San Joan festak bertan behera geratu dira aurten, baina kulturak izango du merezi duen tartea Hernanin Kulturaz gozatu, elkar zainduz egitasmoarekin. Honela, herriko kultur eragileek eta kultur arduradunek elkarlanean egitarau bat prestatu dute.
Bihar, alkatearen agurra, eta gero omenezko suziriak botako dira auzoetan eta txistulariak, musika banda eta musika eskolako kideak alaituko dituzte auzoak.
Arratsaldean, 17:00etan eta 19:30etan, familientzako bi musika emanaldi eskainiko dira kiroldegiko pistan Epa Txiki izenburupean eta Demode Quartet taldearekin. Amaitzeko 20:00etan musika banda eta txistulari banda ibiliko dira auzoetan barrena. Etzi, Atsegindegin ariko dira bertsotan Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi. 18:30etan hasiko da saioa. 20:00etan musikaren txanda izango da. Kilimak talde hernaniarrak eta Xabi Solano musikariak kiroldegiko pistan kontzertua eskainiko dute.
Ostegunean kontzertua egongo da, 20:00etan, eta leku berean, baina kasu honetan Bitartean eta Iñaki Salvador, Garbiñe Insausti eta Nahia Vallerekin batera ariko dira.