Boleibolean aritzeko, izenematea zabalik

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 20a, 00:00

Datorren denboraldian Hernaniko taldean aritzeko izenematea zabaldu dute, eta egin daiteke telefonoz edo WhatsAppez.

Denboraldia «inork espero ez genuen moduan» bukatu ondoren, datorren denboraldira begira jarri da Hernani Kirol Elkarteko boleibol atala, dagoeneko. Hori horrela, dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea, taldearekin aritzeko. Horretarako, telefono zenbakia eman dute, deitu edo WhatsApp bidez idatzi ahal izateko: 656 731 929. «Aurten sei talde izan ditugu, txapelketa ezberdinetan; eta datorren denboraldian zortzi talde osatzea da helburua», aurreratu dute. «Beti bezala, neskek izango dute pisu gehien, eta sei talde izatea espero dugu: bi infantiletan, bi kadeteetan, eta jubenil eta seniorretan bana». Mutilen kasuan, berriz, senior mailako taldea izango du Hernanik datorren denboraldian ere, eta infantil edo kadete mailako talde bat ere osatu nahi dute: «biak lortzen baditugu hobeto, kontuan hartuta epe ertainera parekotasuna lortu nahi dugula, neska eta mutilen taldeen artean». Onartu dute, egungo egoeran «dena goitik behera» erori zaiela, baina ekintza ezberdinak bideratuko dituztela, boleibola sustatzen jarraitzeko. Kartelak ere jarriko dituzte kalean, neskamutilak probatzera animatzeko: «aurreneko helburua beti izango da talde giroan gozatu eta harremanak sortzeko aukera izatea; eta ondoren emaitzak eta lorpenak suertatzen badira, primeran», nabarmendu dute taldeko arduradunek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!