Aratz ikastetxea

Inmakulada ikastetxeak izena aldatu du oporretara joan aurretik eta orain Aratz ikastetxea du deitura

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 22a, 00:00
Lagunak ikusteko gogoekin patioan eseri ziren Aratzeko ikasleak.

Ostiralean agurtu zuten ikasturtea, elkarrekin, eskolako patioan segurtasun neurriak bermatuz. «Konfinamendua eta gero elkar ikusteko eta ongi pasatzeko aukera izan zuten ikasleek», adierazi du Eli Sanguino ikasketa buruak. 

Orain arte Inmakulada izenez ezagutu den ikastetxea Aratz izatera pasa da aurtengo ikasturtea amaierara iritxi den honetan. Eli Sanguino ikastetxeko ikasketa buruak adierazi duen bezala «aldaketa hau gure aldaketa prozesuan eman dugun azken pausua da» eta orain horrela ezagutuko da herrian, Aratz deiturarekin. 
Ikastetxe guztientzat urte arraroa, desberdina eta inoiz ezagutu gabea izan da aurtengoa, baina amaierara iritxi da. Aratz ikastetxearentzat azken eguna pasa den ostiralekoa izan zen eta bertan bildu ziren ikasleak, lehenengo aldiz martxoaren bigarren astetik. 
 Eskolako azken egun horretan, goizeko 08:30etatik 12:45etara bitartean, talde desberdinak pasa ziren patiotik. «Konfinamendu luze hau pasa gero ikasleek elkar ikusteko eta ongi agurtzeko aukera izan behar zutela uste genuen, gure eskolan arlo akademikoa ez ezik arlo emozionala ere asko lantzen baitugu» dio Eli Sanguinok.
Segurtasun neurri guztiak bermatuz –txandakako sarrera irteerak 15 minuturo, ahokoak, tenperatura hartzea, hidrogelaren bidezko esku garbiketak, segurtasun distantzia...–, ikasleek beraien lagunak eta irakasleak behar bezala agurtzeko aukera izan zuten.
Horretarako, gela bakoitza patioko leku jakin batean, leku irekian, bildu zen 45 minututan elkar ikusteko, segurtasun neurri ofizialak betez. Gainera eguraldiak lagundu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!