MUSIKA BANDA

Auzoz auzo eta plazaz plaza eskainiko du San Joanetako preludioa etzi, Musika Bandak

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 11a, 09:07
Distantziak mantenduz egin dituzte entsaioak Musika Bandako kideek, joan den ostegunean hasita, Milagrosan

Larunbat iluntzean joko dute, Hernaniko hainbat tokitan. Eta ondoren, ekainaren 23an eta 24an ere aterako dira kalera, jaietako egunak behar luketenak alaitzera. Auzoz auzo eskainiko dituzte, emanaldi horiek ere.

Eten egin zuen Hernaniko Musika Bandaren egunerokoa, martxoan, COVID-19aren aurrean ezarritako osasun alarma egoerak: ez entsaio eta ez kontzertu. Baina ez dira geldirik egon ordutik, eta beste hainbatek bezala, sare sozialen bitartez saiatu dira iristen herritarrengana, Musika Bandakoak ere. Horrela, esaterako, «hernaniarrontzat hain kuttuna den Mendirik mendi doinua» zabaldu zuten bideo bidez, martxoaren 18an, konfinamendua hasi eta gutxira. Bertan, Jon Ansorena, Iñaki Eguren eta Haritz Ezeiza txistularien laguntza izan zuten Musika Bandako kideek. Bigarren bideo bat ere zabaldu zuten apirilaren 11n, Ainara Ortega abeslariaren laguntzaz, Maitia nun zira abestiaren zati bat grabatuta. «Bi bideo horiek arrakasta haundia izan zuten, eta asko zabaldu ziren jendartean. Baina musikariak eta entzuleak zuzenekoaren zain zeuden, horretara baitaude ohituta herriko bandak», azaldu dute.

Kaleko aurreneko emanaldia, auzoz auzoko Preludioa

Joan den ostegunean ekin zien berriro entsaioei, Musika Bandak, horiek egokituta beharrezko segurtasun neurriak bermatzera. «Bi txandatan egin ditugu entsaioak: perkusioa eta haize-metala batetik, eta haize- -egurrezko tresnak bestetik. Laburragoak izan dira entsaioak, baina modu presentzialean elkartzen garen aurreneko aldia denez, etekin haundia atera genion elkarrekin jotzeari». Aurreneko entsaioetatik, aurreneko emanaldietara egingo dute orain. Eta estreinakoa, oso berezia izango da: etzi, larunbatarekin, San Joanetako Preludioa eskainiko dute auzoz auzo eta plazaz plaza. Arratsaldeko 19:00etan hasita, joko dute Plazan, Plaza Berrin, Zinkoenean, Oblatosen, Karabelen, Zikuñagan, Portun eta Elizatxon. «Toki bakoitzean geldirik joko dugu. Izan ere, kalejiran joanda zaila da gutxieneko distantziak mantentzea, musikarien artean». Kontzertu txiki horietan, estilo ezberdinetako doinuak joko dituzte: Deba, Irureta eta Praskuarena kalejirak, eta kontzertuko zenbait piezaren zatiak; Santana a Portrait, Deep Purpleren Smoke on the water, eta Bizeten L'arlesienne, hain justu.

Kalejira eta kontzertuak, San Joanetako egunetan ere

Preludioak ez ditu San Joanak bere horretan iragarriko, aurten ez baitira ohiko San Joan jaiak izango, ekintza batzuk antolatuko diren arren. Baina jaiei dagozkien egunetan ere, kalera aterako da Musika Banda, eta kalejira zein kontzertuak eskainiko ditu, herrian barrena. Horrela, ekainaren 23an, San Joan Zortzikoa joko du, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, herriko hainbat txokotan: Plazan eta Plaza Berrin, Zinkoenean, Txirrita kalean, Atsegindegin, Txantxillan eta Lizeagan. Eta ekainaren 24an, saio bikoitza egingo dute. Aurrena, goizeko 09:00etan, diana joko dute Etxeberrin, Sagastialden, Antziolan, atletismo pistaren inguruetan eta Karmelo Labakan. Eta ondoren, kontzertua eskainiko dute, eguerdiko 12:30etatik aurrera, beste lau gune ezberdinetan: Sorgintxulo auzoan, Latsunben, Urbieta kalean, eta Biteri kultur etxean. «Preludioa bezala, tokian geldirik joko dugu horietan ere. Ohiko ibilbidea aldatu dugu, Musika Bandaren doinuak ahalik eta auzo eta herritar gehienengana iritsi daitezen», diote. Festarik izango ez den egunetan, etxez etxe gogoraraziko dute, San Joanen egunak direla.

HERNANIKO MUSIKA BANDAREN EMANALDIAK EKAINAK

13 PRELUDIOA

19:00, Plazan, Plaza Berrin eta Zinkoenean

19:25, Oblatosen

19:50, Karabel auzoan

0:25, Zikuñaga auzoan

21:00, Portu auzoan

21:25, Elizatxon

EKAINAK 23 SAN JOAN ZORTZIKOA

20:00, Plazan eta Plaza Berrin

20:15, Zinkoenean

20:30, Txirrita kalean

20:45, Atsegindegin

21:00, Txantxilla auzoan

21:20,Lizeaga auzoan

EKAINAK 24 DIANA

09:00, Etxeberrin, Sagastialden, Antziolan, atletismo pistaren inguruetan, eta Karmelo Labakan

EKAINAK 24 KONTZERTUA

12:30, Sorgintxulo auzoan

13:00,Latsunben 1

3:30, Urbieta kalean

14:00, Biteri kultur etxean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!