Urtero izan ohi den moduan, unibertsitate zein Gizarte Berrikuntzako ikasleek aukera izaten dute atzerrira joan eta bertan ikasketak egin edota enpresetan praktikak burutzeko. Aurtengo pandemiak, ordea, kanpoan bizi edo ikasten duten milaka pertsona etxera bueltatzea behartu ditu. Hala ere, herrialde eta kultura ezberdinak ezagutu eta harreman berriak sortzeko aukera ezinhobea da atzerrira joatea. Horregatik, konfinatuta bazen ere, geratzea erabaki dute, batzuek: «Aurten bereziki ahaztezina bilakatu zaie esperientzia».
«Bagenekien zentzuz jokatuko genuela eta emandako osasun gomendioak jarraituko genituela», adierazi dute.
Maialen Maiza eta Nerea Iraolak Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuten unibertsitateko ikasketak eta praktikak erbestean egiteko. Hala ere, pandemiagatik ikasketen programazioa eta bidaiatzeko zituzten plan guztiak aldatu zaizkie.
Erizaintzako ikasketak burutzen ditu Maizak, eta Gizarte Hezkuntzako ikaslea da Iraola. Erdialdeko Amerikara joan ziren biak urtarrilan, hirugarren mailako azken seihilekoa bertan egitera. Baina bertara iritsi eta bi hilabetera espero ez zutena gertatu zen, pandemia batek bete-betean hartu bait zituen etxetik kanpo. «Lehenengo kasua martxoak 13an iritsi zen eta hasieran ez genuen serio hartu, baina egunetik egunera kasuak areagotu egin ziren eta ikasleak etxera bueltatzen hasi ziren», dio Iraolak.
Egoeraren aurrean, unibertsitateak babesa adierazi die
Alarma egoera dekretatu zenean Euskal Herriko Unibertsitatea eta bertako zentrua haiekin jarri zen kontaktuan, eta bi aukera eskaini zizkieten: etxera bueltatu edo bertan geratu. «Hemen geratzea aukeratzen bagenuen eta ezbeharren bat gertatuz gero, gure ardurapean egongo zen guztia», dio Iraolak. Azkenean, etxekoekin hitz egin ostean, atzerrian geratzea erabaki zuten biek. “Kaosa izan zen; jendea etxera joaten hasi zen eta nik ere bueltatzea planteatu nuen», onartu du Maizak. Hala ere, gehitu du: «baina pentsatu nuen: zertarako? Euskal Herrian egoera ere okertzen ari zen, orduan. Bueltatu den jendearekin hitz egin dugu, eta damutu egin dira guztiak».
«Lagunek inolaz ere ez bueltatzeko esan zidaten»
Parrez gogoratu du Maizak etxekoek eta lagunek esandakoa, bueltatu edo geratzeko erabakia hartzeko haiekin hitz egin zuenean. «Amak bueltatzeko esan zidan, eta aitak ordea, zalantzarik gabe hemen geratzeko», aitortu du, irrifar batekin.
Bere aldetik, Iraola ere ez da damutu hartutako erabakiarekin: «asko ikasi dut». Dio, «kultura ezberdineko jende asko» ezagutu duela, Honduras eta Salvadorrekoak, batez ere. Emozio artean gogoeta egin du, Iraolak: «merkatura joaten gara barazkiak erostea, eta miserian bizi diren arren, hemengoek erakusten duten poztasuna izugarria da».
«Goitik behera aldatu zaizkigu planak»
Mexikora iristean, Maizak bi praktikaldi egin behar zituen Guadalajarako ospitaleetako batean. Pandemiagatik, ordea, bakarra egiteko aukera izan du: «hemengo ospitaleen funtzionamendua ezagutu nahi nuen eta behintzat hori egitea lortu nuen, pandemia hasi aurretik», helarazi du, ilusioz: «honekin geratuko naiz». Gainera, klaseak etxetik egin behar izan dituzte biek: «pandemia hasi zenean online hasi genituen klaseak. Asko lagundu digute unibertsitatean eta ikasketekin jarraitzeko aukera izan dugu».
Bidaiatzeko planak ere aldatu zaizkie, biei. «Kolonbiara joatea zen nere asmoa. Hala ere, orain ezinezkoa suertatu zaigu. Zortea izanez gero Maialenekin elkartuko naiz, Mexikon», dio Gizarte Hezkuntzako ikasleak. Hala ere, Maizak argi utzi du Hego Amerika ezagutzeko gogoa duela: «asmoa da etxera abuztu bukaeran edo irailan bueltatzea». Hain zuzen ere, «ekaina hasiera arte Mexiko ezagutzen geratzeko asmoa nuen, gero Bolivia, Peru eta Kolonbiara joateko», adierazi du. Iraolak ere, plangintza birusaren arabera moldatuko du: «ez dakit noiz bueltatuko naizen. Uztailean bueltatuz gero, amorrua emango dit orduantxe bertan irekitzen badute bidaiatzeko eta turismo planak egiteko aukera».
Apenas arauik ez, konfinamendu garaian
Etxera ez bueltatzeko arrazoietako bat izan zen, Guatemalan eta Mexikon, gobernuak ez zuen konfinamendurako arau zorrotzik jarri. Arauen aldetik bi aste «zorrotz» izan bazituen ere, Iraolak dio «egunero ateratzen gara kalera». Guatemalan ere deseskalada faseak egitea pentsatzen ari dira, nahiz eta oraindik «arratsaldeko 18:00etatik goizeko 05:00etara» etxean geratzeko agindua duten.
Mexikon, ordea, ez da ia arauik ezarri. Maizaren esanetan, «jarri diguten arau bakarra maskarilla jartzea da». Hala ere, hildako kopuruari erreferentzia eginez, adierazi du: «hemen ez dakigu egia esan diguten, narkoek jende asko hiltzen dute eta uste dugu egia ezkutatzen ari direla». Gainera, osasun sistema garestia denez, «gaixotzen den jendea ez da ospitalera joaten, etxera joaten da eta horregatik, erregistratutako datuak ez dira errealak», gehitu du.
Eusko Jaurlaritzen kezka, Hego Amerikako lurralde batzuen egoeraren aurrean
Eusko Jaurlaritzak egindako komunikatu batean kezka adierazi du, eta horrekin batera, salatu du Kolonbian, Mexikon, El Salvadorren, Hondurasen eta Guatemalan giza eskubideen urraketak areagotu egin direla krisia hasi zenetik. Izan ere, «konfinamendu-egoerak, herrialde hauetan komunitate askok aurretik bizi zuten krisialdi humanitarioa larritu besterik ez baitu egin, lider sozialen zaurgarritasuna areagotuz».
«Oso interesgarria izan da lana zein modutan egiten duten ezagutzea»
Mantentze-Lan Ekektromekaniko praktikak Suedian egitera erabaki zuen Vergarak, baina pandemiak bertan harrapatu zuen.
Bestelakoa izan da Mantentze-Lan Elektromekanikako ikaslearen esperientzia, Suedian. «Elonroad izeneko startup txiki batean egon nintzen praktikak egiten, kotxe elektrikoak kargatzeko errailak egiten dituzte». Martxoan Suedian koronabirusaren eragina larria izan ez bazen ere eta konfinamendurik egon ez zen arren, Euskal Herrian egoera «gogortzen» ari zela nabaritu zuen Vergarak eta etxera bueltatzea erabaki zuen.
Hala ere, Vergarak dio esperientzia positiboa izan dela guztiz, «oso interesgarria izan da haiek nola lan egiten duten ikustea eta haien kultura gozatzea». Penaz gogoratu du «hilabete besterik ez» egon izana.
Horregatik, beste ikasleak atzerrira joatea animatu ditu: «Erasmus programa egitea gomendatuko nieke gazteei, batez ere Erdi Mailan daudenei eta gero Goi Maila egiteko asmoa dutenei; Erdi Mailan Erasmusa eginda eta Goi Mailan programa duala, Heziketa Zikloak erabat aprobetxatzeko modua da».
Larrialdi egoerak eta pandemiak, ordea, ez du Vergararen ikasketetan traba handirik jarri. Hain zuzen ere, Euskal Herrira itzuli eta praktikak bukatzeko lan osagarria egiteko aukera izan du. Gizarte Berrikuntzako arduradunek ikasleen onurarako egin dute lan, eta adierazi dute, «zailtasun guztiak gorabehera», ikasle guztiek lortu dutela aurreikusitako garaian ikasketak bukatzea: «pozik gaude, uda usaina lagun, etorkizunerako planak prestatzen».
Vergara Euskal Herrira bueltatu eta hilabete batzuk beranduago, egoera zertxobait okertu da Suedian. Hain zuzen ere, hildako eta kontagiatuen zifra areagotu egin da. Egun, 4500 hildako inguru izan dira eta herrialdeak gertuko bizilagunek baino heriotza-tasa handiagoa izan du.
Horregatik, Europako zenbait lurraldeen modura, herritarrek debekatuta dute mugak zeharkatzea. Koronabirus kasuak bertan ematen hasi zirenean herrialdeak ez zuen neurri zorrotzak ezartzeko apustua egin, eta orain, kasuek gora egin dutelako, uste dute hasieratik murrizketa gehiago jarri behar izan zituztela.
«Itzulera bidaia gogorra izan zen», aitortu du Cuevasek
Edinburgo aukeratu zuen praktikaldia egiteko, baina alarma egoera hasi zenean etxera bueltatzea erabaki zuen.
Oliveiraren modura, Animazio Sozio Kultural eta Turistikoko ikaslea da Cuevas. Edinburgora joan zen otsailaren amaieran, eta praktikak hasi zituen Mackenzie School of English-en. Eskola horretara gazteak eta helduak joaten dira ingelesa ikastera, eta baita institutuetako taldeak ere, aste batzuez hizkuntza sustatzera eta eskolan antolatzen dizkieten irtenaldi eta ekintzak egitera.
Cuevasen lana administrazio lanetan jardutea eta ekintzetan parte hartzea zen, baina berak ere, besteen moduan, praktikaldia eten egin behar izan zuen. «Oso gustora nengoen, bai eskolan eta baita hirian ere. Edinburgo oso polita da, eta bertako jendea oso atsegina da».
Koronabirusaren inguruan dio, egoera lasaia izan dela bertan. «Pandemia dela eta lasai egon gara, Edinburgon kasu gutxi zeuden, eta itxialdia ez da gogorra izan», baina ez zuten hiritik ateratzeko aukera izan. Horregatik, bertan gelditu edo etxera itzultzeko erabakia hartzeko unea iritsi zenean, aho-batez, dio, «pisukide guztiek bueltatzea erabaki genuen. Itzulera bidaia gogorra izan zen».
Etxera bidean berehala ohartu ziren pandemia egoera larria zela, Europa mailan, ere. «Edinburgotik Bilbora bidean Londresen eman behar genuen gaua, baina bertarako hegaldia bertan behera gelditu zen eta hotela itxi egin zuten». Azkenean, zorionez, autobusean iritsi ziren Londres hirira eta gero errazagoa izan zitzaien etxerako buelta: «ia bi egun eman genituen lo egin gabe, baina azkenean, iritsi ginen».
Koronabirusarekin gaixotutako lehenengo kasua martxoan eman zen, Eskozian. Hala ere, kasuak areagotu egin ziren eta horregatik, jatetxeak, kafetegiak, gimnasioak eta zinemak aldi baterako istea erabaki zuten, pandemiaren hedapen masiboa saihesteko prebentzio-neurri gisa. Erresuma Batuak munduko hildako kopuru altuenetarikoa du, eta desadostasun handiak ditu Eskozia, Gales eta Ipar Irlandarekin.
«Praktikak bukatzean Portugalen lanean geratzeko asmoa nuen, baina pandemiagatik, hori ezinezkoa izan da»
Gogorra izan zen Oliveirarentzat praktikaldia bertan-behera utzi behar izatea. Hala ere, etxera ez bueltatu eta Bejako hirian geratzeko apustua egin zuen.
Animazio Sozio Kultural eta Turistikoko ikaslea da, Oliveira. Gogotsu abiatu zen otsaila amaieran Bejako hirira, garun paralisia duten pertsonen zentru batean praktikak egitera: «Mendekotasun haundia duten pertsonak egoten dira bertan, eta nire eginkizunen artean, animazio ekintzak egiteaz gain, beste hainbat eginbeharretan laguntza ematea zen». Hala ere, bertara iritsi eta bederatzi egunetara alarma egoera piztu zen eta etxean gelditu behar izan zuen, itxialdia egiten. Horregatik, aurretik zehaztutako planak aldatu behar izan zituen.
Hasieratik argi izan zuen bertan geratzeko erabakia: «Portugalen oso azkar hartu zituzten neurriak, eta jende gutxiago kutsatu da Euskal Herrian baino». Adierazi du, itxialdia ez zela hain gogorra izan; besteak beste, etxetik ateratzeko aukera zutelako eta bizi zen etxea ere handia zelako: «lorategia genuen», dio. Oliveirak praktikak amaitu ostean Portugalen hainbat hilabetez lan egiteko asmoa zuen, baina egoera dela eta, «hori ezinezkoa suertatu da».