Inmakulada ikastetxea

Konfinamenduko ikasketa errutina berezian, Kronika bidelagun Inmakuladako ikasleek

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 17a, 00:00
Inmakuladako LH6ko ikasleak, tutoretza saioetako batean, telematikoki. Aurpegi 'arraroak' jartzea tokatu zitzaien orduan.

Alarma egoera ezarri zenetik, etxetik egunero irakurri eta komentatu dute eguneko Kronika, Lehen Hezkuntzako 6garren mailakoek. «Etxeko lan modura hasi zen jarduera, askok egunerokotasunean txertatu dute», dio haien tutoreak. Gaurkoa dute azkeneko klase eguna.

Egoera desberdinak ekarri ditu osasun alarma egoerak, Koronabirusaren ondorioz ezarri zute­netik; batzuk zailak, beste batzuk bereziak, arraroak... Baina politak ere bai, zenbait. Eta ohitura berriak hartzeko ere balio izan du, kasu askotan.
Horietako bat da Inmakuladako ikasleak eta Kronika eskutik eraman dituena, konfinamendu osoan zehar. «Berehala txertatu genuen ikasketa errutinan, eta egunero-egunero, egunari hasiera emateko, Kronika irakurri dute etxean, eta ondoren komentatu», azaldu du Itziar Oterminek, Lehen Hezkuntzako 6garren mailako tal­dearen tutoreak; Euskara eta Literatura ere ematen die berak.

«Beti iruditu zait interesgarria, ikasleek Kronika irakurtzea, eta gelan landu izan dugu tarteka. Konfinamendua hasi zenetik, online egiteko moldatu ditugu gure klaseak guztiz, eta lanak modu digitalean egin dituzte ikasleek, baita guk zuzendu ere», azaldu du. LH6ko gela horretan, zehazki, Googleren aplikazioak erabili dituzte ikasleek: Classroom, etxeko lanak bidali eta online zuzentzeko; Drive, koaderno digital modura; Hangouts, momentuko zalantzak argitzeko; Meet, bideo-deiak egiteko; Gmail, guraso eta ikasleekin modu formalean komunikatzeko... «Lehendik ere erabiltzen genituen zenbaite­tan, eta nahiko erraz egokitu ga­ra dinamikara».

Eguneroko dinamika horretan txertatu dute Kronika ere. Egunero, Kronika digitalera sarbidea bidali die tutoreak, Hangouts bidez, 23 ikasleei: Mikel B., Silvana, Moises, Casandra, Soufian, Galy, Ane H., Irati, Mikel H., Alain, June, Dey, Eunate, Noa, Manex, Aitana, Anetxu, Jaione, Christian, Loendy, Ethan, Izadi eta David. «Bakoitzak bere etxe­an irakurri du Kronika, eta ondoren, atentzioa gehien eman dion albistea aukeratu, eta idatzizko komentario txiki bat egin dute. Askotan, albistearekin batera zegoen argazkia ere berbidali dute, interesgarria edo poli­ta iruditu zaielako».

«Hasieran, Koronabirusari buruzko hainbeste albisteren artean, eguraldia aukeratzen zuten gustukoena!»

Albisteen aukeraketa horren in­guruan, anekdota bat ere kontatu du Itziar Oterminek: «konfinamendu hasieran, albis­te guztiak Koronabirusari bu­ruzkoak zirenean, ikasleak desa­ni­matu egiten ziren. Itziar, dena Koronabirusari buruzkoa da; desanimatu egiten gara albiste txarrekin!, esaten zidaten. Eta orduan, askok eguraldia aukeratzen zuten gustukoena. Oso eguraldi ona egin baitu konfinamenduan!», kontatu du irakasleak. 

«Baina Koronabirusak albisteen monopolioa galdu duen heinean, albiste aukeraketa zabalagoa izan dute, eta egia esan, ia albiste guztiak komentatu dituzte», dio.

«Etxeko lan bezala eskatu gabe, asteburuetan ere Kronika irakurtzen dute askok»

Itziar Oterminek nabarmendu du, era berean, Kronika irakurtzeko ohitura hartu dutela ikasle horietako askok: «hasieran etxeko lan modura hasi zen jarduera hau, askok bere egunerokotasunean txertatu dute; eta asteburuetan ere, Kronika irakurtzen dutela esan didate, nahiz eta nik ez eskatu etxeko lan bezala».

Ohitura hori hartu izana, ikasleentzat «oso positiboa» de­la uste du Oter­minek: «oso ba­lia­garria izan­go da, beraien egu­nerokotasune­an», adierazi du.

Gaurkoa, ikasturte bereziko azkeneko klase eguna

Irailetik martxora bitartean ohi­ko ibilbidea egin zuen ikas­tetxe guztietan, Inma­kuladan be­zala, 2019-2020 ikasturteak. Baina COVID-19 birusaren agerpenak, eta hari aurre egiteko alarma egoerak, hankaz gora jarri zizkieten ikasketa planak, denei. Telematikoki aritu dira lanean ordutik, eta luzaroan ahaztuko ez duten ikasturtea bizitu dute azkenean, berezia bezain arra­roa guztientzat.

Gaurkoa izango du azkeneko klase eguna, aurtengo ikasturteak, Inmakuladako ikasleentzat. Eta gaurkoan irakurriko dute Kronika azkeneko aldiz, klaseko ariketa bezala, datorren ikasturtera arte. Udarako oporraldiaz gozatzeko tartea izango dute orain, irailera bitarte; eta egoera alaiago horietan ere, haien eskutik joan nahi luke Kronikak, eguneroko bidelagun izateko. Beraz, Inmakuladako ikasleei ez ezik, Urumea bailarako guztiak gonbidatu nahi ditu, egunerokotasunean Kronika irakurri eta komentatzera. 

Eta kontatzeko zerbait daukazuenean, zergatik ez jo guregana? Edozertarako izango dituzue Kronikako ateak zabalik! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!