Juan Lema

«Guraso batzuek esan izan didate, 'Lema izatera' jolasten dutela seme-alabek; zoragarria da hori»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 20a, 00:00

Juan Lema pediatra, urtetan bere bigarren 'etxea' izan denaren aurrean.

Hernaniarrekin «oso eskertuta» hartuko du erretiroa, Juan Lema pediatrak, 38 urteren ondoren: «saiatu naiz pazienteak tratatzen osasuntsu zeudenean ere, eta ez bakarrik gaixo zeudenean», nabarmendu du.

Ez da hernaniarra, eta ez da Her­nanin bizi izan. Baina kalean aurpegi ezaguna da Juan Lema pediatrarena, 38 urtez izan baitu bere bigarren etxea Hernanin, anbulatorioan; zaharrean aurrena, eta berrian ondoren.

Ekainaren 30ean hartuko du erretiroa, baina dagoeneko ez da lanean ari, alarma egoerako oporrak pilatu zitzaizkiola eta. Ia lau hamarkada egin ditu Hernanin pediatra, 1982ko ekainaren 2an hasi baitzen lanean Sandiusterriko anbulatorioan; eta aurreneko urteetan, bere kontsulta partikularra ere bazeukan, Larramendi kalean: «garai hartan ez zen askorik kobratzen pediatra bezala, eta ez zidan bizitzeko ematen».

Urte guzti hauetan bizitakoari buruz aritu da Kronikarekin hizketan; eta argazkiak egiten emandako bost minutuetan, hiru emakume gerturatu zaizkio, bere ibilbideagatik zoriondu eta jubilazio on bat izan dezala opatzera. Bere irripar zabalenarekin erantzun die.

Ia lau hamarkada Hernanin lanean. Nola hartu duzu erretiroa?

Ez da espero nuen moduan izan, noski. Zerbait politagoa espero nuen, ia su artifizialekin, erakutsiz pozik eta gustura nijoala. Eta nik ekainaren 23an betetzen ditudanez urteak, ospatu nahi nuen lankide guztiekin, aro berri bati hasiera emateko. Baina ez da posible izango; ez da justua lankideei eskatzea etortzeko, Koronabirusarekin kutsatzeko arriskuarekin, batenbat asintomatikoa delako akaso. Lana ere ez da ohikoa izan azkenaldian. Oso lan gutxi izan dugu, ohiko lanei dagokienez. Gainera, lankideak zoragarriak dira, eta nire adinagatik arriskua daukadanez, esaten zidaten mugatzeko haur jaioberriei edota sanoei errebisioa egitera, inolako gaixotasunik izan zezaketenekin kontakturik izan gabe. Beraz, bukatu dut jaioberriak ikusten, eta horixe izan da beti gehien gustatu izan zaidana.

Hemen lanean hasi baino lehen, oraindik ikasten ari nintzenean, erresidentziara joaten nintzen haur jaioberriak ikustera, Salamancako unibertsitateko Pediatriako katedradunak baimenduta eta gomendatuta. Beraz, hasi nintzen jaioberriak ikusten, eta halaxe bukatu dut.

«Hemen lanean hasi baino lehen, oraindik ikasten ari nintzenean,  haur jaioberriak ikustera joaten nintzen erresidentziara; eta ibilbidea bukatu ere halaxe egin dut, jaioberriak ikusten»

Izan duzu aukerarik, zure pazienteekin nahi bezala agurtzeko?

Azkenaldian kontsultara etorri direnekin bai, batzuekin pena haundiz. Eta kalean ere topatu naiz ama batzuekin, erosketetan edo, eta hizketan aritu izan gara tarte batez. Horrelakoak gehiago gertatuko dira, Hernanira etortzen jarraituko baitut, beste modu  batera bada ere.

Eta zer esan dizute paziente horiek?

Ba egia esan, gauza batzuk ez nituen espero. Esan didate gustura egon direla nirekin, entzun egiten niela sentitu dutela, eta transmititzen niela lasaitasuna, segurtasuna eta konfiantza. Eta hori dena zor diot, nire emaztearekin orain dela urte asko egindako lanari. Psikoterapeuta da bera, eta beti hitz egin izan dugu familia dinamikarekin lotutako gaiei buruz. Berari beharbada ez diot inoiz esan, baina emazteari zor diot pazienteen aurrean egoteko eta haien tokian jartzeko gaitasuna. Urteekin konturatzen zara, familia batek nahi duena horixe dela. Ez da esatea ondo eta sano zaudela, baizik eta albiste txarrak eman behar direnean ere, esperantza pixka bat ematea. 

Inork ez dit leporatu, euskeraz ez hitz egitea. Hori asko eskertu behar diot herriari, ni onartu izana, naizen bezalakoa. Bolivian jaio, Salamancan ikasi eta Sevillan formatuta, hona etorri eta ez nintzen ohartu, euskera ikasi behar nuela; formakuntzarekin jarraitu nuen. Eta horretaz damutzen naiz, galdu dudalako asko familiekin eta haurrekin daukazun dinamikatik. Eta bueltak eman izan dizkiot, Marokotik edo Hego Amerikatik etortzen direlako haurrak, eta denbora gutxian ikasten dutelako euskera. Nik dagoeneko ez dauzkadan gaitasun batzuk dauzkate, noski. Baina 4-5 urteko haur batek hitz egin dezakeen euskera mailara iristea posible izan banu, zoriontsu izango nintzen. Azkenerako ez diot horri heldu, murgilduta egon bainaiz ikasten jarraitu eta pediatria eta anbulatorioko medikuntza dinamizatzera. Barkatu egin didate euskera ez ikasi izana, eta ez dut inoiz izan arazorik paziente bakar batekin ere. Eta gogorrak izan ziren 80ko urte haiek...

Oraingo egoerak, agerian uzten du borondate politiko falta, herritarrek izan dezaten kalitatezko osasungintza bat. Eta joan den urtean greba egin bagenuen, ez da gehiago kobratu nahi dugulako; osasungintza sistema hobetzea nahi dugulako baizik. Hurrengo mobilizazioetan, sindikatuak beharrean, herritarrak gonbidatu beharko genituzke bat egitera, nahi dugulako honek funtzionatzea.

«Psikoterapeuta da emaztea, eta berari zor diot pazienteen aurrean egoteko eta haien tokia jartzeko gaitasuna. Beti hitz egin izan dugu familia dinamikarekin lotutako gaiei buruz»

Atzera begiratuta, nola definituko zenuke zure ibilbidea?

Oso pozgarria izan da. Ospitalean lan egiteko formakuntza jaso nuen nik, baina inork ez zintuen prestatzen jendearekin lan egiteko kalean, eta are gutxiago orain dela 38 urte. Formakuntzan gabezia asko zeuden, pixkanaka betetzen ari direnak. Nik ospitale batean lan egiteko ikasi nuen, eta frustrazio pixka bat eragin zidan hemen lan egin behar izateak, baina kariño haundia hartu nion denborarekin. Saiatu naiz, pazienteak gaixo zeudenean bakarrik ez, osasunean atenditzen. Eta ospitalean ikasten ez duzun hori, bai ikasten duzula egunerokoan. Oso pozik nago, eta ezagutzak garatzen joan naiz, elikaduran, psikologian, psikiatrian... Badakizu gaia kontrolatzen duzula, eta gurasoekin eta haurrekin hitz egin dezakezula horri buruz. Beti izan dut ikasteko gogoa, eta duela 25 urtetik, urtero joan naiz formakuntza saio batzuetara, Bartzelonara. 

Eta aurrerantzean, tokatuko zait ikastea prostatari buruz, erreumari buruz... nire inguruan dauden adinekoak zaintzeko (barrez).

 

Geldialdi askoko ibilbidea egin zenuen Boliviatik Hernanira, ezta?

Bai bai. Bolivian jaio nintzen, baina Venezuelan eta Kolonbian ere bizi izan naiz; Frantzian gero, eta han egin nuen Batxilergoa; eta Salamancako unibertsitatean ikasi nuen medikuntza, nire anaiak bezala. Eta ondoren, espezializatzeko formakuntza egin nuen Sevillan. Gure aitak UNESCOn egiten zuen lan Parisen, eta horrek ahalbidetu zigun ikasketak hemen egin ahal izatea. Baina gure helburua zen, gero Boliviara bueltatzea. Kontua da bera Donostiako batekin ezkondu zela, eta ni hernaniar batekin. Beraz, hementxe geratu ginen.

Oposizioak egin nituen, eta plaza lortu nuen. Bi aukera izan nituen lanean hasteko, Hernaniko anbulatorioan edo Egian. Baina hemengoa gehiago gustatu zitzaidan, eta emaztea ere bertakoa da. Horrela hasi nintzen, eta bizitza erdia baino gehiago eman dut bertan. 25 urtez bizi izan naiz Urruñan, Lapurdin; baina Donostiara mugitu gara orain.


«Psikoterapeuta da emaztea, eta berari zor diot pazienteen aurrean egoteko eta haien tokia jartzeko gaitasuna. Beti hitz egin izan dugu familia dinamikarekin lotutako gaiei buruz»

 

Paziente asko pasa dira zure kontsultatik. Nolakoa da paziente hernaniarra?

Oso paziente jatorra da. Paziente hernaniar asko daude, dena den. Betidanik hemen bizi izan den familia batekoak direnak; 60ko hamarkadan etorri zirenak, Espainiako barnealdetik, Extremaduratik edo; eta azkeneko urteotan, paziente asko dauzkagu kanpotik etorritakoak, Afrikatik, Latinoamerikatik... Baina oro har, balore asko dituen jendea da hemen ezagutu dudana. Ikusi dut nola egokitu den familien eta etxeen egitura, nola haunditu den mutilen partehartzea eta inplikazioa familian eta etxeko lanetan. Baina ikusi dut baita ere, penaz, zenbat familia desegin diren. Espainiako barnealdetik etorri diren familiek, identitate bikoitza daukate: batetik, bertakoa, lanaren eta esfortzuaren identitatea; baina bestetik, beraien 'El pueblo' daukate, eta hori aberastasun haundia da. Eta etorkinen kasuan, gustatuko litzaidake haien haurrekin lan egin ahal izatea. Horregatik jarri naiz harremanetan Amher elkartearekin, biztanleria bat dagoelako behar haundiak dauzkana. Ez dugu ahaztu behar, hala ere, badagoela bertako jendea ere, beharrak badauzkana.
Mota guztietako pazienteak izan ditut. Entzuten badakiten pazienteak izan ditut, informazioa eta azalpenak jasotzen dituztenean. Normalean, jende umila izaten da paziente onena. Paziente ona ez da denari baietz esaten diona, baizik eta informazio gehiago eskatzen duena, eta esaten diozun hori betetzen duena. Baina ez dut inoiz izan arazorik inorrekin; dena egin ahal izan dugu, oso egoera zailak ere izan diren arren.

Lankideen eta nire arduradunen babesa ere izan dut. Askotan, nahi duzuna ez da soldata igotzea, egiten ari zaren lana errekonozitzea baizik; horrek laguntzen dizu.

Familia bereko bi belaunaldi ere hartu dituzu kontsultan. Polita izango zen, ezta?

Bai, oso polita. Gainera, zortea izan dut, hiru eta lau haurreko familiak ezagutu ditudala, eta hori zoragarria da. Eta gauza kuriosoak gertatu zaizkit. Nik berorikaz egin diet beti pazienteei. Baina hasi nintzenean kontsultan hartzen gurasoak, haurrak zirenean ezagutu nituenak... Nola egingo nien berorikaz? Oso arraroa izango litzateke. Eta zukaz egiten hasi nintzen haiekin. Gehiago kosta zitzaidan, guraso izan zirenean ezagutu eta dagoeneko aiton-amona ziren horiekin; baina pixkanaka, haiekin ere zukaz egiten nuen. Eta azkenerako, etortzen zitzaidan ama gazte bat haurrarekin, eta amona haiekin; eta bi muxu ematen nizkion amonari, ilusio haundia egiten zidalako bera ikusteak. Beraz, pasa naiz berorikaz hitz egitetik, zukaz egin eta bi muxu ematera ongietorri gisa.

Gainera, garai batean, etxeetara egiten genituen bisitak; eta horrek ahalbidetzen zuen, familia eta bere ingurua ezagutzea; gurasoak eta aiton-amonak, auzoa, etxea... Eta hori oso polita da. Hori da niretzako familia medikuntza, baina galdu egin da pixka bat. Jende gaztea dago, oso prestatua, hizkuntza ugari hitz egiten dituena, bidaiatu duena, interneta primeran kontrolatzen duena... Baina ez dute aukera izan horrelako gauzak ezagutzeko.

«Ospitalean lan egiteko ikasi nuen, eta frustrazio pixka bat eragin zidan anbulatorioan lan egin behar izateak; baina kariño haundia hartu nion denborarekin, eta oso pozgarria izan da»

Nolakoa zen Hernaniko anbulatorioa, zu hasi zinenean? Eta zertan aldatu da, urte hauetan?

Garai hartan Sandiusterrin zegoen anbulatorioa oraindik. Berritu eta margotu berria zegoen. Oso polita zegoen dena. Baina lan egiteko modua ezberdina zen, eta espazioak ez ziren gaur egungoak. Zorionez, nik bulego bat neukan niretzako, eta beste bat zeukan hain maitatua zen Luis Irigoienek, orduan beste pediatra zenak. Baina toki askotan, mediku batek garaiz bukatu behar zuen, bulego berera beste mediku bat zetorrelako gero. Edo pazienteekin zain egon behar zuten kanpoan, beste medikuak oraindik ez zuelako bukatu. Hemen askatasun gehiago geneukan. Eta anbulatorio berrira mugitzea oso garrantzitsua izan zen; zentro haundi bat, polita eta argitasun gehiago zeukana. Garai batean tiketa hartu behar zenuen txanda hartzeko, eta ez zen justua, oso gaizki zegoen norbait izan zitekeelako artatzen azkenetakoa. Hori asko hobetu da, eta orain, aldez aurretik telefonoz deituta, baloratu dezakezu paziente bat hartzeko urgentzia. Asko hobetu da komunikazioa. Lehen geneukan zeladorea; eta orain dauzkagu bost administrari, egun osoa ematen dutenak jendeari arreta egiten eta guri lana asko errazten. Pandemia honetan, lan asko egin dugu telefonoaren bitartez; kontsulta asko egin ditugu telefonoz, arriskurik ez izateko familiek, eta primeran funtzionatu du. Asko ikasiko dugu honetatik.

Anbulatorioa bera asko haunditu da. Gero eta langile gehiago izan ditugu, medikuak, erizainak edo administrariak; eta etengabe eguneratu behar izan dugu, hobekuntza teknikoak txertatzeko eta formakuntza garatzeko. Burokrazia lan haundia eskatzen du, baina beharrezkoa da. Jendeak galdetzen du, zergatik gauden bertan 08:00etatik 15:00etara, eta lau ordu eta erdiz bakarrik pasatzen dugun kontsulta. Baina beste lan asko dauzkagu egiteko: txostenak egin, deiak... Eta bulegoa ixten duzu, baina zabiltza bi pazienterekin buruari bueltaka, hurrengo egunera arte.

«Pasa naiz paziente batzuei berorikaz hitz egitetik, zukaz egin eta bi muxu ematera, ongietorri gisa. Hasi zirenean etortzen gurasoak, haurrak zirenean ezagutu nituenak... Nola egingo nien berorikaz?»

Zein oroitzapen dauzkazu bereziki gogoan, urte guzti hauetatik?

Niretzako garrantzia haundiena daukana, da Izei izeneko haur batena. Duela bi urte, istripu larria izan zuen, eta ez zirudien bizkarrezurreko lesioak konponbiderik zuenik. Baina osasungintza sistema osoaren eraginkortasunak, suhiltzaileen eta Donostiako Ospitaleko pediatriako zainketa intentsiboekin, errekuperatzea lortu du. Hunkigarria izan da familiaren sendotasuna eta adorea, etengabeko borroka, inork espero ez zuena lortzeko. Izeiren esfortzua ikaragarria da; miresmen haundia diot. Eta Hernani. Koadrila, lagunak... Zenbat errespetu, elkartasun eta konpainia! Pertsonen kalitatearen adibide bat da hori, eta horrela bai, izango dugu etorkizuna.

Burura datorkit, baita ere, neska txiki batena. Bisita egin nion, eta berehala jakin nuen leuzemia zeukala. Baserri batean bizi ziren, eta bisitatzera joaten nintzen. Heriotza parte bat egin dudan aldi bakarra izan zen hura. Baina maitagarria zen. Familiak haur bat galdu zuen, eta sanoa izaten da horrelakoetan, iraganarekin eten eta beste mediku bat bilatzea. Baina niregana bueltatu ziren, hitz egin genuen gertatutakoaz, eta aurrera jarraitu dugu. Horrek asko ematen dizu. Hori da egoera bat, dramari dagokiona.

Baina oroitzapen politen artean, aipatuko nuke ikusi izana emakumeek bereziki, ama direnean, daukaten poz hori. Beti gustatu zait ikustea, elkarrekin egingo duten bizitza berri horren hasiera.

Eta noski, gogoan ditut nire lankideak. Jende zoragarria ezagutu dut, bai ospitalean eta bai anbulatorioan. Guztiok ezagutzen dugu elkar, ez garelako asko, eta tratua gertukoa da. Orain dela bi urtetik, saio klinikoak egin ditugu ospitalekoekin, bideo-dei bitartez. Lankide batek gai bat prestatu eta aurkezten du, eta eztabaida egiten dugu ondoren. Eta egin dugun azkenaurreko saioan, 67 pediatra geunden konektatuta; eta bukaeran, aurkezpena egin zuenak, jakinarazi zuen jubilatzera nindoala. Horren ondoren, batzuek deitu egin zidaten, eta beste batzuek idatzi, esanez poza eman ziela ni ezagutu izanak. Horrek asko balio du; niretzako omenaldi moduko bat izan zen.

Beste lankide batzuek, berriz, egun batean bideo-dei bat egin zidaten, eta ordu laurden batez aritu ginen hizketan. Oso polita da hori. Emozionatu egiten nauten errekonozimenduak dira horiek.

Badira gurasoak, esan izan didatenak beraien haurrek etxean jolasten dutenean mediku izatera, esaten dutela 'Lema izatera' ari direla jolasten. Zoragarria da.

«Urte guzti hauetan, ez dut mantala jantzi, gertukoagoa iruditzen zitzaidalako. Eta bukatu dut, mantala ez ezik, maskarilla eta guanteak jantzita, eta eskuak garbitzen egunean 50 aldiz»

Pandemia baten erdian hartu behar izan duzu erretiroa. Zeinek esan behar zizun...

Erabat ezustean harrapatu gaitu honek, bai. Urte guzti hauetan, ez dut inoiz jantzi mantala, gertukoagoa iruditzen zitzaidalako. Ba guzti honekin, hasi nintzen mantala janzten, eta bukatu dut maskarillarekin, guanteekin, eta eskuak egunean 50 aldiz garbitzen. Oso kezkatuta egon gara, gertatzen ari zenarekin eta gertatu zitekeenarekin. Familia askori esan behar izan diegu, laneko baja eskatzeko badaezpada ere, eta etxean geratzeko. Eta esaten dizute, haurrak katarro bat daukala, ezin dela izan Koronabirusa. Baina pauta oso zorrotzak jarraitu behar genituen, helburua lortzeko. Eta uste dut nahiko ondo lortu dela, baina sakrifizio haundia eginez. Jendea oso ausarta izan da.

Nola bizitu duzue?

Kezka, beldurra... Lankideak eta lagunak dauz­kazu borrokaren aurreneko lerroan. Haiek dauzkazu buruan, eta ez da erraza. Niri politena tokatu zait, haur jaioberriak eta osasuntsuak ikustea. Gertatu zait, adibidez, haur bati errebisioa egin eta txertoa jartzea. Eta hurrengo egunean deitzen dizu amak, esanez sukar pixka bat izan duela; eta esaten diozu normala dela hori. Baina kontatzen dizu, haurra bainatzerakoan konturatu dela, usaimena galdu duela. Hori Koronabirusaren sintoma garbi bat da, eta kontsultan 20 minutuz egon ginen elkarrekin, maskarillarekin izan arren. Probak egiteko prozedura hasi genuen berarekin, noski. Eta handik bi astera deitu zuen, galdetzeko ea denak ondo geunden, eta inor kutsatu ote zuen. Zorionez ez zen inor kutsatu.
Edo beste haur batekin gertatu zitzaidan bezala. Sukarra hartu nion, eta dezima batzuk zeuzkan. Beraz, ez nuen gehiago ikutu, eta lankideei deitu nien, protokoloa martxan jartzeko. Mantala haundia jantzi behar izan nuen, guante luzeak, maskarilla, pantaila... Eta horrela bukatu nuen errebisioa. Horrelako gauzak gertatzen dira. Kutsatzeko arriskuan zaude zu, zure lankideak, eta ondoren etxera joan behar duzu. Zaila da hori. Eta ni ez naiz zaharra sentitzen, baina 67 urte beteko ditut, eta arrisku taldeetakoa naiz. 

Prest egon beharra daukagu, beste modu batera hasi beharko dugulako lanean. Jendea lasaitu behar dugu, baina horretarako, aurrena guk egon behar dugu lasai.

«Hilabete hauetan, niri politena tokatu zait, haur jaioberri eta osasuntsuak ikustea. Baina lankideak eta lagunak dauzkazu borrokaren aurreneko lerroan. Haiek dauzkazu buruan, eta ez da erraza»

Zein egoeratan uzten duzu Hernaniko anbulatorioa?

Langile askorekin, inor ez baita gaixotu Koronabirusarekin, Zaharren Egoitzan bezalaxe. Eta hori da, bertako langile guztien zaintza, zorroztasun eta profesionaltasunaren ondorio. Orain, ikasi beharko dugu beste modu batera bizitzen eta lan egiten. Haurrak eskolara bueltatzearekin, udazkenean, arriskuak ugarituko dira, eta ez dugu jakingo nola jokatu. Nire esperientziarekin, baieztatu dezaket, oporraldiak daudenean gaixotzen diren haurren kopurua izugarri txikitzen dela; eta aldiz, klasera bueltatu eta bost egunetara, gaixotzen hasten dira. Hori da normala, naturala. Eta beraz, udazkenean klasera bueltatzen direnean, gaixotu egingo dira. Zer egingo dugu, orain arteko neurriekin jarraitu? Sukarra daukaten haur guztiei PCR proba egingo diegu? Gurasoen lanposturako mehatxu bilakatuko dira, eta gurasoek ez dute abixatu nahiko, haurrak sukarra daukala. Zergatik? Haurrak sukarra izanez gero, PCR kontrola, eta 48 ordutan izango ditugu emaitzak; baina bitartean, gurasoak etxean konfinatuta, eta laneko baja eskatu dezatela. Nola bideratuko dugu hori?

Urrian eta azaroan, izango ditugu Koronabirusa, gripea eta bronkiolitisa. Ez dakit nola kudeatuko den hori dena, baina espero dut jarraibide zehatzak emango dituztela, jendea ez beldurtzeko. Dirudienez, uste zena baino arrisku gehiago daukate haurrek birusa hartzeko eta transmititzeko. Baina kontuz ibili beharko dugu, eta osasungintzan ezingo dute gertutasun berarekin lan egin. Maskarilla bat jartzeak, distantzia bat markatzen du. Eta berdin gertatuko zaie haurrei eskolan; ezingo dituzte lagunak ikutu edo besarkatu. Nola egingo diezu hori? Egin beharko da, baina ez dago ondo.

Esku onetan geratuko da anbulatorioa?

Bai, zalantzarik gabe. Oso langile zentzudunak, zorrotzak eta ulerkorrak dira denak, garbiketaz arduratzen direnak, administrariak zein mediku eta erizainak. Pediatrian, zehazki, Miner doktoreak urteak daramazki bertan, eta Aristizabal doktoreak esperientzia haundia dauka. Eta nire tokia hartuko duenak, Maria Letonak, sekulako inbidia ematen dit. Oraintxe bukatu ditu ikasketak, eta lanean hastera doa. Dena dauka aurretik, nolako zortea! Esaten diot, zenbat ikasi ahal izango duen! Nirekin egon da denbora batez lanean, funtzionamendua eta lantaldea ezagutzeko, eta oso ondo egokitu da.Jendea oso ondo formatuta dator. Faltako zaiena, nahiz eta ordenagailuetan idatzita egon, izango da garai batekoaren ezagutza, nola ziren gauzak orduan. Nola bizi ziren, familien historia, aiton-amonenak, ohiturak... Familia bat ondo ezagutu arte, hori guztia ezin duzu jakin.

Hernanin mediku izateak berezitasunak dauzka. Jendeak bizitza egiten du herrian, eta ikusten dituzu haurrak txikitatik elkarrekin; Haurreskolatik ezagutzen dute elkar, bizitza osoa egingo dute elkarrekin, eta hori oso polita da. Hirietan, haur bakoitza eskola batera joango da, eta asko galtzen dute horrela auzoetan. Identitate bat edukitzea oso garrantzitsua da, eta Hernanin hori lortzen dute haurrek. San Joanak bezalako festa batzuek, herria elkartzen dute, eta pena da orain nahi bezala ezin ospatzea. Adinekoak gogoratzen dituzte duela 50 urtetako San Joanak, Tilosetako dantzaldiekin.
Gure alaba Hernanin bataiatu zuen, gu ezkondu gintuen apaiz berberak; eta berak ezkondu zituen nire aita-amaginarrebak, eta nire koinatu-koinatak bataiatu. Historia dago herri honetan.

Eta aurrerantzean, zer?

Ba gauza gehiago egiteko gogoa daukat; eta adibidez, astelehenean Amherreko boluntarioekin bildu nintzen. Hona etorri direnei, erakutsi behar diegu hemengo bizimodua nolakoa den. Askotan, beraien kulturagatik eta tradizioagatik, emakumeak ia ez dira etxetik ateratzen. Badaude programa batzuk, tramiteak egitera laguntzeko, herrian barrena ibilaldiak egiteko... Kalera ateratzea beharrezkoa da, ezagutu ahal izateko. Gauza asko daude egiteko, eta Hernani oso herri aktiboa da. Interes haundia dauka pertsonen eta bizitza sozialaren gainean. Ez dakit zer moduz moldatuko naizen, baina gustatuko litzaidake, nire aisialdian, musika bezalako beste afizio batzuekin batera, lagundu ahal izatea eta herritarrekin kontaktuan jarraitzea. Asko daukat eskertzeko, eta herriari esan nahi nioke, oso zorionekoak garela dauzkagun bizi baldintzekin, eta zaindu egin behar dugula hori. Eta beste bizitza batean euskera ikasiko dudala (barrez).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!