San Joanak

San Joanetarako 'Kulturaz gozatu, elkar zaindu' kultur emanaldiak antolatu dira lau egunetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 16a, 00:00

Nagore Irastorza eta Koro Etxeberria Biteri kultur etxean egitarauarekin.

Aforo mugatua eta segurtasun neurriekin kultura kalera aterako da berriz ere larunbatean, ekainaren 23an, 24an eta 25ean; musika, dantza, bertsoak eta omenezko suziriekin.

San Joan festak bertan behera geratu dira aurten COVID-19ak bizimodua hankaz gora jarri eta gero. Ezingo dira festak antolatu eta ezingo dira bizi eta gozatu nahi bezala, baina kulturak egun horietan izango du merezi duen lekua Hernanin.
Jai Batzordeak eta Udalak elkarlanean kultur jarduerak antolatu ditu «hernaniarron bizipoza eta ilusioa berreskuratzen laguntzeko. Aldi berean, ordea, COVID-19aren eraginez hil diren pertsona guztiak eta haien senitartekoak izango dira gogoan. Baita, urtero herrian egon ezin diren hernaniarrak ere» adierazi du Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak.
Honela, herriko kultur eragileek eta kultur arduradunek elkarlanean egitarau bat prestatu dute, non musika eta bertsolariak izango diren protagonista nagusiak ekainaren 23, 24 eta 25ean. 

Larunbatean, bisitak eta 'Iceberg' ikuskizunaren emanaldia Chillida Lekun
Hala ere, egitarau horretan, ekainaren 20an, larunbatean, abiatuko da Kultura gozatu, elkar zaindu izenburupean udari ongietorria emateko antolatu den ekitaldi sorta. Chillida Lekun izango den Iceberg dantza ikuskizunak zabalduko du, larunbatean. 
Bi saio izango dira, bat eguerdiko 12:00etan eta bestea, gaueko 20:00etan. Hernaniarrek lehentasuna izango dute ikuskizun honetan, aforoaren erdia baino gehiago hernaniarrentzat erreserbatuta dagoelako. Sarrerak ostiralera arte erosi daitezke, Biteri kultur etxean. 
Iceberg Ikuskizuna Nagore Legarreta  argazkilari hernaniarrak, Myriam Pérez Cazabon dantzariarekin batera sortu du.
 
Herrian bertan hiru egunez musika protagonista
Ekainaren 23an, 24an eta 25ean izango da herrian bertan kulturaz eta giro onean gozatzeko aukera. Koro Etxeberria Kultur zinegotziak, Biterin atzo, egin zen aurkezpenean esan zuenez, «Hernanin sortzaile asko eta talentu haundikoak dauzkagula jakina zen», eta egoera honetan inoiz baino ageriagoan gelditu da. Hartara, herriko sortzaileei beraiei eskerrak eman nahi izan dizkie, «egoera berezi honetan izan duten jarrera prestuarengatik», nahiz eta alarma egoerak behartuta, «nolabaiteko inprobisazioa eta etengabeko aldaketak» nagusi izan diren.
Jai Batzordearekin elkarlanean landutako ekitaldiak izan direla nabarmendu du Etxeberriak, eta bidean izan diren «zailtasun guztien gainetik emaitza oso txukuna dela iruditzen zaigu».
Nagore Irastortza kultur teknikariak aurkeztu zituen antolatu diren musika emanaldiak. Hasteko San Joan bezperan alkatearen agurra jarraitu daiteke, 11:45etan, streaming bidez Udaleko webgunean edo irrati bidez FM 91,8 frekuentzian.  Eguerdian omenezko suziriak botako dira auzoetan eta txistulariak, musika banda eta musika eskolako kideak alaituko dituzte auzoak.
Arratsaldean, 17:00etan eta 19:30etan, familientzako bi musika emanaldi eskainiko dira kiroldegiko pistan Epa Txiki izenburupean eta Demode Quartet taldearekin. Amaitzeko 20:00etan musika banda eta txistulari banda ibiliko dira auzoetan barrena.

Bertso jaialdia, ekainaren 24an
San Joan egunean, ekainaren 24an, lekukoa bertsolariek hartuko dute. Atsegindegin ariko dira bertsotan Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi, Eli Pagola gai jartzaile lanetan ariko dela. 18:30etan hasiko da saioa. 
Eguna amaitzeko musikak ere izango du indarra. Kilimak talde hernaniarrak eta Xabi Solano musikariak kiroldegiko pistan kontzertua eskainiko dute. 
Ekainaren 25ean ere kontzertua egongo da ordu berean, 20:00etan, eta leku berean, baina kasu honetan Bitartean eta Iñaki Salvador, Garbiñe Insausti eta Nahia Vallerekin batera ariko dira.
Ekitaldi guztiak mugatuak dira. Herritarrek exerita egon beharko dute eta segurtasun neurri guztiak bete beharko dituzte. Aurretik gonbidapena eskatu beharko da parte hartu ahal izateko www.hernani.eus webgunean, 943 55 29 62 telefono zenbakian edo email bidez hernanikultura@gmail.com helbidean. Eskaerak aforoa gainditzen badu, zozketa egingo da.  

 

EGITARAUA
Ekainak 20, larunbata
10:00-14:00/18:00-22:00: Chillida Lekura bisitakt.
12:00etan eta 20:00etan: Iceberg ikuskizunaren emanaldia. Nagore Legarreta argazkilariak Myrian Díaz Cazabon dantzariarekin sortutako emanaldia da. 
Sarrerak salgai daude ostiralera arte Biterin. Ordainketa txartelaren bidez soilik. Prezioak: helduak 8 euro; Gazte, langabetu eta erretiratuak 5 euro; Haurrak doan. 
Ekainak 23, asteartea
11:45: Alkatearen agurra. Zuzenean jarraitu daiteke streaming bidez www.hernani.eus webgunean edo irrati bidez FM 91,8 MHZ irrati frekuentzian.
12:00: Omenezko suziriak auzoetan. Txistulari Banda, Musika Banda, Musika Eskolako musikariak.
17:00-19:30: Epa Txiki. Demode Quartet. Musika. Emanaldia familientzat kiroldegiko pistan. Bi saio izango dira.
20:00: Musika Banda eta Txistularien Banda kaleetan, auzoetan...
Ekainak 24, asteazkena
09:00: Diana kaleetan, auzoetan...
12:00: Musika Banda eta Txistularien Banda kaleetan, auzoetan...
18:30: Bertso jaialdia Atsegindegin. Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi. Gai-jartzailea, Eli Pagola. Hernaniko Bertso Eskolak antolatzen du.
20:00-21:15: Musika Kilimak eta Xabi Solano Maizarekin kiroldegiko pistan.
Ekainak 25, osteguna
20:00: Musika Bitartean eta Iñaki Salvador, Garbiñe Insausti eta Nahia Vallerekin kiroldegiko pistan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!