jarraitzea eskatzen dugu, arduraz. Hori da garrantzitsuena».
1969an, eta batez ere 1973an, gatazka politikoa zela eta ez zen giro «sanurik» izan, baina bai festak
Alkateak dioen bezala, «pena ikaragarriarekin», baina hartu beharreko neurria izan da. «Zein egoeratan gauden kontuan hartu behar da». Festak garrantzitsuak dira herri batentzako? galdetzen du Lertxundik, eta berak erantzun. «Bai, inportanteak dira, eta jendea ospatzeko gogoarekin egoten da, urte osoan zehar zain, gero disfrutatzeko. Herria ere erabat aldatzen da, eta giro animikoa aldatu egiten da. Baina orain beste ardura bat daukagu, osasuna bermatzearena, eta ezin dugu arriskatu».
Beste urte batzuk eta San Joan festak berriz ere etorriko direla aipatzen du, San Joanez «asko» disfrutatzen duen Lertxundik. «Alertak uzten baldin badu, aurrerago badaude beste festa batzuk urtean zehar. Euskal jaiak etorriko dira eta beste jai batzuk, egoerak uzten badigu disfrutatuko ditugunak».
«Sua ere ez da egingo; zerbait egiteak jendea erakarriko du, eta gure helburua da jende pilaketarik ez egotea»
Inongo zalantzarik gabe hartutako erabakia da bertan behera uztearena. «Gauza batzuk bai eta beste batzuk ez, hori ezin da. San Joan festak bertan behera geratu dira». Eta San Joan sua ere ez egitearen inguruko erabakiarekin lotzen du alkateak. «Sua ere programazio ofizialean 1939 edo 1941etik aurrera hasi zen sartzen. Urtero egin da eta aurtengoa izango da lehenengo aldia egingo ez dena, ordutik. Modu sinbolikoan leku batzuetan egitea erabaki dute, baina hemen ez. Zerbait egiteak jendea erakarriko du eta beraz, ez dugu programatu. Gure helburua da jende pilaketarik ez egotea».
Hala ere, herriko koadrila zenbaitek hartu dituzte lekuak jatetxe eta elkarteetan, koadrilen egunean bazkariak egiteko. Udala horren jakitun da, festarako gogoa dagoela, eta ardura pixka bat sortzen die. «Aste asko egon gara etxean sartuta, giza harreman gutxirekin. Udara hasiera da eta San Joan garaia. Konturatu gara hasieran, konfinamenduan geunden bitartean, jendeak oso argi zuela San Joanak bertan behera utzi behar zirela, baina deskonfinamenduan dauzkagun datuekin ematen du erlaxatzen ari garela».
«Kezka sortzen digu, jendeak pentsatzea normaltasunean gaudela dagoeneko»
Inkonszienteki, jendeari normaltasunean bizi gaitezkeenaren sentsazioa sortzen zaio, Lertxundiren ustetan. «Horrek kezka sortzen digu. Horregatik erabaki dugu San Joanak bertan behera uztea. Horregatik eskatzen diogu jendeari arduraz jokatzea. Herritarrek gogoa daukate eta ulertzen dugu, baina ez gaude normaltasun batean bizitzeko egoera batean».
Tabernek ez dituzte ordutegi bereziak izango. «Udarako ordutegi normala izango dute. Egia da udaran, neguan baino ordutegi luzeagoa izaten dutela. Horiek, Jaurlaritzak jartzen dituen ordutegiak dira, ez daude Udalen esku. Tabernariekin bilera bat egin berri dugu, eta adierazi zaie San Joanik ez dagoela, ez dagoela festarik, eta beraz ordutegi berezirik ez dago».
Tabernariek asteburuetan ordutegi bat izaten dute eta aste egunetan eta festa egunetan luzeagoa, «beste herrietan bezala, udarako beste momentu bateko berdina izango dute».
«Pena haundiarekin, baina hartu beharreko erabakia» dela argi du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak
Kaxkoko bizilagun batzuen kexak iritxi dira azken egunetan komunikabideetara eta horren inguruan Lertxundi alkatearen esanetan (pasa den asteko asteazkenean egin zen elkarrizketa) horren ezagutzarik ez du. «Argazkiren bat ikusi dut, baina ezin dut ezer esan. Argazki horretan ikusten da jende pilaketa bat dagoela, baina ez dakit zergatik den. Ez dakit arauak bete diren edo ez, hori tabernariekin egingo dudan bileran hitz egin behar dut. Horrelako pilaketak leku desberdinetan gerta daitezke eta saihestu egin behar dira».
Diru sarreretan ere eragina izango du Koronabirusak, 6 milioiko inpaktua 2020ko aurrekontuan
Koronabirusaren krisiak ez du bakarrik eragin festetan. Diru sarreretan ere suposatuko du murrizketa. Zaharren egoitzan jarri ditu indarrak Udalak, lehentasuna egoiliarrak ongi egotea izan baita. «Behar zen guztia egin da eta hori kudeaketa publikoak bermatzen du. Zehazki datuak ez dakizkit, baina ekainera arte 300.000 bat mila euroko igoera egon da pertsonaleko gastuan bakarrik. Argi genuen lehentasuna zein zen, bertakoak babestu eta ongi egotea».
Maiatzean jakin zen Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalen finantziazioan erabiltzen duen diru funtsa murriztuko duela 107 milio eurotan. Erabaki horren aurrean Lertxundiren kritika formen inguruan da. «Komunikabideen bitartez jakin dugu». Udalak ulertzen du krisi baten aurrean dagoela gizartea eta erakunde publikoak diru gutxiago izango dutela kudeatzeko. Horregatik Aldundiari kritika formetan egin da. «Ofizialki oraindik ez dakigu zenbat gutxiago izango dugun».
Diru sarreren parte garrantzitsuenetakoa izaten da eta «3,5 milioi euro gutxiago izango dituela Hernaniko Udalak, 2020an, kalkulatu dugu. Honi gehitu behar zaizkio eman ez diren zerbitzuak herritarrei ez zaizkiela kobratu, gehi gastu extrak eta egin diren inbertsio desberdinak merkataritza indartzeko... honek denak suposatuko du aurten 6 milioiko inpaktu bat 2020ko aurrekontuan».
«Jaiak garrantzitsuak dira, baina orain osasuna bermatu behar da eta hori inportanteagoa da»
Udalaren ekonomia oso saneatua dago Lertxundiren hitzetan «gestio on bat egin delako urteetan eta horri erantzun ahal izan diogu». Hala ere, inpaktua ez da bakarrik 2020an izango. «2021ean ere badakigu murrizketak etorriko direla Aldunditik krisi egoeran gaudelako. Lehentasunak aldatzea suposatzen du, aurrekontuak errebisatzea, egoera berrira egokitu eta behar berriei nolabait ere erantzun ona ematea».
Aldaketa guzti hauek; alkate izatera iristea orain urte bete, eta krisi hau kudeatu beharrak ez dute aldatu alkate hernaniarra. «Berdina izaten jarraitzen dut. Nabaritzen dudana da jendea gehiago hurbiltzen dela eta ardura gehiago duela. Alkateak herritarrengandik gertu gaude, agian ez beste mailako politikarien kasuan, baina bai gure herrietako politikan», nabarmendu du Lertxundik.
«Oso pozik gaude, krisian, zaharren egoitzan egin den kudeaketarekin»
Xabier Lertxundi alkateak azpimarratzen du ez dela positiborik egon eta «langileen esfortzua goraipatu nahi dut, beraiei esker izan da».
Koronabirusak kalte ikaragarriak sortu ditu Munduan zehar eta zaharren egoitzak izan dira kaltetuenetakoak, kaltetuenak ez esatearren. Hernaniko zaharren egoitza salbuespenetako bat izan da. Ez da kasu positiborik egon bertan, ez eta hildakorik. Horretan, Udalak egin duen kudeaketa ezinbestekoa izan da Xabier Lertxundiren esanetan. «Aurretik hartu ziren erabakiak erabateko eragina izan dute. Langile guztiak egin duten esfortzuaren emaitza da. Argi dago».
Sintomak agertzean isolatu egiten zen egoiliarra. «Zaharren egoitza batean arnas arazoak edo sukarra agertzea normala da eta hori gertatzen zenean prekauzio neurri guztiak hartzen ziren».
«Kudeaketa publikoak baliabide gehiago izan ditu birusari aurre egiteko»
Arriskua birusa kanpotik sartzearena da eta hor «oso zorrotzak izan gara hartutako neurriekin eta zorrotz bete dituzte langileek. Beraiei eskerrak eman behar zaizkie. Oso pozik gaude gainera ikusita beste herri batzuetan zer gertatu den eta zer egoera latzak bizi diren».
Hernaniko zaharren egoitza Udal Patronatuak kudeatzen du eta horren garrantzia ere aipatzen du. «Baliabide gehiago izan ditugu. Oso azkar etorri den birusa izan da eta erabakiak ere azkar hartu behar ziren. Materiala ere eskasa edo urria izan da. Udal guztiak egin duen esfortzua izan da sail guztiak elkarlanean jarri materiala biltzeko eta zaharren egoitzara bideratzea. Gurean moldatu gara denen kolaborazioarekin. Beste erakundeetatik materiala oso eskas etorri da».