Udal baratzea

Udal baratzen erabiltzaile izateko prozesua, martxan

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 6a, 00:00

Datorren ostegunean amaituko da zozketan parte hartzeko epea.

Udal baratzetan parte hartzeko prozesua irekita egongo da, ekainaren 11ra arte.

COVID-19a dela eta bertan behera geratu ziren epe administratiboak, baina orain berriz jarri dira martxan eta Udal baratzetan parte hartzeko prozesua berreskuratu du Udalak. Eskaerak egiteko epea datorren ostegunean amaituko da, hilak 11n.

Baratze parkeak guztira 30m2-ko 72 partzela izango ditu, eta bi eremu artean banatuko dira: Antziolan 26 partzela eta Sagastialden, aldiz, 46. Udalak adierazi du Baratze Parkea «barazkigintza ekologikoan» oinarrituko dela. Hori dela eta, «esleipendunak behartuta egongo dira, lursaila eskuratu baino lehen, Udalak eta Ekoguneak antolatutako nekazaritza ekologikoei buruzko prestakuntza ikastaro bat egitera, lursailak era egokian ustiatuko direla bermatzeko».

Onuradun izateko, bete beharreko hainbat baldintza

Udalak zehaztu du onuradun izateko aukera izango dutela «Hernaniko udalerrian eskaera aurkezteko epea hasi baino 6 hilabete lehenago erroldatuta dauden pertsonak». 

Hala ere, zehaztu du beste hainbat baldintza bete beharko dituztela: Hernaniko Udalarekiko zerga-betebehar guztiak egunean izatea, aisialdirako baratze ekologikoan garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko fisikoki gai izatea, beste baratze ekologiko baten erabiltzaile den bazkidetza-unitate bateko kide ez izatea eta ez edukitzea, ez jabetzan, ez alokairuan, nekazaritza-jarduerarako den lurrik.  Gainera, onuradun den bitartean Udal-baratzeen erabiltzaileak Hernanin erroldatua jarraitu beharko du.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa, tokia eta epea

Zozketan parte hartzeko interesa dutenek, nahitaez Udalak webgunean eskuragai duen eskabide-orria aurkeztu beharko dute. Jakinarazi du, eskabide-orriak behar bezala beteta aurkeztu beharko direla, Udaleko Herritarren Harrera Zerbitzuan. 

Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, onuradun izateko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskaerarekin batera NANaren edo legez ordezkatzen duen dokumentuaren kopia izango da beharrezkoa, eta baita baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko zinpeko aitorpena ere. Azken hau Udalak aurkeztutako baldintza-agiriaren eranskinean dago eskuragai. 

Behin dokumentazio guztia duela, Udalak «ofizioz egiaztatuko ditu errolda eta benetako egoitza, arau-hausterik batere ez dagoela eta Udalaren zerga-betebehar guztietan egunean dagoela».

Baratzak bi zozketen bidez banatuko dira. Lehenengoan zehaztuko da onartutako eskaeren artean partzela zeintzuk lortzen duten eta bigarrenean, partzela zehatzen banaketa egingo da.

Onuradun izanez gero, erabilera arau batzuk

Esleipedunek 30 euroko bermea jarri beharko dute, Udalak adierazitako kontu korronte zenbakian, eta itzuli egingo zaie esleipena bukatzen denean. 

Gainera, emakidunak Udalari urteko kanon bat ordaindu beharko dio. Lehenengo urtean 60 eurokoa izango da, baina zenbatekoa eguneratu egingo da urtero.  Lehenengo ordainketa emakidearen unean egin beharko da. 

Udalak zehaztu du ongarriei dagokienez debekatuta daudela sintesiko ongarri organiko guztiak eta prozedura kimikoen bitartez lortutako ongarri mineralak. Lurraren tratamenduari dagokioenean ere, bete beharreko hainbat arau zehaztu ditu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!