Euskaraldia

Talde eta elkarteei zuzendutako Euskaraldia azaroaren bukaeran hasiko da

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 20a, 00:00

Leire Otxotorenarekin hitz egin dugu, Dobera Euskara Elkarteko kide eta Euskaraldiko arduradunarekin.

Euskaraldia ariketa sozialaren bigarren edizioa azaro amaieran hasiko den arren, «martxan gaude jada», zehaztu du Leire Otxotorenak. Helburua hizkuntza-ohiturak aldatzea da, eta 16 urtetik gorako pertsonez osatutako taldeei bideratuta dago.

Hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskeraren erabilera haunditzea da apustu sozial honen helburu nagusia, eta gero, egindakoari jarraipena ematea oso garrantzitsua dela adierazi dute. Aurtengo erronka azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte egingo da, eta  gogoratu dute ariketa 16 urtetik gorakoentzat dagoela zuzenduta, «helduek egin behar duten zerbait da». Bestalde, Hernanin ez ezik, Astigarragan ere antolatu dira eragileak Euskaraldia aurrera eraman ahal izateko, eta herriko Udalen babesa eta onespena hasieratik izan dute. 

Aurten taldeentzat arigune izeneko figura sortu da. «Ariguneak dira euskeraz lasai hitz egiteko guneak», zehaztu du Otxotorenak. «Taldeei eskatuko diegu beren baitan identifikatzeko ariguneak zeintzuk diren, eta gero martxan jartzeko». Gainera, gehitu du, «ariguneak izateko ezinbestekoa da taldeko guztiek euskaraz ulertzea» eta gero, «norbanako bakoitzak erabakiko du talde bakoitzean ze rol hartuko duen».

Ikastaro eta hitzaldiak, motorrak berotzeko

Koronabirusak bete-betean ha­rra­patu ditu antolatzaileak aur­ten­go ekimenetarako presta­kun­tzan, baina gogotsu ekin diote antolakuntza berriari. Izan ere, pandemia dela eta apirileko zen­bait saio bertan behera gelditu ziren; besteen artean, Kike Amonarrizen hitzaldia, esaterako. «Aldez aurretik prestatutakoak Internetetik egiteko asmoa genuen, baina hau ere baztertu egin dugu. Saturazioa dago online kontuetan, eta ekimenak modu presentzialean egitearen aldeko apustua egin dugu».

Hala ere, «irailean ikastaro eta hitzaldiren bat egitea aurreikusita dugu». Izan ere, «kultur ekitaldiak egiteko asmoa hilabete hauetan zen, baina pandemiagatik ezinezkoa izan da». Zehazki, hitzaldi eta ikastaro bat daude antolatuta, oraingoz. Batetik, Gemma Anginesen hitzaldia, Telp (Taller D'espai Lingüistic Personal) ikastaroak sortu zituenarena. Azaldu du Otxotorenak tailer hauek «euskaldunak ahalduntzea» dutela helburu. 
Hain zuzen, hizkuntza-gatazkak gertatzen diren egoeretan edota «eguneroko hizkuntza-gatazken aurrean baliagarriak izan daitezkeen tresnak eskaintzen dizkio hizkuntza gutxituko hiztunari». Otxotorenak adierazi du «gure prestakuntzak bere lanean oinarrituta» daudela, eta horregatik, berezia zein interesgarria izango da bilbotarraren agerraldia.

Bestetik, Joxerra Garzia euskal idazle, kazetari eta EHUko irakasleak «hizkuntza zorrozteko» ikastaroa eskainiko du. «Hizkuntza baliabide informala lantzeko ikastaroa izango da, lau eguenekoa». Urrian izango dira lau saioak, eta zehaztu dute, ikastaro honetarako izena eman beharko dela. Gainera, ekimena martxan dagoela jakinarazteko, «San Juanetan ere agerian izaten saiatuko gara», azaldu dute. 

Taldeek izena emateko azken eguna, irailaren 27a


Ekimenean parte hartzeko epea iraila amaieran bukatuko da. Bestalde, oraindik zehaztu gabe dago txaparen banaketa nola egingo den, baina antolatzaileek azaldu dute honen berri ere emango dutela, ahal bezain pronto. 

Otxotorenak azaldu du aurtengo erronka hamabost egunekoa izango dela, «baina horren ostean ere zenbait taldeei jarraipena egin nahi diegu». Gainera, adierazi du «Epe luzerako ere mikro-planak” egin nahi dituztela, eta hori dela haien erronka. Izan ere, “talde horiek martxan jarriz gero, besteak agian ere animatuko dira», azaldu dute. «Eragile lanak eginez gero, jarraipena izateko aukera dago, eta hori da garrantzitsuena». 

Esan bezala, talde eta elkarteei zuzendutako ekimena da, «denak elkarrekin aritzeko erabakia hartu izanak erraztu dezakelako denon artean hizkuntza ohitura horiek aldatzea». Horregatik, aurten fokua taldeetan jarriko da lehenengo, eta gero iritsiko da norbanakoen txanda. Azaldu dute asmoa dela «taldeek bere baitan dinamika egitea, gero norbanakoak ere animatzeko». 

Norbanakoen kasuan, urritik aurrera hasiko da hauei zuzendutako kanpaina, eta «prestakuntzak ere orduan izango dira», argitu du Otxotorenak. Hauen kasuan, iraila bukaeran irekiko da izen-emateko epea, «baina oraindik ez dago zehaztuta».  

«Ez da euskeraren alde egitea, euskeraren alde egotea baizik»

Joan den urtean 1800 pertsonatik gora aritu ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak egiten. Zehazki, 1747 pertsonek eman zuten izena Euskaraldian, eta 1118 izan ziren Baietz Hernanik! ekimenean parte hartu zutenak. 

Otxotorenaren ustetan, «Her­nanin jendeak euskeraren al­de­ko oso jarrera ona du». Hala ere, dio, «erderarako ohitura barneratua eta normalizatua» dagoela, eta horregatik jarri dela martxan ariketa soziala. Izan ere, zehaztu du «gehiengoak» dakiela euskeraz: «%60ak ulertu eta hitz egiten daki, eta %20a ulertzeko gai da».

Otxotorenak hizkuntza-gatazkak gertatzen diren egoerak gogorarazi ditu. Hain zuzen, elkarrizketa bat euskaraz hasi eta erderaz hitz eginez amaitzen duguneko situazioa. Izan ere, «erderaz egitera eramaten gaituzten» pertsonak daude, edo arrazoirik gabe, erderaz hitz egitera salto egiten duguneko kasu asko daude egunerokotasunean. Horretarako da, hain justu, Telp tailerra; euskeratik erdararako aldaketa zergatik egiten dugun ulertzeko, hizkuntza-gatazka egoera horietan desoroso ez sentitzeko, eta aldatu nahi den hori aldatzeko tresnak eta gakoak zeintuk diren ezagutzeko.


Erronkaren helburua «hizkuntza ohiturak aldatzea da».  Hala ere, argi adierazi du Dobera Euskera Elkarteko kideak, «horrek ez du esan nahi aurretik gaizki jokatu genuenik, ezta gutxiago ere». Euskaraldiko arduradunak aitortu du hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela erraza, baina «gure nahia da euskeraz dakien horrek, euskaraz egitea» esan du. «Mendekotasun linguistikoa iritsi zaigu guri», eta pixkanaka moldaketak egin behar direla adierazi du: «Euskeraz ulertzen badit, zergatik egingo diot erderaz?».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!