Bai Euskarari

Enpresarean Azoka urriaren 22an antolatuko da aurten Orona Ideon

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 13a, 00:00

Garapen Iraunkorreko Helburuen aplikazioa euskal enpresa-sarean izango da landuko den gaia, hizkuntza aniztasuna kontuan hartuta.

2020ko Enpresarean Azoka urriaren 22an egingo da Orona-Ideon (Hernani) eta aurtengo gaia Garapen Iraunkorrerako Helburuen aplikazioa euskal enpresa-sarean. Eta hizkuntza aniztasuna? izango da. Enpresarean Azoka bi urtez behin antolatzen du Bai Euskarari Elkarteak eta aurtengoa bosgarren edizioa izango da. Ez dakite Covid-19ak nola eragingo duen ekitaldian, baina badaezpada prest dituzte A, B, C eta D planak.
Gai aintzat hartuta, hiru zutabe izango ditu jardunaldiak: Jasangarritasuna; Hizkuntza; eta Inklusibitatea eta hazkunde ekonomikoa. 
Ohi bezala, hitzaldiak, solasaldiak, adibide praktikoak eta ekintzaileentzako tartea izango da. 
Eta hizkuntza aniztasuna? Bai Euskarari Elkarteak kudeatzen duen Euskaragileak enpresa batzordeak egindako proposamen batetik sortu da aurtengo gaia. Enpresa hauen iritziz administrazioak eta enpresak Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lantzen hasi dira, Nazio Batuen Erakundeak abian duen Garapen Iraunkorrerako 2030 Agendaren baitan. Marko horrek 17 helburu definitu ditu, mundua hobetzeko, baina hizkuntza aniztasuna ez da modu esplizituan aipatzen. Hala ere, hor dago nolabait…
«Gure ustez, berezko lekua eskaini beharko litzaioke hizkuntzari Garapen Iraunkorrerako Helburuen artean eta olatua baliatu beharko genuke lanketa eta proposamen bat egiteko, erantzukizun linguistikoa enpresen gizarte-erantzukizunaren parte baita» diote Bai Euskarari Elkarteko antolatzaileek
Izen-ematea, irailean egin beharko da ta orain hizlari eta parte-hartzaile guztiak lotzen ari dira. Irailean ere zabalduko dituzte ekitaldiaren egitaraua eta izen-emateko formularioa. 
Enpresarean Azoka Bai Euskarari Elkarteak sustaturiko Enpresarean egitasmoaren ardatz bat da. Horren helburua da euskara oinarri duen elkarlana, negozio aukera berriak eta komunitatea sustatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!