Sagardotegi denboraldiaz gozatzeko gogoz geratu zenak, izango du aukera oraindik, Olaizola sagardotegian. Datorren ostiralean, ekainaren 12an, irekiko ditu ateak berriro, udaran sagardoaz gozatzeko beste modu bat eskainiz. Eta horrela, txotx denboraldiaz gozatzeko aukera ere izango da berriro.
Izan ere, botilatik ez ezik, txotxetik ere dastatu ahal izango da sagardoa, txandaka eta taldeka.
Ostegunetik igandera egongo da zabalik Olaizola, eta sagardotegiko menuaz gainera, beste menu batzuk ere dastatzeko aukera izango da. Ostegun eta ostiral iluntzeetan, larunbat eguerdian zein gauean, eta igande eguerdian gozatu ahal izango da sagardotegiko giroaz, aurrez erreserba eginda.
Horretarako, egungo egoera kontutan hartuta, beharrezko neurriak hartuko dituzte. Eta terrazatxo bat ere prestatu dute, bezeroek ahalik eta modurik onenean eta seguruenean gozatu dezaten.