Erremontea

Galarretako frontoiak 50 urte betetzen ditu gaur Urrezko Ezteiak ezin ospatuz

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 13a, 00:00

1970eko ekainaren 13an zabaldu zituen ateak lehenengo aldiz Euskal Jai-Galarreta enpresaren kudeaketarekin eta aurreneko jaialdiko erremonte partidua Pablo Lecumberri eta Salsamendik, Raul eta Arbizuren aurka jokatu zuten

1970eko ekainaren 13an zabaldu zituen ateak lehenengo aldiz Galarreta frontoiak eta beraz, gaur, 50 urte betetzen ditu. Hala ere, Urrezko Ezteiak ezingo ditu bere egunean bete COVID-19ak sortutako pandemiaren eraginez. Momenturik ezegokienean etorri da osasun krisia Galarretarentzako, baina albiste onak ere badira eta datorren astean gaur zortzi, ekainaren 20an, zabalduko ditu ateak berriz ere hiru hilabete eta sei egun erremonte partidurik jokatu gabe egon eta gero. 

50 urte ez dira egunero betetzen eta urte guzti horiek nolakoak izan diren gogoratzeko balio du. Galarreta frontoia Hernaniko Jauregi auzoan dago kokatuta eta herriaren ikur bihurtu da urte guzti hauetan. Pelotaren erreferetzia da, dudarik gabe, eta erremontearen katedrala ere bihurtu da urte guzti hauetan. Hernaniren izena zabaldu du Galarreta frontoiak eta leku ezaguna da Euskal Herrikoak eta bertakoak ez diren askorentzat.

Donostian, Gros auzoan, kokatuta zegoen Urumea frontoia erremontearen urte oparoak bizi izan zituen, baina 50 eta 60garren hamarkadan krisi larrian sartu zen disziplina. Nafarroan, Euskal Jai zaharra mantentzen zen eta Madrilen zeuden frontoiak ixten joan ziren, horien artean Recoletos famatua. Erremontea hiltzear zegoela oriotar kuadrila batek Galarretaren proiektua jarri zuen martxan eta horien artean zegoen Juan Antonio Ercilla. 40 urtetan, sortu zen egunetik eta 2010garren urtera arte Euskal Jai-Galarreta enpresaren arduradun nagusia izan zen Hernanirekin lotura haundia izan duen oriotarrak. 

«Eugenio Azkue oriotarra izan zen bultzatzaile nagusia»

Berriki El Diario Vasco egunkarian eskainitako elkarrizketa batean hasiera haiek nolakoak izan ziren argitu ditu eta memoria ikaragarria duela argi geratu da. Xehetasun guztiak gogoratzen ditu Ercillak. 

«Bultzatzaile nagusia Eugenio Azkue izan zen eta nire aita  Jose Angel Ercillarekin batera elkartea sortu zuten. Gero gehitu ziren Jose Mari Salsamendi, Luis Mari Mujika, Unsain... guztira hamarren bat gehitu ziren proiektura» azpimarratzen du Ercillak.
Urumea eta Recoletos 1968an itxita, 1969ko abuztuan Iruñako Euskal Jai itxi zen eta erremontea desagertu egin zen. 

Hala ere, oriotar talde honek Galarretan 20 mila koadroko eremua erosia zuen. Galarreta eraikitzen hasi ziren 1969an. Erremontista profesionalak bildu eta Beran jokatzen hasi ziren astean behin. Euskal Jai erosi eta berriz ere martxan jarri zuten 1969ko San Saturnino egunean, udazkenean, eta  hortik sei hilabetera Galarretaren inaugurazio eguna iritsi zen 1970eko ekainaren 13an.

Argiak joan ziren inauguratu zen momentuan kontagailua lehertuta

Erremontea martxan Hernanin jarri zuten eta ez Donostian. Horretan eragin zuzena izan zuten Fermín Altuna alkateak eta Tedy Setien zinegotziak. «Gu Ibaetan, Lorea inguruan, lur sailak begiratzen hasi ginen, baina Donostiako Udalak  ez zuen begi onez ikusten eta gu Donostia inguruak begiratzen hasi ginen. Orduan, Altuna eta Setieni eskaintza eta proiektua gustatu zitzaien eta horrela eraiki zen Galarretan frontoia».

Prozesua ez zen erraza izan Donostiako Udalak Balda frontoiaren aldeko apustua egin zuen eta, urte horretan jokatzekoa zen Munduko Txapelketarako. Hala ere, lanak atzeratu eta urte horretan bertan, Zesta Puntako modalitateko Mundiala, Galarretan jokatu behar izan zen irailean. Ercillak gogoratzen du eskaparate bezala balio izan zuela txapelketa horrek.

Hiru hilabete aurretik inauguratu zen Galarreta. San Antonio eguna zen eta jaialdia gauez iragarri zen. Leporaino bete zen Galarreta eta inauguratutzat eman zen unean argirik gabe geratu zen frontoia itzalita. «Ez zen ezer ez ikusten eta Andoaingo elektrizista bat agertu zen, Victor Odriozola. Kontagailua lehertu zen, kableak lotu eta argia itzuli zen». 

Lehenengo partidua 29na amaitu zen

Lehenengo partidu hura Pablo Lecumberri eta Salsamendik, Raul eta Arbizuren aurka jokatu zuten. Salsamendi haundiaren azkenengo partidua izan zen, 45 urte zituen. Partidua 30era iragarri zen, baina 29nako berdinketarekin amaitu zen. Ondoren pala partidu bat jokatu zuten Gurrutxaga-Canelladak, Mendiluze-Egañaren kontra. Lecumberri eta Raul ziren orduko izar nagusiak 70garren hamarkadan eta Galarretako lehendabiziko bi izarrrak. 

Koadroan 40 erremotistekin hasi zen Euskal Jai-Galarreta enpresa. «Eskarmentu haundiko koadroa genuen eta Galarretako eskola jarri genuen segituan martxan». Lehendabiziko hamar urteak igarota urrezko aroa etorri zen, 80garren hamarkada. Izugarrizko betekadak izaten zituen frontoiak eta abuztuan egunero betetzen zen. Bai, ez da akatsa, egunero-egunero. Larunbatetan bi saio iragartzen ziren; bat arratsaldez eta bestea gauez. Gauekoan zesta punta ere jokatzen zen. Bolibarko Txikito zen orduko izarra eta bertan jokatzen zuen. 
90garren hamarkada arte, abuztua ez zen beste hilabete guztietan lau jaialdi antolatzen ziren, normalean, astean zehar astearte, ostegun, larunbata eta igandeetan. «Euskal Jaien beste lau iragartzen ziren, 1979ra arte Iruñeakoan eta 1979tik aurrera Huarteko Euskal Jai Berrin, guztira zortzi astean zehar». Hala ere, Galarretan iragartzen ziren partidu nagusiak. Erremontearen katedrala bihurtu zen. 

Guztira 70 pelotari iritsi ziren izatera Euskal Jai-Galarreta enpresan, 55 erremontista eta 15 palista. 70garren hamarkada amaiera eta 80garren hamarkadako arrakastaren ondoren, 90garren hamarkadan krisia pixkana hasi zen eta mende berriaren etorrerarekin areagotu egin zen. 2010garren urtean Ercillak utzi egin behar izan zuen eta frontoia bi hilabetez itxita egon zen, baina Oriamendi2010 enpresa berriarekin berriz zabaldu ziren ateak eta 50 urte bete ditu dagoeneko eta izan daitezela beste 50 gutxienez, hori izango litzateke seinalerik onena. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!