Historialaria da Haritz Muñoa hernaniarra, txikitatik iraganarekiko zeukan interesari segika. Artxiboen eta Liburutegien Kudeaketan masterra bukatu berri, «interes haundia» pizten dion proiektu batekin ari da lanean: Hernaniko Kultur Ondarea eguneratu eta berraztertzen ari da, Udalaren beka jaso ondoren. Otsailean ekin zion, eta osasun alarma egoerak lana zaildu badio ere, orain arte topatutakoak zentzu onenean harritu du: «askotan ez gara ohartzen Hernanin daukagun kultur ondarearen aberastasunaz, eta uste dut beharrezkoa dela herritar orok horren jakintza eta ezagutza izatea», azaldu du Muñoak.
Hernaniko kultur ondarea aztertzeko beka jaso duzu. Nola hartu zenuen albistea?
Ilusio haundiz. Azaroan aurkeztu nuen proiektua eta urtarrilean onartu zidaten. Berehala eman zizkidaten lana gauzatzeko jarraibideak eta gogo haundiarekin ekin nion lanari.
Motibazio eta ilusio haundia zeneukan jarrita proiektu honen gainean?
Entzuna neukan aurretiaz udaletxeak beka hauek banatzen zituela, eta beti izan dut jakinmina Hernaniko kultur ondarearen inguruan. Interes haundia pizten didan proiektua da, eta motibazio berezia eragiten dit, bai.
Hernaniko kultur ondarea berrikustea eta eguneratzea da zure proiektuaren helburua. Azaldu zabalago, zein den zure asmoa.
Hasieran aurkeztu nuen proiektuaren helburua zen ondarea.hernani.eus webgunean jasota dauden elementuak berrikustea eta eguneratzea; baina epaimahaikideekin eginiko bileran, lehentasunak mahai gainean jarri zizkidaten: Hernaniko Arau Subsidiarioetan, eta Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko inbentarioetan jasota dauden elementuak berraztertzea eta eguneratzea. Hauetan dauden akatsak zuzentzea eta deskribapen zuzenak egitea zen asmoa. Lan haundia da, eta bere zabalera dela eta, hainbat faseetan banatzea erabaki dut. Momentuz Kaxkoko eta inguruko eraikinetan eta katalogatutako ondarean jarri dut arreta.
Zergatik behar du berrikuspen eta eguneratze hori, kultur ondareak?
Esan bezala, aipatutako inbentario horietan akatsak eta zuzenak ez diren datuak jasota daudelako. Esaterako, egun desagertu egin diren elementuak ageri dira; besteak beste, Casa del Sevillano (Kale Nagusia), Villa Manolita (Urbieta kalea), Zikuñagako ermita…
Nola planteatzen duzu gaia? Nola helduko diozu eta zein iturritara joko duzu?
Proiektuan planteaturiko kronograman, lana hiruzpalau fasetan banatu nuen. Lehen pauso gisa elementuen informazio eta datu biltzea planteatu nuen, eta horretan aritu naiz orain arte. Udal artxiboan espediente ugari kontsultatu ditut, baita Eusko Jaurlaritzako inbentarioan ere. Hurrengo pausoa izango da aztertutako elementu bakoitzari fitxa bat egitea, deskribapen zuzen bat eginez eta ezaugarriak azpimarratuz. Horietan, iraganeko argazki ezberdinak gaur egungoekin konparatzea ere bada asmoa. Bukatzeko, ondarea birpasatzea eta memoria idaztea izango da azken pausoa.
Eta zein modutara nahiko zenuke hori guztia herritarren eskura jarri, behin berrikusi eta eguneratuta?
Hori ez dago nire esku; Udalak azken txostena aztertuko du, eta horren arabera erabakiko da lanarekin zer egin. Aurreproiektuan planteatu bezala, ondo legoke aztertutako elementuen gida moduko bat egitea, erabilgarria izan daitekeena herritarren ondare kulturala modu erosoan ezagutzeko; besteak beste, herrian egiten diren bisita gidatuetan erabiltzeko. Hala ere, pentsatzen dut txertatuko dela ondarea.hernani.eus webgunean, eta honen aurkezpen publiko bat egingo dela, lanaren nondik norakoak azaltzeko. Baina hori Udalak aztertuko du.
Dagoeneko ari zara horretan lanean, ezta? Zer kontatu dezakezu aurreneko hilabeteetako lanari buruz?
Bai, epaimahaiak berehala eman zizkidan jarraibideak, eta lanean hasi nintzen. Esan bezala, orain arte datuak biltzen aritu naiz Udal artxiboan, bibliografia ezberdinak kontsultatzen, eta Eusko Jaurlaritzako inbentarioa aztertzen. Datu bilketa sakona izan da, eta informazio ugari bildu dut iturri ezberdinetatik. Eta kasu batzuetan, harridura haundia sortu dit datuen kontraesanak. Aipatzekoa da aldi berean lanaren zabalera, kategoria ezberdinetan eta babes-maila ezberdinetan ondare-elementu asko baitaude Hernanin.
Orain arte topatu duzunetik, zein izan dira gauza harrigarrienak edota politenak?
Gehien harritu nauena da Hernanin dugun kultur ondarearen zabalera. Gure egunerokoan ikustera ohituta gauden eraikin eta elementuek duten historiaz eta garrantziaz ohartu naiz, eta liluratuta geratu naiz. Horregatik, bildu ditudan datu guztiak batzea eta behin betiko deskribapen zuzen bat egitea izango litzateke aportazio haundiena. Bibliografia birpasatzen, Hernani urtekaria adibidez, elementu berri bat edo beste inbentarioetan sartzea planteatu nahi dut, sailkapen eza dutenak eta garrantzia haundikoak iruditzen zaizkidanak, baina hori Udaleko ordezkariekin eta epaimahaikideekin adostu behar den zerbait da.
Egungo alarma egoerak zaildu edo eten egin du zure lana ere?
Bai, ezin izan ditut kanpo lanak burutu, espedienteen fotokopiekin eta bibliografia digitalekin aritu behar izan dut lanean. Eusko Jaurlaritzako inbentario orokorra internet bidez kontsultatu daiteke, baina ezin izan ditut elementuen fitxak kontsultatu, Gasteizen baitaude. Aurrerantzean, Aldundiko inbentarioa kontsultatzeko aukera izango dudala pentsatzen dut, eta argazkiak egiten eta elementuak bisitatzen hasiko naiz.
«Oso aberatsa da Hernaniko kultur ondarea. EAE, probintzia eta udal mailako ondare elementu ugari daude Hernanin, eta horiek ezagutu, errekonozitu eta babestea da lanaren asmoa»
Oro har, nolakoa esango zenuke dela Hernaniko kultur ondarea?
Oso aberatsa. Nahiz eta ez garen ohartzen, ondare kultural balio haundiko herria dugu, babes-maila haundi, ertain edo oinarrizko elementu asko ditugularik. Euskal Autonomia Erkidego mailako, probintzia mailako edota udal mailako ondare-elementu ugari daude Hernanin, eta horiek ezagutzea, errekonozitzea eta babestea da lanaren asmoa.
Zergatik aukeratu zenuen gai bezala, kultur ondarea berrikusi eta eguneratzea?
Udalak Hernaniko Kultur Ondarea aztertzeko egin zuen deialdia, eta hori zen gai nagusia. Nik aurretiaz ezagutzen nuen ondarea.hernani.eus, beste iturri batzuekin batera, herriko kultur ondarearekiko interes haundia nuelako. Bertan ageri den informazioa berritzeko premia sentitu nuen, eta nire aurreproiektuan hori aipatu nuen helburu nagusi gisa; bertan ageri diren elementuak sakonki aztertzea, alegia.
Eta zer nolako interesa izan dezake edo izan behar luke horrek, herritarrentzat?
Aipatu bezala, askotan ez gara ohartzen Hernanin daukagun kultur ondarearen aberastasunaz, eta uste dut beharrezkoa dela herritar orok horren jakintza eta ezagutza izatea. Horrekin batera, herriko kultur ondarea ezagutzea ezinbestekoa da hau errespetatzeko eta miresteko, eta baita ezagutzera emateko ere. Turismo arloan adibidez, erabilgarria izango litzake horrelako lanak izatea, herriko eta kanpoko bisitariei erakusteko.
Historialaria zara. Zer dela eta? Nork sartu zizun harra?
Txikitatik gustatu izan zait historia. Iraganarekiko interesa izan dut beti, eta familiak eskura jarri izan dizkit iturri ezberdinak eskura, jakinmina asetzeko; bereziki aitak eta osabak, txikitatik liburu eta dokumentazio ugari eman baitidate gai historikoen inguruan.
«Historia gizarte bat eraikitzeko funtsezko tresna da; azken finean, norberaren identitatea eraikitzen baita iraganarekiko duen pertzepzioaren baitan»
Zer nolako ikerketak, proiektuak edo lanak egin dituzu aurretik?
Aurreko urtean graduatu nintzen Historian. Graduan zehar hainbat lan burutu ditut Euskal Herriko ondarearen inguruan; besteak beste, Aro Berriko baserri bizitzaren, Ameriketara emigratutako euskaldunen edota euskal gizartearen bilakaeraren inguruan.
Hernaniko edo inguruko historiari buruz ere egin duzu lanik?
Hernaniko eta inguruko ondareari buruzko jakintza nire kabuz garatu dut, zenbait iturri ezberdin aztertuz.
Ari zara historialari gisa lanean? Aukera asko dituen lanbidea da, edo zaila da horretan lan egin ahal izatea?
Egia esan, lizentziatu berria naiz. Artxiboen eta Liburutegien Kudeaketan masterra egin dut, eta orain ari naiz ikasten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzarako masterra. Zaila ikusten dut gaur egun historialaria izatea. Horretara dedikatzeko, beste lanbide bat behar dela uste dut, erakunde zientifiko baten partaide edota unibertsitateko irakasle izatea, adibidez.
Uste duzu behar besteko balioa ematen zaiola historiari?
Askotan entzun behar izan dut, historialari izateak zertarako balio duen, edota historia ikasteak zertarako balio izan didan. Nire ustez, historia gizarte bat eraikitzeko funtsezko tresna da; azken finean, norberaren identitatea eraikitzen baita iraganarekiko duen pertzepzioaren baitan, historia izanik hizpide.
Zer ematen digu historiaren ezagutzak?
Funtsean, historiak iraganeko esperientziak norbanakoaren esperientzia pertsonalean sustatzen du, memoria kolektibo bat eta identitate bat eraikiz, hurrengo belaunaldiek ere historiaren bidez jarraitu dezaketena. Laburbilduz, historiaren jakintzak gure nortasuna ezagutzea ahalbidetzen du, eta horretarako garrantzitsua da gure inguruan dugun ondarearen balioaz jabetzea eta honek daukan garrantzia ezagutzea, nortasunaren lekuko baitira.
«Iraganarekiko interesa izan dut beti, eta familiak eskura jarri izan dizkit iturri ezberdinak, jakinmina asetzeko; bereziki aitak eta osabak, txikitatik liburu eta dokumentazio ugari eman baitidate gai historikoen inguruan»
Badaukazu harremanik inguruko historialariekin?
Nahiz eta modu ez oso aktibo batean, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea naiz. Ezagutzen ditut bertako kide batzuk zuzen-zuzenean historiara dedikatzen direnak, arkeologia eta etnologia arloan. Honekin batera, Hernaniko historialari batzuen lanak eta artikuluak ere irakurri ditut; baina haiek guztiek dute beste lanbide bat; kazetari, artxiboko teknikari edo irakasle, besteak beste.
Nolako proiektuak garatzea gustatuko litzaizuke aurrera begira? Zein dira gehien erakartzen zaituzten gaiak?
Etorkizunean proiekturen bat burutzekotan, gustatuko litzaidake izatea Euskal Herriko ondarea lantzea edo ezagutaraztea helburu duen bat. Arkeologian edo etnografian lanen bat burutzea ere gustatuko litzaidake, baina gaur egun bizi dugun egoerarekin, zaila ikusten dut. Ikusiko dugu etorkizunak zer ekartzen duen.