PSE-EE

«Azken urte hauetan pasibotasun etsigarria erakutsi du Gobernuak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 21a, 00:00

PSE-EEk gauetan Kaxkoan gertatzen diren gizalegearen aurkako jarreren aurrean jardutea eskatzen dio EH Bilduren Udal Gobernuari.

Ricardo Crespo udal talde sozialistaren bozeramailea kezkatuta agertu da, «Kaxkoko bizilagunak jasaten ari diren eragozpenengatik. Hernaniko inguru horretan bizi direnen atsedena errespetatzen ez duen eta kalean edaten duen taldeak egoten dira. Hauek, eztabaidak, borrokak, erasoak eta gizalegearen aurkako jokabideak eragiten dituzte, hala nola, material publiko eta pribatuaren txikizioa».
Ohar baten bidez azaldu duenez, COVID-19ren pandemiagatik «alarma egoeraren amaieran gaudenez, ostalaritzako lokalek mugatuta ireki ditzakete ateak, eta horrek kalean edariak hartzea errazten du, asteburuetan gizalegearen aurkako portaerekin». Ostalarien eskubidea eta gaueko aisialdia uztartzea «zaila» dela onartu du Crespok. Are gehiago, ohartarazi du «inoiz» ez dela «batzuen eta besteen arteko» egoera bihurtu behar, baina esan du Udaletik neurriak hartu behar direla hori kontrolatzeko eta berragerraldien arriskua saihesteko.

Txotx mahaia birbideratu behar dela dio PSE-EEk
Crespo kexu agertu da EH Bilduren Udal Gobernuak «urte hauetan erakutsi duen pasibotasuna etsigarria» dela. «Txotxen denboraldiak eragindako eragozpenen aurrean, ez zuten behar bezain sendo jokatu, eta orain normaltasun berriaren aurrean ere ez, nahiz eta egoera larriagotu daitekeen; izan ere, portaera-arazo horrekin batera, urruntze soziala eta koronabirusaren aurkako babes-neurriak ez dira betetzen ari. Pentsatu al du inork honen guztiaren ondorio sanitarioetan?»
«Aginte faltagatik eta gehiegizko permisibitateagatik dugun kezka adierazi besterik ezin dugu egin», dio jarraian Hernaniko PSE-EEk, eta txotx mahaia birbideratu behar dela esan du, «Baliaezina dela erakutsi du, eta kanpoko aholkularitza-zerbitzu bat kontratatu behar da Tolosan iñauteriekin egin den bezala konponbideak proposatzeko, inplikatutako agente guztien parte-hartzea eskatuz eta neurri horien bideragarritasuna bilatuz».
Era berean, Udaltzaingoaren lana indartzearen aldekoa da, giza baliabideak eta baliabide materialak emanez, beren lana modu «eraginkorrean» egin dezaten, eta horrek Ertzaintzarekin elkarlanean aritzea eta elkarri laguntzea eskatzen du, bide publikoan zein gaueko lokaletan kontrolak indartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!