Kontrakantxan ere San Joanak ospatu behar ziren egunetan ekitaldi kulturalak antolatu dituzte bihar hasi eta ostiralera arte. Bihar, San Joan egun bezperan, bertso afaria dago iragarrita Aitor Bizkarra eta Andoni Rekondorekin.
12 euro kostatzen da afaria eta aukera beganoa ere badago. Bertan afaltzeko izena eman behar da eta azken eguna gaur da 17:00etatik 18:00etara gaztetxean.
San Joan egunerako, hau da etzirako, mus txapelketa antolatuko dute Kontrakantxan. Izenematea egunean bertan, 17:00etatik 17:30etara eman beharko da. Guztira 16 bikote egongo dira eta bikoteko 5 euro ordaindu beharko da. Lehenengo saria: ardo botila, bi kamixeta, Otsahien garagardoa eta gazta izango dira. Bigarren saria: Otsahien garagardoa eta bi kamixeta izango dira.
Ekainaren 25erako ez dago ekitaldirik antolatuta, baina ekainaren 26an, ostiralean, poesia errezitaldia egongo da, 22:00etan hasita. Madarikatuon biltzarra du izena.
Kontrakantxa gaztetxetik mezu argia helarazi nahi dute segurtasun neurriei buruz. Osasun eta segurtasun irizpideak beteko dira. %50eko aforoa izango da ekitaldi guztietan eta ordutegiak errespetatuko dira.
Karl Marx-en 'Kapitala'ren lehen liburuaren lanketarako irakurketa taldea
Bestetik, Kontrakantxatik adierazi dute, datozen asteetan Karl Marx alemaniar filosofo, politika eta ekonomiaren pentsalaria eta komunismoaren aitzindariaren Kapitalaren lehen liburuaren lanketa kolektiborako irakurketa taldea antolatuko dutela. Horretarako, Euskal Herriko militante sozialista ezberdinek eskainitako baliabideei jarraituko diete.
Irakurketa taldean parte hartu nahi duenak Kontrakantxa bertan jarri behar du kontaktuan.
Urtarrilera arte iraungo du eta helburua «kapitalismoaren kritikarako bitarteko teorikoak eskaintzea da, lanabes teorikoa izango da dinamika», eta lehentasunezkoa den beste zeregin bat «idazki marxistak euskeratzea» izango da