Trafikoa

Aparkaleku arautuen kontrola martxan, bihar

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 31a, 00:00
Bertakoek gune urdinetan aparkatu dezakete, eta gainerakoak, gorrietan, baina ordutegiak denei eragiten die.

Udaltzaingoa berriro hasiko da, bihartik aurrera, Atzieta, Izpizua, Nafar, Elkano eta Txirrita kaleetako eta osasun zentroko aparkalekuetako ordutegiak kontrolatzen.

Koronabirusaren eraginez ezarritako osasun alarma-egoera medio, bertan behera geratu zen herriko aparkaleku arautuen guneetako kontrola, baina bihartik aurrera berreskuratu egingo du Udalak. Gauzak horrela, bihartik aurrera berriro ere martxan jarriko dira Atzieta, Izpizua, Nafar, Elkano eta Txirrita kaleetako eta osasun zentroko aparkalekuetako arauak.

Betiko arauak, hiru eremuetan
Bihartik aurrera aplikatuko diren arauak, beraz, ohikoak, azkenekoz 2018an onartutako ordenantzan zehaztutakoak izango dira, herriko hiru eremutan.
Aurrenekoan, Atzieta eta Kaxkoko kaleak hartzen dituenean, astelehenetik larunbatera ordu eta erdiz aparkatu dezakete gehienez, 08:00etatik 20:00etara, bai bertakoek, gune urdinetan, eta baita beste edonork ere, gune gorrietan. Iluntzeko 20:00etatik 08:00etarako tarteetan, berriz, bertakoek bakarrik aparkatu dezakete.

Bigarren eremuan, Izpizua, Txirrita, Elkano eta Nafar kaleak hartzen dituenean, araua bera da astelehenetik ostiralera. Baina, larunbatetan, 08:00etatik 14:00etara aplikatzen da ordu eta erdiko muga. Eguerdiko 14:00etatik 08:00ak arte, berriz, bertakoentzako da, bakarrik.

Azkenik, hirugarren eremuan, osasun zentroaren ingurua hartzen duen horretan, Osakidetzako erabiltzaileek bakarrik utzi dezakete kotxea, astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara, eta gehienez ere, ordubetez.

Ordenantza zehatza Udalaren webgunean ikusi daiteke, www.hernani.eus helbidean.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!