BERDINTASUNA

Azken boladan jazotako eraso sexualak salatzeko, kontzentraziorako deia luzatu da bihar arratsalderako

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 3a, 00:00

Hernaniko Koordinadora Feministak, azken urteetan Hernaniko gizon gazte batek eragindako erasoen berri jaso izan du, eta jakinarazi du «dagoeneko 3 eraso sexual oso larriren berri» izan duela. Hau guztia salatzeko,
biharko kontzentrazioa antolatu da, 19:00etan. 

Azken urteetan, Hernaniko Koordinadora Feministak, gizon gazte batek eragindako «erasoen berri» jaso izan du, eta gainera, jakinarazi du, «3 eraso sexual oso larriren berri» izan duela, eta horietako bat «denboran errepikatua, eta ondorioz emakumeari itoaldi haundiagoa sortu diona». 
Hori horrela, Hernaniko Koordinadora Feministak eraso hauen aurrean «haserrea» adierazi nahi izan du. Eta mezu hau helarazi du: «eraso sexualez zabaltzen den irudia da gauean, etxera bidean bakarrik goazela gizon ezezagun batek egindakoa. Baina errealitateak erakutsi digu, hori ez dela horrela, erasotzaileak gure komunitateetakoak direla, aurretik ezagutzen ditugu, gure gertukoak, ingurukoak, gure familiako kideak, koadrilakoak, militantzia kideak, eta ez gauez, izkina ilun batean agertzen diren mamuak. Erasotzailea ez da Txotx garaian etorritako gizon bat, edota kanpotik Hernanira bizitzera etorritakoa, ezta gau batean Hernanitik pasa zen ezezagun bat ere. Baizik eta, gure komunitateko kide bat, erasotu dituen emakumeek aurretik ezagutzen zuten pertsona hori, gerora, beraiengandik gertu egon izan da, haien ezinegona areagotuz». 
Hori horrela, erasoei aurre egitea «guztioi dagokigun zeregina» dela azaldu du, izan ere «erasoak ez dira gertatzen erasotzailea monstruo bat delako, baizik eta sozialki toleratzen eta, askotan, ezkutatzen direlako. Horrexegatik, erasotzailea gertukoa denean, salatzea, aurre egitea eta hartu beharreko neurriak hartzea ere gehiago kontatzen da. 
Era berean, azpimarratu nahi dugu, indarkeria matxista gure jendartean indarrean dauden genero harremanen ondorioetako bat dela, eta dugun arazo sozial larrienetariko bat ere bai».

«Prozesu bat jarri dugu martxan»
Hernaniko Koordinadora Feministak jakinarazi du, «erasotutako emakumeen osatze eta erreparazioa helburu, eta erasoak berriz ez gertatzeko xedez, emakumeek eurek adierazitako beharretatik abiatuta, prozesu bat jarri dugula martxan, erasotzaileari hainbat betebehar eta eskakizun exijituz. Prozesuaren jarraipen bat egingo da, halaber». 
«Haserre» daudela helarazi nahi izan dute, «amorratuak eta prozesua berriro ez gertatzeko neurriak jorratzen ari garen arren, gertatutakoa publikoki eta kalean salatu nahi dugu. Ez bada esaten, badirudi ez dela existitzen, eta bai, Hernanin eraso sexualak gertatzen dira, gure komunitateetan pairatzen ditugu, eta gure ingurukoak dira erasotzen gaituztenak. Ez ditugu onartuko, ez gara isilik geratuko!». 
Hori guztiagatik, Hernaniko Koordinadora Feministak gure herrian gertatutako eraso sexualak publikoki salatzeko deialdia zabaldu du, eta «parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu». 
Bihar, guzti hau salatzeko, kontzentraziorako deia egiteaz gain, bertaratzeko deia luzatu dute, arratsaldeko 19:00etan Tilosetan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!