Merkataritza

Merkatari eta ostalariei zuzendutako laguntza eta ikasketa saioak jarri ditu martxan, Udalak

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 31a, 00:00

Ekainaren 8an euskeraz emango da, eta 10ean, gaztelaniaz. Ekainaren 3ra arte eman daiteke izena, doan. Ez da Berriak-eko kide izan behar.

Elkar laguntza eta elkar ikasketa saioak antolatu ditu Udalak, Berriak elkartearekin elkarlanean, herriko merkatari eta ostalari guztiei zuzenduta. Saioak doan izango dira, eta ez da Berriak Merkatari eta Ostalari elkarteko kide izan behar, parte hartzeko.

Izen-ematea asteazkenean itxiko da.

Indartu eta aktibatzeko bideak
Saio hauen helburua izango da, «esparru sozioekonomikoaren eraldaketaren testuinguruan, Hernaniko merkatariak eta ostalariak egoera berrian hobe eta ahalmen haundiagoz kokatzeko bidelaguntza zein elkar ikasketa eremuen bidegiletza proposatzea. Berritzetik eta elkarlanean aritzetik, indartu eta aktibatzeko bidea, hain zuzen ere».

Saioak Harago Aholkularitzako Aran Erasun coach eta trebatzaileak gidatuko ditu. Aurrena, Hernaniko merkataritzaren eta ostalaritzaren aukeren, mehatxuen, indarguneen eta ahulguneen azterketa egin eta hobetzeko eta garapenerako bideak sortuko dira, elkarlanean. Era berean, ahalmen mapa hedatuko da, eta azkenik, irekiera faseko mugimenduari, «emozionala zein jarduerari loturikoa», arreta jarriko zaio.

Saioak, Zoom bidez
Ekainean bi saio egingo dira; 8an, euskeraz, eta 10ean, gaztelaniaz. Biak, Zoom plataformaren bidez izango dira, 14:15etatik 16:00etara, eta gehienez, 15 lagunentzako izango da tokia, bakoitzean.

Argibide gehiago izena ematen dutenei bidaliko zaizkie. Izena emateko, gurutze@hernani.eus helbidera idatzi behar da.

Irailean eta azaroan, gehiago
Aipatutako lanketa ekaineko saioetan egingo da, 'berrikuntzarako mapa' osatzeko asmoz. Baina irailean eta azaroan saio gehiago antolatzeko asmoa dauka Udalak.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!