Udala

Ia 4.200 erosketa bonu saldu dira bi astetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 17a, 00:00

Bonuen salmenta etengabea da eta kanpainara atxikitu diren negozioak ere gero eta gehiago dira.

EutsiHernaniri herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko erosketa bonuen kanpainaren hirugarren astean murgildu da. Ekainaren 15a arte, 4.152 bonu saldu dira. Kanpainara atxikitutako negozioen zerrenda ere pixkanaka-pixkanaka haunditzen ari da, eta jadanik 151 negoziok bat egin dute #eutsihernaniri kanpainarekin. 

Herritarrak ondo ari dira erantzuten herriko ekonomia laguntzeko asmoz sortutako ekimen honi. Bonua erosten duten askok eta askok familia osoarentzat hartzen dituzte bonuak (seme-alaba txikia barne). Merkatariek ere gustura hartu dute ekimena, eta kanpainaren berri ez duten bezeroei jakinarazten diete bonuen ekimena eta batzuk bonua erostera joaten dira. 

Guztira 10.000 erosketa bonu plazaratu ditu Udalak -150.000 euro- herriko merkataritza, ostalaritza eta negozio txikiak sustatzeko asmoz. Ekaina osoan erosi eta erabili daitezke. Erosleak 35 euro ordaindu eta 50 gasta dezake izena eman duten 151 negozioetan. Kanpainari atxikitutako negozioek kanpainaren kartel bat dute haien erakuslehioetan. Herriko merkataritza eta ostalaritza sektoreak biziberritzea eta tokiko garapen ekonomikoa bultzatzea du helburua, herritarrek dituzten erosteko ohituretan eragitea, herriko dendetan erostera animatzeko. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!