Hernaniko Udalak plangintza berezi bat prestatu du datozen egunotan pilaketak saihesteko helburuz. Horrela, herriko alkateak eta Merkataritza arloko zinegotziak herriko ostalariekin bilera bat egin zuten ostiralean -25 bat ostalarik parte hartu zuten- ardura hori konpartitzeko.
Tabernetako ordezkariek konpromisoa hartu dute aforoa kontrolatzeko eta segurtasun neurriak errespetarazteko. Udalak, bere aldetik, indartuko du Udaltzaingoaren presentzia eta kontrola kalean.
«Ez dago jairik eta ez etorri Hernanira jiaka ospatzera»
Horretaz gain, Udalak gogorarazi nahi du ez dagoela jairik. Beraz, eskaera bat egin nahi die beste urteetan kanpotik herriko jaiak erakarrita etortzen den jendeari: mesedez, haien herrietan gelditu daitezen, Hernanira ez daitezela etorri. Halaber, kalean ezin dela edan gogorarazi nahi du Udalak eta, beraz, kedadak eta botiloiak zorrotz kontrolatuko direla jakinarazi du.
Eusko Jaurlaritzak alarma egoeraren amaiera dekretatu berri duela kontuan hartuta, udal zerbitzuak apurka-apurka bere onera itzultzen hasi dira, saltokiek eta ostalaritza establezimenduek ere irizpide laxagoak dituzte jarduteko eta herritarrak kalera irteten hasi dira, lehengo bizimodua berreskuratu nahian.
Horretaz gain, udaren atarian gaude, eskola oporrak ere hasi dira eta, sanjoanak bertan behera uztea erabaki zen arren, urtero jaiak ospatu izan diren egunak gerturatzen ari dira. Horrek eta pandemiaren inguruan azken aldian jasotzen ari garen mezu baikorrek COVID-19ak kutsatzeko arrisku pertzepzioaren arintzea ekar dezake eta, ondorioz, kalean jende pilaketak egotea aurreikustekoa da. Hori ez gertatzea herritar guztion ardura da.