Zartai hotsak eta erasotuak izan diren emakumeen aldeko keinuak izan ziren protagonistak, pasa den eguneko Tilosetako kontzentrazioan. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, ehunka pertsona bildu ziren eta gizon zein emakumeek, guztiek, orain arte gertatutako egoera tamalgarriak lau haizetara salatu zituzten. Dagoeneko hiru eraso «oso larri» izan dira eta Koordinadora Feministak akzio hauen aurrean «haserrea» du, «nazkatuta» daudela helaraziz.
Erasotuek irakurketa hau egin zuten ekitaldian: «Hernanin eman diren eraso sexisten harira, erasotuak izan garen emakumeok honako mezua helarazi nahi dugu: Hernanin eman diren eraso zehatz hauek, denon erantzukizuna dira. Azken asteetan herrian zabaldu den gai bat izanik, honelako kasuen aurrean, tamalez, gertatzen den moduan, jendea bere iritzia ematen aritu da honen atzean dagoen ardura kolektiboari muzin eginez.
Eraso sexista hauen atzean pertsona erasotu batzuk gaude, baina eraso hauek ez dira pertsona zehatz baten kontua soilik, egiturazkoa den indarkeria patriarkalaren baitan kokatzen baita; eta denon ardura da indarkeria hauek eman ez daitezen ardura kolektiboz eta konpromezu politikoz jokatzea.
Prozesu hauek oso pertsonalak dira, beraz, jendea gai honekiko konpromezu erreal bat hartzeko prest ez dagoen bitartean, ez dugu haien iritzirik behar. Eraso sexistak ekiditea denon erantzukizuna den heinean, errespetuz, morborik gabe eta enpatiaz jokatzea eskatzen dugu.
Salaketa honen abiapuntua, sendatze prozesu baten parte da. Inola ere ez da ahaztu behar, prozesu hauen erdigunean, erasotuak gaudela, gure zaintza, ongizatea eta erreparazioa. Eta inondik inora ez dugu onartuko seinalatuak izatea herriaren partetik, ez eta epaituak izatea ere.
Prozesuarekiko ekarpenik baduzu, aurpegia emanez eta herrian egunerokotik hasita ematen diren indarkeriei aurre egiten parte hartzera gonbidatzen zaitugu, eta ez Koordinadora Feministak egiten duen lana kritikatuz. Izan ere, biolentzia da eraso sexisten aurrean erreparazio prozesuak gidatzen aritzen direnen lana epaitzea; eta biolentzia da jendarte patriarkalak birsortzen dituen dinamika eta jarrera pasibo agresiboetan (zurrumurruak, ez sinistea, emakumeon bizipenak zalantzan jartzea...) geldirik geratzea.»