Amher

«Jaso baino gehiago eman», atzerritarrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 1a, 00:00

Amherrek aurre egin dio etorkinek eragindako gastuaren zurrumurruari, eta gehitu du «gu ere herri migraria» izan garela.

Orain gutxi Euskal Behatokiaren Ikerketak egin duen Ikuspegi azterketak emandako datuei erreparatuta, Amherrek azaldu nahi izan du «jatorri atzerritarra dutenek jaso baino gehiago ematen» dutela. «Oso zabalduta daude etorkinek gastu haundia eragiten dutela, eta horrelako beste hainbat zurrumurru. 2018an %2,06ko ekarpena egin zioten Euskal BPGari. Egiten duten ekarpena (zergak, gastuak, kontsumoa) 1.525 milioi eurokoa da. Gastuak (etxebizitza, zerbitzu sozialak, osasungintza, hezkuntza), 715 milioi eurokoak. Kenketa eginda, ekarpen garbia 810 milioikoa da».

Hori  guztia adierazteko kartelak jarri ditu elkarteak, herrian. Dena den, «Amher elkarteak ez du balorazio ekonomiko hutsean geratu nahi», eta bestelako aberastasunak azpimarratu nahi izan ditu, inmigrazioari lotuta. «Migrazioa giza-eskubide bat da, aportazio demografikoa egiten dio zahartzen ari den Euskal Herriari, aberastasun kulturala da, eta familia askorentzat, beren bizitza proiektua gauzatzeko aukera. Gainera, ez dugu ahaztu behar gu ere herri migrari bat izan garela eta izaten jarraitzen dugula».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!