ERREMONTEA

«Erremonteak aldaketak behar baditu, orain da garaia aldaketa horiek egiteko eta horiei eusteko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 30a, 00:00
Aktibitatea bertan behera geratu zen unean, Sagardoaren Txapelketa aurkeztu berri zen egun batzuk aurretik.

Oriamendi enpresa ETBrekin akordio batera iritsi berri da ekainaren 20an edo 27an txapelketa berri bat hasteko. Joxemari Barrenetxeak akordio horren xehetasunak azaltzen ditu.

Erremontea izan zen azkena martxoaren 14an aktibitatea mozten eta jarduerara itzultzeko egutegia egin duen lehen pelota modalitatea ere izan da. Horretara iristeko, aurretik Oriamendi2010 enpresak etorkizuna argitzen duen  akordioa sinatu zuen Euskal Telebistarekin. Akordio hori nolakoa izan den Joxe Mari Barrenetxeak argitu eta urte amaiera arte erremontea zer bidetik joango den azaltzen du. 
«Sei bikotek parte hartuko dute, erremontista onenekin. Ikuskizuna orekatua izan dadin saiatuko gara. Bost larunbatetan izango da, eta jaialdi bakoitzeko bi partida jokatuko dira. Ligaxka bat egongo da eta finala uztailaren 18an edo 25ean izango da, noiz hasiko garen kontuan hartuta». Txapelketak oranidik ez du izenik, baina 50garren urteurrenarekin lotuta izango dela dio Barrenetxeak. «Oraingoz, ez du izenik. Baina lotura izan dezake frontoiaren 50. urteurrenarekin, ekainaren 13an ospatzekoa baitzen, efemeridea betetzen zen egunean. Ezin izango da egun hori izan, baina keinu bat egin diezaiokegu urteurrenari».
Nondik sortu zen ideia ere azaltzen du arduradun hernaniarrak. «Jarduera gelditzean, ikusi genuen ETBk partida zaharren bildumak aukeratu zituela larunbat eta igande arratsaldeetan pelotari eskaintzen dizkion ordu tarteak betetzeko. Pentsatu genuen interesatzen zitzaiela emankizunei lehenbailehen berrekitea, eta, horregatik, duela hilabete inguru, Joseba Urkiola kateko kirol-buruari deitu genion telefonoz, zuzenean erremontea egiteko prest gaudela planteatzeko, ateak itxita izan arren, deskonfinamendu arauek horiek antolatzeko aukera ematen digutenean. ETBren aldetik interesa nabaritu genuen eta akordio bat pausoz pauso betetzen joan ginen».

«Erremontistek lau aste behar dituzte prestatzeko» 
Aktibitatea berriz hasteko baldintza batzuk bete behar dira eta horien artean pelotarien prestakuntza aipatzea ezinbestekoa da. Entrenamenduetara itzultzea izan da lehenengo egin beharra. Pelotariak prest jartzeko lau asteko entrenamendua behar dituztela azpimarratzen dute. «Hori izan zen gure eskakizun bakarra. Gainerakoan, jakinarazi genien prest geundela nahi zuten larunbatean edo igandean, egunean eta orduan jokatzeko. Hori bai, asteburua izan behar zuen, gure pelotarien lan betebeharren ondorioz».
Euskal Telebistak berak esan zuen larunbatetarako erremontea interesatzen zitzaiola, arratsaldeko lauretatik seietara bitarteko tartean. «Nolanahi ere, azken bileran adierazi ziguten hiru eta erdietan hasteko aukera zegoela, ohi baino 30 minutu lehenago. Arazorik ez gure aldetik».

«Hasieran ikuslerik gabe jokatzeko prest gaude»
Jarduerara itzultzeko data ere ezarri zuten Oriamendi eta ETBren arteko akordioan. «Ekainaren 20an edo 27an izango da, bi larunbat horietako batean. Deseskaladaren faseek partidak pelotaleku batean muntatzeko aukera ematen badigute, ikuslerik gabe bada ere».
Oriamedik nahiago du ateak irekita ekitea aktibitateari, baina ateak itxita egin behar bada ez die axola edo aurrera jarraituko luke. «Prest gaude. Frontoian ikuslerik ez badago, bi partida emango ditugu, biak torneoari dagozkionak. Jendea sar badaiteke, nahiz eta murrizketak izan, hirugarren partidu bat antolatuko dugu. Hori ez litzateke telebistakoa izango».
Erremontean eta Galarretan tradizioa da ostegunetako jaialdia. Jende gehiena biltzen duen eguna da eta erremontearentzat gordeta dagoen asteko eguna. «Oraingoz bertan behera geratzen da ostegunetako jaialdia, zain aurrera begira. Oraingoz, larunbatetan jarriko dugu arreta. Gertaeren garapenak berak markatuko digu ostegunetan zer egin dezakegun. Agian abuztuan».
Abuztua izaten da urteko hilabete garrantzitsuena eta jenderik gehiena biltzen den garaia. Banakako txapelketa nagusiarekin hurbiltzen dira zaletu gehien. Egun horietan iritsiko da banakako txapelketa eta aurten ere jokatzeko intentzioa dago. «Parte hartu nahi duten erremontista guztiei irekiko diegu. Gainera, pilotari bakoitzak gutxienez hiru partida jokatu ahal izateko formula bat zehaztu nahi dugu. Kanporaketen ondorioz, batzuk lehenengo partiduan kaleratzen dira eta gure pelotariek jokatu eta lehiatu nahi izaten dute. Guk horretarako baliabideak eman behar dizkiegu. Iaz, adibidez, bigarren mailako indibidual bat eskatu ziguten, txapelduna edizio horretan bertan lehen mailara igotzearen sariarekin».

Banakakoaren azken fasean lau erremontisten ligaxka, horien artean Urriza eta Barrenetxea iazko finalistak
Partidu kopurua haunditzea suposatuko luke horrek eta hori nahi dutela dio Joxemari Barrenetxeak. «Horren bila bagoaz, ostegunetara joko genuke, edo uztaila amaieran hasi, abuztura arte itxaron gabe. Argi daukagu azken fasea lau erremontistako ligaxka bat izango dela, eta Barrenetxea IV.a eta Urriza 2019ko finalistak eta aurreko txandetatik etorritako beste bi egongo liratekeela. Denbora dago diseinatzeko. Pelotazalearentzat interesgarria den zerbait sortu nahi dugu, gure pelotariei ilusioa eragiten diena».
Finala ohiko lehendabiziko edo bigarren larunbatetik mugituko litzateke. «Hori da Euskal Telebistarekin hitz egin dugun gaietako bat. Egoera berrian, ez gara udari hain lotuta sentitzen, eta banakako txapelketako finala iraileko lehen hamabostalditik bigarrenera aldatuko da. ETBren esku utzi dugu irailaren 19tik 26ra bitartean aukeratzea. Frantziako Tourraren edo Italiako Giroaren emanaldiarekin bat egingo duela esan digute, eta horrek ordutegian ere eragina izango duela. Dena den, laurak eta seiak bitartean izango zen».
Eta urte amaiera aldera Binakakoaren txanda etorriko da. «Sailkapen-atariko bat sartuko dugu, bai aurrelarientzat, bai atzelarientzat.
«Aldaketen garaia da eta telebistaren beharra dugu»
Aldaketa garaiak aukera garaiak ere izaten omen dira. Oriamendin argi dute orain dela unea aldaketak egiteko. «Egoera hau delikatua da, baina askatasuna ere ematen digu. Erremonteak aldaketak behar baditu, horiei aurre egiteko unea da. Gure betiko bezeroak bere ohiturak ditu, baina argi dago telebistaren beharra dugula. Oriamendi eta gure balizko publikoa egokitu beharko dugu Euskal Telebistara».

Urte amaitu baino lehen hamabost partidu inguru  eskainiko ditu ETBk
Hainbat erremonte partida emango ditu ETBk urtea amaitu arte, hamabost inguru Oriamendiko arduradunen esanetan. «Orain martxan jarriko den Binakako txapelketa honen hamar partidu, banakako txapelketako bi eta binakako txapelketako beste bi, finalak barne. Gainera, ETB1en ere izango dira ikusgai, erremontearen presentziaren ikuspegitik guretzat eta babesleentzat oso garrantzitsua den detailea».
Dena normaltasunez badoa eta jendea bertara sar badaiteke, jaialdiak astean bi egunetan eman nahi dituzte, ostegun eta larunbatean.  «32 eta 35 jaialdi bitartean programatuko ditugu ekainetik urtea amaitu arte. Pozik gaude eta berriro hasteko modua aurkitu dugu. Eutsi besterik ez egiteko dinamika horretatik atera ginen. Alarma-egoeragatik pilotariei kontratua ez berritzea erabaki genuenean, jakinarazi genien itzuli egin nahi genuela, ez genuela ixten, eta norabide horretan lan egin dugu».
Pelotariek berehala sinatuko dituzte euren kontratuak martxoan eten eta gero.  «Erremontisten gehiengoa datorren asteko epean lotu nahi dugu. Badakigu horietako batzuk Nafarroan martxan jarri nahi duten proiektu berriaren alde daudela. Guk Galarretan erremontean jokatu nahi dutenak ditugu».  

 

«Errendimendu altuko pelotarientzat zabaldu nahi dugu erremontea»

Endika Barrenetxeak adierazi du beste modalitateko zazpi-zortzi pelotariri proposatuko dietela erremontean hastea kontratua ziurtatuz.

Galarretako erremonte eskola ere geldirik egon da mrtxotik, baina ekainaren 8an berriz irekitzeko asmoa dute. Endika Barrenetxea eskolaren arduradunetako bat da eta bi berri garrantzitsu azpimarratu nahi ditu aurrera begira. Alde batetik, «hernaniarrei gehiago hurbildu nahi diegu erremonte eskola» eta bestetik «eskolari gehitu nahi diogu errendimendu altuko sekzio bat». 
Ideia hori zer den eta nondik doan azaltzen du Endikak. «Apustu bat egin nahi dugu pelotako beste modalitateetako maila altuko zazpi-zortzi pelotariekin. Baliabide eta erraztasun guztiak jarriko dizkiegu eta intendentea, Kike Elizalde, izango litzateke talde horren buru eta erremontean jokatzen erakutsiko liekena». 
Bere garaian Javier Urrizarekin egin zena errepikatu nahi da, baina oraingoan pelotari gehiagorekin. Urriza palatik zetorren eta Kikerekin erremontean prestatzen hasi zen. «Munduko txapeldun zen palan eta entrenatzaile onenarekin jarri zitzaion erremontean eta apustu bat egin zen. Denbora, materialean inbertsioa egin zen eta urte betera kontratua jarriko zitzaiola mahai gainean esan zitzaion. Orain ere hori egin nahi da denbora gehiagorekin eta pelotari gehiagorekin». 
Pelota eskola indartu nahi dute eta era berean apustua egingo dute kirolari zehatz batzukin, oraindik ere zeintzuk izango diren erabakitzeko dago, pelotako beste modalitateetatik etorriko direnak. «Kontratu bat jarriko zaie mahai gainean eta futbolean edo esku pelotan egiten den bezala baliabide guztiak jarriko dizkiegu gurekin entrenatzeko bai fisiko eta bai erremonte mailan, denbora bat pasa eta gero profesionaletan debutatzeko». Oraingoz lotzen ari dira xehetasunak eta ez dago epe bat jarrita lan horretan hasteko.

«Erremonte eskolan ere hernaniarrekin apustu berezi bat egin nahi dugu» 
Errendimendu altuko pelotarien edo sekzio bereziaren ideia horrek ez du eskola pelotaren jarduera moztuko. Pelota eskola ere indartu nahi da. «Mantenduko dugu betiko erremonte eskola pelotari gazteekin. 16-17 urteko gazteak daude eta horiek patxada gehiagorekin denbora daukate entrenatzeko, ikasteko... pixkanaka hobetzeko. Aukera dago edozeinek probatu nahi badu erremontea Galarretara etorri eta eskolan hasteko».
Hauek bai hastear daude ia hiru hilabete geldirik egon eta gero. «Afizionatuak hasi zaizkigu deika entrenatzen hasi nahi dutela esanez. Berehala hasiko gara, seguruenik hurrengo fasera, hirugarrenera pasatzen geranean, hau da, ekainaren 8an. Kontu haundiarekin hasiko gara. Eskolan apuntatzeko aukera egongo da denentzako».
Erremonte eskolan badabiltza momentu honetan erremontista hernaniarrak eta oraindik eta gehiago egotea gustatuko litzaiguke. «Hernaniko gazteak etortzea eta erremontea probatzera animatu nahi nituzke».

San Joanen bueltan hernaniarrei eskaini nahi die irekiera
Galarreta Hernaniren ikur bat ere bihurtu da azken 50 urtetan eta Hernanirekin lotura oraindik gehiago estutu nahi du, baita pelota eskolan ere. «Apustu berezi bat egin nahi da Hernaniko herritarrekin. Bertakoak gara eta bertako jendearekin gauzak landu behar dira».
Hernanirekin gauza desberdinak lantzea nahi du Oriamendik. «Denen artean, komunikabideak, instituzioak, gu... elkarlana beharrezkoa da. Irekiera berri honetan ekainaren 20an edo 27an zabaldu nahi dira ateak, San Joanen bueltan.  Herriari eskaini nahi diogu irekiera hori. Hernaniarrentzako momentua da, erremontea ezagutzeko aukera eta herria inplikatzeko aitzakia ezin hobea iruditzen zaigu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!