Ilusioz bueltatuko dira lanera museoan, eta irekiera berezia izateko, dantza garaikeideko ikusikizuna egingo dute. Hernaniko Udaleko Kultura Sailak babestuta, Myriam Pérez Cazabón konpainiaren Iceberg emanaldia izango da, hain zuzen.
«Distantzia egokia bermatzeko», ikuskizuna 25 minutuko bi erakustalditan egingo da, 12:00etan eta 20:00etan, eta bakoitzak 200 sarrera izango ditu. Egun horretan, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara irekiko da museoa, «bisitariek museoa osorik bisitatu eta Lurra Café-ren erabilera egin dezaten». Diote, azken hori ere «jendearentzat irekita egongo da».
«Berrirekitze hau aukera bat da kulturaren erronka haundia gogoratzeko», aitortu dute museoko arduradunek. «Kultur erakundeek, orain inoiz baino gehiago, erakutsi behar dugu kultura ezinbestekoa dela bizi garen mundua ulertzeko». Gainera, adierazi dute, «ezin dugu ahaztu arte-sorkuntzak, bere forma guztietan, ahalmen konpontzailea eta sendagarria duela, eta krisi-une hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela».
Aipatzekoa da, museoaren kanpoaldean kokatuta dagoen Argiaren bila I eskultura eta lan ikonikoa errestauratzeko Orona Fundazioak eta Chillida Lekuk hitzarmena sinatu dutela.
Hernaniarrek leku berezia, ikuskizunean
Biharko dantza emanaldietarako 400 sarrera saldu dira guztira, 200 saio bakoitzerako. Guztietatik, 300 hernaniarrentzat erreserbatu dira, leku berezia emateko. Hain zuzen, 150 goizeko saioarako eta beste hainbeste, arratsaldekorako.
Gainera, sarrerak ohi baino prezio merkeagoan egon dira eskuragai, Biteri kultur etxean eta museoko webgunean, atzo arte.
Ordutegi berria, udako hilabeteetan
Ekainean, museoaren ordutegi berria larunbat eta igandeetan izango da, 10:00etatik 16:00etara, eta uztailetik aurrera eta uda osoan, ostiraletik astelehenera, 10:00etatik 16:00etara.
Adierazi dute, «bisitari eta langile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko», autoritateek emandako higieneari eta edukiera mugatzeari buruzko protokolo guztiak beteko dituela museoak.
Atzo, abonatuak bakarrik
Atzo museoa museoko abonatuentzat bakarrik ireki zen. Esan dute, urteko emanaldiaren titularrek eta bi lagunek «esklusiban» ikusi ahal izan dutela museoa, berriz ere publikoari ireki baino lehen.