Erlijioa

«Ramadana ongi egin dugu etxean, baina azken eguneko festa haundian ezin izan gara elkartu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 6a, 00:00

Ramadaneko azken eguneko festan besarkadak ohikoak izaten dira.

Musulman komunitateak aurten apirilaren 23tik maiatzaren 23ra bitarte egin du, egunsentitik ilunabarrera arteko baraualdia, eta aurten pandemiaren erdi-erdian suertatu zaie.

Urumea bailarako komunitate musulmanari, kalteak ekarri dizkio konfinamenduak. Deseskalada faseak, egunerokotasunean, normaltasunera itzultzea suposatu du, baina eliz katolikoetan ez bezala beraien kultorako erabiltzen duten zentro kulturala, Zikuñagan, ezin izan dute oraindik zabaldu. 
«Gainera pandemia honek Ramadana erdi-erdian harrapatu du», Hernaniko Arrisala elkarteko kideek dioten bezala. Ramadana islamdar egutegiaren bederatzigarren hilabetea da. Hilabete hori mundu osoan ezaguna da musulmanek egun horietan, eguzkia ateratzen denetik sartu arte egiten duten baraualdiari (sawn) esker. Ramadaneko baraualdia eguzki-orduetan egiten da; soilik jan daiteke eta ura hartu egunsentia baino lehen eta ilunabarraren ondoren.
Musulmanen erlijioan garrantzi haundia du Ramadanak, funtsezkoa. Urtero Ramadan hilabetea data desberdinetan ematen da, ilargi egutegiaren arabera, eta aurten apirilaren 23a eta maiatzaren 23a bitartean egin da.
Kontuan hartu behar da garaiaren arabera baraualdia luzeagoa edo motzagoa dela. «Neguan suertatzen bada Ramadana gurean motzagoa da, 12 ordukoa adibidez, eta udan luzeagoa, 16 ordukoa». 
Baraualdia egiteko, Islamaren aginduen arabera, pertsona helduak izan behar dira, buruko osasunez ondo daudenak eta bidaiatzen ari ez direnak. Emakumeak, bestetik, hilekotik kanpo egon behar du eta baita ere puerperiotik kanpo. Horren arabera, hauek dira salbuetsita dauden taldeak: haurrak, buru-gaixoak, haurdun dauden emakumeak, hilekoan dauden emakumeak eta ahulak dauden pertsonak, bereziki agureak.

Funtzio komunitarioa ere badu beste funtzioez gain eta hori ezin izan dute bete aurten
Horrela, hilabete sakratu honek funtzio erlijiosoa izateaz gain, funtzio sanitarioa (gorputza garbitzen du), mentala (borondatea indartzen du) eta morala (elikagairik ez duten pertsonek jasaten dutena ulertaraztea) ditu. «Ezin izan dugu amaitzean egiten den ospakizuna denak elkarrekin egin» dio Mohammen Rkiuakek. 
Ramadanaren beste ezaugarri nagusia da komunitatea elkartzeko balio duela. «Hilabete hau komunitatearen hilabetetzat hartzen da, eta musulmanei bizilagunei laguntzeko eskatzen zaie, bereziki behartsuenei, eta familian denbora gehiago igarotzeko behar-beharrezkoa ez den guztia atzeratzeko. Ramadanean, jendeak eskuzabalagoa, lagunkoiagoa eta adeitsuagoa izan behar du besteekin».

«Behartsuenei laguntzeko ere bada Ramadana. Jendeak eskuzabalagoa da»


Rkiuaken esanetan hori izan da kalte gehien sortu duena. «Ramadana orokorrean ongi eraman dugu, bakoitzak bere etxean egiten du eta ez du aldaketa askorik suposatu. Hori bai, komunitatea indartzearen alde hori ezin izan dugu aurrera eraman. Ramadana amaitzean edo amaitzear dagoenean ospakizuna antolatzen dugu eta aurten ezin izan da antolatu. Hernani eta inguruetako komunitate musulmana elkartu gabe geratu gara. Beste aukerarik ez zaigu geratu. Gobernuak arauak ezarri ditu eta guk bete egin behar ditugu arau horiek, ez dago besterik».
Egutegi musulmanean, urte bakoitzak 12 ilargi ziklo edo hilabete ditu eta, bakoitzak, 29 edo 30 eguneko iraupena du. Horrela, musulmanen urte batek 354 egun izango lituzke, gure egutegiko 365 egunen ordez. Alde horrek azaltzen du Ramadana 10 eta 11 egun artean aurreratzen dela urtero. «Datorren urtean apirilaren 12an hasiko da eta maiatzaren 11n amaituko da». 
Ordurako pandemiaren arazoa konponduta egotea espero da eta ospatzeko aukera egotea espero dute. «Amaierako festa, komunitate hori indartzeko ospakizuna, egitea espero dugu. Bertan bata besteari besarkatzen diogu, esku ematen diogu… denak pozik egoten gara eta laguntasun hori indartzen da».

«Udalari esker aurreko urteetan frontoia edo Elizatxo ikastolan egin genuen festa»
Hala ere etxean ongi pasa dute Ramadana. «Aurreko urteetan, Udalari esker, lokal batzuk uzten zizkigun elkartzeko eta baita kiroldegiko frontoia eta Elizatxoko ikastola ere bai. Hor elkartu izan gara azken festa ospatzeko. Elizatxo ikastolan udara batean umeak jai zutenean bertan antolatu genuen festa eta ederki egon ginen».

«Gobernuaren arauak zorrotz bete ditugu eta datorren urtean elkartuko gara»


Udalak kolaborazio lana egiten duela azpimarratzen eta eskertzen du Rkiuakek. «Orain geldirik gaude eta zentroa itxita egon da, ez dago ezer antolatzerik. Horrelako egoera guretzako ere zerbait berria da, nik ezagutu ez dudana. Mundu osoa geratu du birus ikusezin honek». 
Botere haundiak ere humildu dituela dio. «Non geratu dira botere ekonomikoak, estatu indartsuak… pentsa gu bezalako komunitate bat. Birus honek sortzen duen gaixotasuna menderatzea espero dut eta ea gauzak bere onera itzultzen diren». 

«Guk zaila dugu normaltasunera itzultzea, txertoa aurkitu arte»
Pertsonen arteko distantziak mantendu behar horrek ere kezkatzen du Rkiuak. «Konfiantza galtzen da, ez da berdina, eta justua ere ez dela uste dut. Beldurra dugu, oraindik ez dagoelako txertorik, eta horrek distantzia eta neurriak hartu behar direla esan nahi du. Guk zaila dugu».
«Ramadanaren gauzarik ikusgarriena denak elkartzen garenean da» dio Mohammedek. «Azken egunean antolatzen da eta guk maiatzaren 30ean, aurreko astean antolatu behar genuen. Normaltasunean jende asko bilduko ginen Kultur Zentroan eta gero Elizatxora joango ginen elkarrekin». Bakoitzak bere etxean ospatu zuen ahal zuen bezala familiarekin. «Ez dugu beste erremediorik izan».
Ramadana askorentzat laguntzeko garaia izaten da eta aurten beldurrarekin ez da posible izan. «Euskal Herrian badaude gazte musulmanak etxerik ez dutenak eta familiarik ere ez dutenak. Adingabeen zentroetan bizi dira eta Ramadan garaian lagundu egiten diegu janaria emanez. Aurten pobrea izan da eta ezin izan dugu gauza askorik egin. Plateren batzuk prestatu dira eta eraman zaizkie, baina aurreko urteetan hona, Zentrora, etortzen ziren eta gurekin jaten zuten. 20-25 adingabe gure artean hartzen genituen eta aurten ezin izan dute beraien zentroetatik irten». 
Beste urteetan gaueko bederatzietan etortzen ziren Hernanira eta hamarretan bueltatzen ziren. «Ordutegi finko bat izaten dute eta pixkat luzatzen zen Ramadan-ean eta azken bi aste hauek arte ezin izan dira irten». 


«Telefonoz egon gara kontaktuan»
Hernaniko musulman komunitateak kontaktua mantendu du konfinamenduan telefono bitartez. «Deitzen genion elkarri eta mezuak whatsapp bidez bidali ere bai, ea zer moduz geunden galdetzeko. Zer egin zitekeen planteatu genuen, baina gu agintariak esaten dutenaren menpe gaude, denak bezala, eta ezin genuen ezertxo ere egin. Musulmanen Elkarteak esango digu zer pauso eman ditzakegun. Elkartea kontaktuan dago zentro guztiekin». 
Hernaniko Zentro Musulmana erreferentzi bihurtu da inguruko musulamenentzat. «Herri desberdinetatik etortzen dira. Hemen elkartzen gara ostiraletan. Ez dago beste lekurik herrian elkartzeko. 2014an ireki zen eta oso ongi gaude, herritik zerbait aldenduta egon  arren. Herrian arazoak sortzen dira eta badago jendea onartzen ez duena. Fama txarra sortu da, askotan ezagutzen ez delako beste pertsona».  Zikuñagako Zentroan bertan ere poliziaren presentzia askotan izan dutela dio Rkiuakek. «Hasieran, askotan egoten ziren zelatan. Gu hona elkarrekin egotera eta Corana irakurtzera etortzen gara, besterik ez». 

«Etxerik gabeko adingabeei ezin izan diegu janaririk eman aurten Zentroan»


Herrialde musulman guztietako jendea elkartzen da bertan. «Marokoarrak, argeliarrak, senegaldarrak, sahararrak, uzbekiarrak, pakistandarrak…denetarik. Musulman guztientzako sortu zen, ez herrialde batekoentzat. Denak berdinak gara eta erlijioak lotzen digu. Hemen ezagutu gara asko eta asko. Kalean ez gara ezagutu eta ez dakigu askotan musulmana den edo ez. Zentroak gure arteko kohesioa indartu du. Hemen ezagutu gara elkar eta erlazioa sortu da». 

«Ea posible dugun Arkumearen jaia egitea»
Arkumearen Jaia, uztailaren 31n hasita hiru egunez ospatuko da. «Ea posible den egun haundi hori ospatzea. Ikusiko dugu. Ederra litzateke, baina ez dago gure esku, hemen elkartzea errezatzeko». 

 

 

«Epe motzean ezin dugu Hernaniko Zentro Kultural Musulmana zabaldu»

Mohammed Rkiuaken esanetan «musulmanak bata bestearen ondoan egin behar dugu errezoa eta oraingo arauekin hori ez da posible»

Ramadanari ez hainbeste, baina kalte asko Zikuñagan kokatuta dagoen Hernaniko Zentro Kultural Musulmanari egin dio pandemia honek Mohammed Rkiuakek ongi azaltzen duen bezala. «Itxita dago, ezin dugu elkarrekin komunitatean errezorik egin, ezin gara elkartu. Guk bata bestearen ondoan egiten dugu errezo, horizontalean hankak hankekin egoten gara ukitzen eta horrek ez ditu orain dauden arauak betetzen. Bata bestearen artean ezin du distantziarik egon adibidez elizan posible den bezala. Gure erlijoan horretarako hobe da etxean errezatzea». 
Hori da beraz musulmanak egiten ari direna, etxean errezatu. «Lokala irekita zegoen bitartean bertara etortzen ginen elkartu, hitz egin eta errezatzera, baina itxita dagoen bitartean ez gatoz. Ezin dugu ezertxo ere egin. Orain gainera sartu aurretik dena ongi garbitu beharko genuke, arau sanitarioak betetzeko, desinfektatu, alfombrak garbitu... denetarik egin behar da ongi egoteko. Derrigortu egin gintuzten ixtera, eta guk itxialdia bete dugu, esan bezala». 
Alarma egoera sartu zen egun horretan bertan itxi zuten zentroa eta irekiera oraindik urruti ikusten du Rkiuakek nahiz eta deskonfinamendu garaian egon eta aktibitatea itzuli edukiera mugatuarekin. «Lehen aipatu dudan bezala hori ez da posible gure kasuan bata besteraen alboan errezatzen dugulako. Horregatik ez dut posible ikusten irekitzea epe motzean. Atean itsatsita daude bete beharreko arauak eta debekatuta dago sartzea. Bat sartu daiteke edo bi, baina aldenduta eta distantziak mantenduz eta hori ezinezkoa da guretzat».

«%30era edo %50era ez dugu zabalduko»
Yumu 'ah musulmanen otoitza edo azala (salat) ostiralero ospatzen da, eguerdia baino pixka bat geroago. Asteko beste egunetan egindako Dhuhr otoitza ordezkatzen du. Gizonentzako betebeharra da beste musulman batzuekin batera (yama' ah). «Jende asko biltzen da hemen ostiralero. Guk zaila dugu orain elkartzea, nahiz eta hirugarren fasean sartu astelehenean, distantzia ezin dugulako mantendu, %30era edo %50era ezin dugu ireki. Bertan, 55-60 pertsona sartzen dira eta ez da zabalduko 20-25 pertsonentzako bakarrik. Horretarako ez dugu zabalduko agindu berria izan arte. Agintariek edo musulman komunitateak posible dela esaten duenean irekiko ditugu ateak aurretik dena ongi garbitu eta desinfektatu ondoren». 
Beldurraren mamua ere aipatzen du Rkiuakek. «Denak dugu beldu hori, asko ezin gara hurbildu. Jende asko hil da, adinekoak batez ere, nire adineko jendea». Rkiuakek 70 urte ditu. «Errespetoa sortzen du pandemia honek. Gustatuko litzaiguke normaltasunera itzultzea, baina oraingoz ez da posible». 

«Gu beti taldean elkartu gara eta orain urrutitik agurtzen gara»
Musulmanak gainera kulturalki asko besarkatu, kasu egin eta hurbil egotekoak dira bere hitzetan. «Gu beti gaude taldean bata bestearen ondoan. Orain urrutitik agurtzen gara». Agintarien esanetara eta agindupean dagao orain komunitate musulmana, baita Hernanikoa ere. «Guk ez dakigu zer gertatuko den, baina argi duguna da %100ean bakarrik irekiko dugula. Oina oinarekin elkartuta egon behar du eta ezin dugu elizan bezala distantzia mantendu». 
Normaltasun berria iristean musulmanen federazioak zer agindu ematen duen zain daude Hernaniko Zentro Musulmanean. «Abisatuko digute zer egin daitekeen edo zer egin behar dugun. Gobernu edo agintarietatik datozen legeak eta arauak zorrotz betetzen ditugu, besterik ez. Osasuna da agintzen duena».

«Baldintzak bete eta zabaltzeko zail ditugu gauzak»
Musulman komunitateak arau­ak betetzeko garaian zorrotz betetzen ditu. «Horrela izan behar du. Errespetua beharrezkoa da, errespetua duzun bitartean, zuri ere errespetatuko zaituzte, ez dago besterik». 
Zikuñagako Zentroan astean zehar lan egun normal batean hiru, lau, bost pertsona egoten omen dira normalean. «Ostiraletan 20-30-40 elkartu gaitezke bertan».
Arau berriekin maskarillak, desinfekzio xaboiak, garbiketa… zein baldintzetan zabalduko den ikusi behar dute. «Baldintzak betetzen ez baditugu ezingo dugu ireki. Egia esan zail ditugu gauzak elkartzeko eta errezatzeko ditugun ohiturengatik. Noiz arte itxaron beharko dugun ez dakigu. Ikusiko dugu. Eskerrak Ramadana ongi pasa dugun».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!