Autoeskolak

«Badira aldatu ez diren zenbait gauza, baina hau ez da lehen genuen autoeskola»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 20a, 00:00

Autoeskolek azken azterketa martxoaren 12an egin zuten, konfinamendua hasi baino bi egun lehenago. Hala ere, pixkanaka martxan hasi dira eta ohikoa den ez bezala, aurten abuztuan irekita egongo dira, azterketak egiteko aukera dagoelako.

Lurdes Lopez eta Rafa Zulaikarekin hitz egin dugu, Otamendi eta Hernani autoeskoletako aduradunekin, koronabirusak haien sektorean nola eragin duen jakiteko. Diote, ia bi hilabete oso geldirik egotea «gogorra» izan dela, baina gogotsu bueltatu direla lanera.


Martxoaren 12an azterketa egin eta Donostitik Hernanira bueltan zetoztenean, hauxe esan zien Hernaniko Otamendi autoeskolako arduradunak ikasleei: «uste dut zuena azken azterketa izango dela». Eta ez zebilen oker, bi egun geroago Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritza Nagusiko arduradunak jakinarazi zuen «azterketak bertan behera gelditzen zirela», esan du Lopezek. 


«Oso inplikazio ona dute autoeskolako ikasle guztiek», dio Lopezek, irrifarre batekin. Hala ere, «besarkadak ez ematea da gehien kosta zaidana», aitortu du. Izan ere, koronabirusa dela eta ezin du mantendu gertuko kontaktua ikasleekin, “laguntza behar dutenean”. Eta hori da, dio,  tristura gehien ematen diona.

«Autoeskola desinfektatzen ematen dugu eguna»
Koronabirusak autoeskolako ate­ak istera behartu zituenetik, arduradunek hamaika buruhauste izan zituzten prebentziorako neurriak zehazten. Hala ere, lortu dute berriro ere martxan jartzea: «Badira aldatu ez diren zenbait gauza, baina gehiengo neurriak aldatu dira hemen», adierazi du. Adibidez, lehen ere papereko testak egiten zituzten, eta «beti izaten genituen paperak zorroetan sartuta». 


Autoeskolan bertan «boligrafoak, arkatzak eta kolorezko errotulagailuak ere izaten ziren», baina orain, dio «ezinezkoa da hori eta ikasleek etxetik ekartzen duzte beharrezko material guztia».


Gainera, Lopezek azaldu du koronabirusaren aurretik «nahi haina ikasle» gerturatzen zirela autoeskolara. Azaldu du, «32 izatera heldu ginen, eta orain 9 bakarrik egon daitezke». Izan ere, orain aforoa neurtu behar izan dute, eta prebentzio neurriek galarazi egiten dute gela berean jende pilaketak egotea. «Jende pilaketak saihestu ditugu hasieratik», azaldu dute. 


Autoeskolako arduradunek azaldu dute bezeroen aldetik ez dutela beldur haundirik nabaritu. «Hasieratik hartu genituen prebentzio neurriak», eta babesa adierazi nahi izan zieten ikasleei. Gehitu dute, «azterketa teorikoa prestatzera etorri nahi duen ikasleak aldez aurretik abisatu behar gaitu». Orain ikasle bakoitzak ordutegi zehatz bat du, eta aldatu nahi izanez gero, abisua eman beharko duela azaldu dute.


Zulaikak zehaztu du «harreran pertsona bakar bat egon daiteke zai» eta eskola teorikoa prestatzeko gelan «bi metroko distantzia mantentzea beharrezkoa da».


Larrialdi ekonomikoa dela eta, diote, «zorionez» jendeak ez duela atzera egin azterketarako prestakuntzarako matrikulazioan. Diote, “agian, koronabirusak utzi dituen arrasto ekonomiko larriengatik, egongo da autoeskola ordaintzeko gai ez dena”, baina momentuz ez da aldaketa haundirik nabaritu, Otamendi eta Hernani autoeskoletan, behintzat. 

Ez dute hutsetik hasi behar izan, praktikoa prestatzen ari ziren ikasleak
Badira eskola praktikoak konfinamenduaren aurretik hartzen hasi zirenak. Zulaikak dio «batzuek beldurra» izan dutela. «Hasieran trebezia falta nabari dute, baina egia esan gidatzea ez zaie ahazten», aitortu du. Izan ere, hori da ikasle askok konfinamenduan izan duten kezka nagusia. Bi hilabete oso eman dituzte gidatu gabe, eta arraroa egin zaie bolantea berriro ere hartzea. Hala ere, «segituan ohitu dira», dio Zulaikak. 


«Bada konfinamenduaren au­­rr­etik 4-5 klase bakarrik eman zituen ikasle bat», kontatu du Lopezek, Otamendi autoesko­la­ko arduradunak. Eta orain, gi­da­tze­ko eskolak berriro ere har­tzera bueltatu denean, «larritut­a ze­goen», azaldu du. Hala ere, «pix­kanaka» dinamika hartu du eta martxan da, gainontzeko ikas­le guztien moduan. 


Azterketa teorikoaren prestakuntzari dagokionean, Zulaikak azaldu du konfinamenduan «klase online-ak» egin zituztela. Horrela, «ikasleekin kontaktua mantentzea lortu genuen», azaldu du.

 «Abuztuan azterketa teorikoak eta praktikoak egongo direla esan zuen trafikok»


Hala ere, bada azterketa berehala gainditu nahi duen ikasleren bat. Azaldu dute, «ulergarria» dela autoeskolako bezeroen egoera, «baina batzuetan matrikula egin eta berehala izan nahi dute kotxe edo motorreko karneta», esan du Lopezek, eta «pazientzia» izan behar dute. 
Adierazi dute haiek ere «kaltetuak» izan direla, eta ez direla haiek izan «egoera hau sortu dugunak». Gainera, gehitu dute: «arduradunek ez dizkigute gauzak erraztu». 

11 azterketagiletik, 5 izatera pasa dira Gipuzkoan
Egoera gehienbat Gipuzkoan dago gaizki, azterketa kopuruari dagokionean. «Araba eta Bizkaian egoera hobeto dago eta azterketa praktiko gehiago egiteko aukera dute», azaldu dute bi ardurdadunek. 

“Eguna bost multzotan banatu dugu, ikasleek nahi duten ordutegia aukeratzeko eta pilaketak saihesteko”


Lehen azterketa teorikoak astero egiten zituzten, baina orain hori ez da horrela. «Azken azterketa ekainaren 9an egin zen, eta hurrengoa, berez, 22 eta 26 bitarte izango da», zehaztu dute. Eta norbaitek gainditzen ez badu, «ez dakigu hurrengo azterketa noiz izango den», esan du Lopezek. 


Gainera, konplikazio gehien sortzen zituen azterketa mota praktikoa zen, konfinamendu aurretik ere. Adierazi dute pandemiaren aurretik 9 azterketagile zeudela Gipuzkoan, eta batzuetan beste 2 etortzen zirela, Bizkaiatik. 


Hala ere, ikasleen kexa nagusietako bat hori zen, azterketagile falta zegoela eta azterketa egiteko aukera gutxi zegoela, lurraldean.

«Ulergarria da autoeskolako ikasleen hasierako urduritasuna»


Baina koronabirusaren beste arrastoetako bat, autoeskolatan,  azterketa praktikoa egiteko itxaron zerrenda luzatzea izan da. Nahiz eta azterketegileen koordinatzailearen esanetan «egunean 10 ikaslek» egiten duten azterketa, Lopezek zalantza azaldu du honen inguruan. Izan ere, «lehen 12 azterketa egiten ziren» eta orain, motorrak eta autoak «goitik behera desinfektatu behar dira» eta beraz, denbora gehiago behar da azterketak egiteko. Gainera, 11 azterketagile izatetik 5 izatera pasa dira Gipuzkoan eta horrela, egoera zaildu da.  


Bestalde, «ERTEan egon diren azterketagileak lanera bueltatu dira eta oporrak hartu behar dituzte», azaldu du Lopezek. Horregatik, «ez dakigu nola egongo den egoera», esan du. 


Hala ere, abuztuko hilabete osoa egongo dira irekita autoeskolak, azterketa praktiko eta teorikoak egiteko aukera egongo delako. Otamendi eta Hernani autoeskolen kasuan, udako hilabete horretan ez zuten lan ordutegi bera izaten, baina irekita egoten zen. «Aurten disponibilitate osoa izango dugu», azaldu dute. 


Adierazi dute aurten ez dela igo azterketen tasa, «baina ez dakigu zer gertatuko den».

«Egoera surrealista izan zen martxoak 12koa»
Birusak konfinamenduaren aurretik jo zituen ateak, autoeskoletan. Izan ere, martxoaren 12an azterketa teorikoa egitera joan zirenean, azterketagileak prebentzio neurri ugari jarri zituzten.


“Egun hartan denak maskarillarekin zeuden», azaldu du Lopezek. Dokumentazioa urrutitik erakusteko eskatu zieten ikasleei, eta mezua argia izan zen: «gelatik kanporatua izango da eztula egiten duenak». Egoera arraroa zein surrealista izan zela azaldu dute, bertan egon zirenek. «Beldurrez egon ginen, horiek ez ziren baldintza egokiak, azterketa egiteko». Ordutik, esan bezala, autoeskoletako egoera aldatu da eta orain prebentzio neurri ugari jarri dituzte, ikasleen era irakasleen osasuna babesteko. 


Azterketa praktikoari dagokionean, «orain proba egiteko banan-banan doaz ikasleak eta kotxean azterketa egilea, irakaslea eta ikaslea daude eserita». Lehen, azaldu dute, ez zen horrela. Kotxe barruan bi ikasle joaten ziren, batek azterketa bukatzean, segidan besteak egiteko. 

“Prebentzio neurri ugari hartu ditugu eta une oro gabiltza guneak desinfektatzen”, azaldu dute autoeskolako arduradunek

Banaka sartzen dira ikasleak autoeskolara, arduradunek dena desinfektatzen duten bitartean. Izan ere, Gipuzkoako azterketa egileen koordinatzaileak, Francisco Maquedak, bete beharreko zenbait arau zehaztu ditu.

Batetik, klase bakoitzaren aurretik eta ondoren, ibilgailuak garbitu eta desinfektatu behar dira. Horretarako, garbiketa-produktu «ez-urratzaileak eta desinfekziorako egokiak» erabili behar dituzte. Gainera, ibilgailua «ondo aireztatu» behar dute. Lopezek dio, «denbora tarte haundia itxaron behar da ikasle batek autoa hartu eta beste batek hartzen duen arte». 

Bestalde, ikasle bakoitzak autoa erabili eta gero, beste hainbat gune garbitu behar dira: bolantea, kanbio-palanka, eskuko balazta, ateetako tiragailuak (kanpokoak eta barrukoak), klimatizazio-sistemen botoiak, beso-euskarriak, segurtasun-gerrikoak, beste askoren artean.


Maquedak argi utzi du ezarritako arau orokorrak bete behar direla, «Trafikoko Probintzia-Buruzagitzetako funtzionarioen osasuna zaintzeko kontuan hartu beharreko neurriak direlako, eta baita ikasleena eta irakasleena ere».

Azterketa teoriko eta praktikorako, guanteak eta maskarilla behar dira
Asko dira kontuan hartu beharreko baldintzak, autoeskolan. Maskarilla eta guanteena, ezinbestekoa da, estaterako. Hala ere, Lopezek adierazi du «beharbada» azken hori ez dela beharrezkoa izango «askotan puskatu egiten direlako».


Esan bezala, azterketa egileen koordinatzaileak zehaztutako irizpideak asko dira. Besteen artean, aztertzaileek ez dute ikasleen espedienterik jasoko (berdin du gainditu duten edo ez); espediente guztiak autoeskolen esku geratuko dira, eta hauek izango dira, geroago buruzagitzan aurkeztuko dituztenak. Lopezek dio, prozesua «asko luzatzen» dela eta ikasleei urduritasuna sortzen diela guzti horrek.


Bestalde, argiak izan dira ikaslea identifikatzeko metodoarekin: «argi eta garbi erakutsiko zaio aztertzaileari identifikazio-dokumentazioa, eta  beharrezkoa bada bakarrik ukituko da». Neurri honen inguruan Lopezek martxoaren 12ko azterketa gogorarazi du: «beldur nintzen ea ikasleren bat kanporatuko ote zuten».

Aipamen berezia, motorreko azterketei
Azterketak prestatzen dituzten arduradunen koordinatzaileak arau zehatz batzuk aurkeztu ditu motorreko azterketa egingo dutenentzat. 


Ikaslearen eta azterketako gainbegiratzaile zein irakaslearen arteko elkarrizketa sustatzeko teknologia moldatu beharko dute autoeskolek, hain zuzen, beharrezkoa izango da «bi norabideko esku libreko interkomunikatzaile eraginkorra».


Gainera, ez da onartuko «Azterketa gainbegiratzen dutenek manipulatzera behartuta dauden materiala erabiltzea, edo ahotik hurbil dauden aurikularrak edo mikrofonoak jarri behar izatea, guztiz higienizatzen direla ziurtatzen ez bada». 


Azkenik, azterketa egiten duten ikasle guztiek etxetik eraman beharko dituzte boligrafoak.

 

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!