Gaztelekua

Udaran Gaztelekuak aukera berdintasuna bermatuko du surfarekin, piraguismoarekin eta aerorumbarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 13a, 00:00

Segurtasun neurriak beteko dira eta errutinatik ateratzea da beste helburuetako bat. Ekintza bakoitzerako hamabi plaza egongo dira.

Hernaniko Gaztelekuko hezitzaileek, urtero bezala, uztailean zehar egingo dituzten ekintzak prest dituzte. Martxoaren erdialdetik aurrera, COVID-19a dela eta, zerbitzuaren formatua aldatu eta online egon behar izan dute. Ekainean, pixkanaka ekintza batzuk Gazteleku inguruan egiten hasi dira, segurtasun neurriekin eta aforo mugatuarekin. 
Udarari begira, ezinbestekoa iruditzen zaie herriko gazteentzako (12-17 urte) eskaintza egitea, esan bezala, egoera honetara moldatutako segurtasun neurri bereziekin. Badakite hilabete hauek ez direla batere errazak izan eta familia askoren egoera ekonomikoa ere aldatu egin dela. Hori dela eta, aukera berdintasuna bermatu eta errutinatik ateratzeko zenbait ekintza proposamen egiten dituzte Gaztelekutik, ekainaren 29tik (astelehena) uztailaren 24ra bitarte (ostirala): Aerorumba, Surf ikastaroa, Piraguismo ikastaroa, afari-merienda, gynkana, zirku tailerra… 

Ez da dirurik ordainduko, baina  konpromezua eta izenematea eskatuko dira
Ekintzetan parte-hartzeko, gazteek ez dute dirurik ordaindu beharko baina beharrezkoa izango da aldez aurretik izen ematea eta kompromezua edukitzea. Aurten beste urteetan baina plaza gutxiago izango ditugu ekintza bakoitzerako (12) eta kopuru hori baino gazte gehiago apuntatzen bada, zozketa egingo dute. Izen ematea asteka egingo da, online (Google Forms-eko galdetegi baten bidez). Bertan ekintza bakoitzaren ordutegia zehaztuta dago eta informazio gehiago eskainiko dute, behin apuntatu eta plaza egokitzen denean. Plaza konfirmatzearekin batera, zenbait fitxa irakurri, sinatu eta ekintza baino lehen Hernaniko Gaztelekuari helarazi beharko zaizkio (izen emate orria, bakarrik itzultzeko baimena eta baimen berezia COVID-19 dela eta).  Hauekin batera, Gaztelekuko segurtasun protokoloa ere bidaliko zaie.   Izenemateko aukera aste honetan jarri dugu martxan eta ondorengo linkaren bidez egin dezakezue edo QR kode honen bidez: https://linktr.ee/hgaztelekua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!