Paco Goya hil da, 14 urtez izan zena Goiz Eguzkiko lehendakari

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 19a, 00:00

Paco Goya, Goiz Eguzkin, mikrofonoa hartuta. Ekitaldiak alaitzen aritzen zen.

Atzo hil zen jubilatuen egoitzako lehendakari ohia, 82 urterekin.

Paco Goya Zubeldia hil zen atzo, 14 urtez Goiz Eguzki Hernaniko jubilatuen egoitzako lehendakari izan zena. 82 urte zituen Goyak, eta aurtengo otsailean utzi zion Goiz Eguzkiko zuzendaritzaren buru izateari, beste talde batek erreleboa hartuta.

Lehendakaria bakarrik ez, erreferentziazko pertsona ere ba­zen Paco Goya, jubilatuen egoi­tzan; guztientzako ezaguna. Bulego barruko lanetik harago, mikrofonoa hartuta agertzen zen Goiz Eguzkiko ospakizun guztietan, eta bere umorearekin alaitzen zituen ekitaldiak, etengabe saltsa jarrita.

Jubilatuen egoitzaren etorkizunarekin kezkatu da beti, eta otsailean kargua utzi ondoren, «oso pozik» agertu zen, etorkizuna izango zuelako Goiz Eguzkik, eta ez zelako «ontzi hau ondoratuko», adierazi zuenez.

Berak kargua utzi eta berehala eragin zuen etena pandemiak Goiz Eguzkin, eta egoitzaz bazkide soil gisa gozatzeko aukerarik izan gabe hil zen atzo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!