Udalekuak

Udalekuen garrantzia aldarrikatu eta irizpideak bildu ditu OinHerrik

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 29a, 00:00
Pasa den urteko udaleku irekiak Plaza Berrin.

«Denon artean udaldi zoragarrai bat prestatzeko» gai izatea aldarrikatu du sareak, haurtzaroa goraipatuz.

«Udaldian udalekuak ez egiteko gomendioak bat-batean harrapatu gaitu», azaldu du OinHerri, Herri Hezitzaile sareak. «Haur eta nerabeak bizitzen ari diren egoerak kezkatu» egiten ditu, eta «kasu guztietarako erabaki bakarra eta bera hartzea ez dela zuzena» uste du. 
Horregatik, tokian tokiko erabakiak eta neurriak proposatu nahi izan ditu, aisialdi hezitzailea,  «balioetan eta zaintzan oinarritutako heziketa eta zaintza gunea» ardatz hartuta. Zentzu horretan, «ohiko udalekurik ezean, alternatibak eskaintzera» datozela jakinarazi dute.

Ekintzak, auzogune eta herrika
«Udaldian ekintza anitzak eskaintzea inoiz baino beharrezkoagoa dela defendatzen dugu, haur eta nerabeek herriarekin harremana berreskuratzeko», azaldu du, eta beraz, irizpideak argitaratu ditu, ekintza eskaintza anitza osatzeko, «aisialdi zein elkartegintzan adituak eta arituak diren herritar eta profesionalekin batera eratuak izan beharko dutenak». Horren aurretik, beldurretik elkar zaintzara pasatzeko mezu positiboak sortu eta eskola garaitik uda garaira pasatzeko pausoak eman behar direla ere aldarrikatu du; hala nola, emozioak landu, errefortzu akademikoa antolatu eta udaldiari buruzko informazioa eman.
Zehazki udarari begira, berriz, batetik, ekintzak antolatzeko eragile, udal eta familien arteko koordinazio guneak sortu, herri edo auzogune bakoitzeko espazio egokiak identifikatu eta tokian tokiko behar eta baliabideetara egokitutako ekintzak prestatzea gomendatu du. 
Ekintza horiek prestatzeko, berriz, ondorengo gomendioak egin ditu: gertutasunaren araberako taldeak osatzea, horiek espazio konkretuetan kokatzea, herriko hezkuntza ez formal eta kirol edo kultur eragileekin sarea osatu eta ekintza eskaintza antolatzea, kale eskaintza eta euria egiten duenerako eskaintza antolatzea eta antolatutako ekintza hauez gain, familian eta etxean nahiz kalean egin ditzaketen ekintzak proposatzea.

Segurtasun neurriez gain, zaintza
Ezarritako segurtasun neurriez gain, bestalde, elkar zaintza neurriak aldarrikatu ditu sareak. Batetik, komunitatearen garrantzia gogora ekarri dute, «herriko espazioetan haur eta nerabeek lehentasuna izateko».  
Era berean, gogorarazi dute garrantzitsua dela familia, hezitzaile eta herritarren arteko koordinazioa, zainketa emozionala egitea, aniztasun funtzionala eta egoera zaurgarrian dauden familiak kontuan hartzea eta hezitzaileentzako ere babes neurriak lantzea, aurrerantzean.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!