Osasun alarma-egoera ezarri zenetik bigarren Pleno telematikoa egin zuen Udalak asteartean. Zuzenean YouTuben jarraitzeko aukera ere izan zuten herritarrek.
Aurreko akta onartu eta azken dekretuen berri emanda, giza baliabideak arrazionalizatzeko programaren 1go fasea onartu zuten, aho batez, 2020-2025 aldiari dagokion Plan Estrategikoaren barruan. Horrela, kotizazio neurri eta baldintzak beteta dauzkatelako aurretiazko erretiroa hartu dezaketen udal langileei Udalak konpentsazioa ordaintzea onartu zen, belaunaldi aldaketarekin efizientzia hobetu eta gastua murrizten dela-eta. Elkarrekin Podemosek langileen %43,24 interinoak direlako kezka azaldu zuen, eta alkateak argitu zuen planaren hurrengo faseetan landuko dela hori.
Gainerako puntuetan, Covid-19ak bereziki diru kontuetan izango duen eraginaz aritu ziren.
Tasei, hobariak
Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko Tasen Ordenantza Fiskala aldatzeko proposamena ere aho batez onartu zuten.
Isa Sanchez Ogasun zinegotziak azaldu bezala, %100eko hobariak aplikatuko zaizkie komertzio, ostalari edo eremu industrialeko hondakin bilketa eta ur hornidura tasei. Erroldako datuen bidez, ofizioz aplikatuko dira.
Era berean, %25, %100 edo zerbitzuak izan duen murrizketaren proportzionalitate bereko hobariak aplikatuko zaizkie, baita ere, Hernani eta Kantuz musika eskolako, kultura saileko ikastaroetako, udal euskaltegiko eta kiroldegiko tasei ere.
Hobariak ofizioz aplikatzea «ahalik eta modu errazenean» egiteagatik erabaki dela azaldu zuen Xabier Lertxundi alkateak. Terrazak jartzeagatik ostalariek ordaintzen duten tasari dagokionez, «lantzen» ari direla argitu zuen.
Aurrekontuan, arazorik ez
Kontu-hartzaileak udal aurrekontuaren egoerari buruz osatutako txostenaren berri eman zuen Sanchezek segidan. Aurrekontuak «hankaz gora» egon arren, «legeak ezarritako epeetan hornitzaileei ordaintzeko Udalak arazorik ez» duela nabarmendu zuen. Alkateak azpimarratu zuen «Covid-19ak izandako eragin ekonomikoak sortutako behar gehienei erantzuteko Udalak egindako lana», eta asmoa azaldu zuen «gehiago behar izanez gero, horretan segitzeko».
Aurrekontuak izan dituen aldaketen azalpenetan, Sanchezek argitu zuen Udalaren, Zerbitzu Sozialen eta Ereñotzuko toki entitatearen gastu eta sarreren exekuzioa nola dagoen, eta zein kreditu aldaketa egin diren. Zerbitzu Sozialek 118.992 euroko kreditu gehikuntza jaso dute Jaurlaritzatik, eta 240.000 eurokoa Udaletik, «pertsonal gastuetarako». Orokorrean, diru-sarrera murrizketa ia 5 milioi eurokoa izango da, eta gastuen gehikuntza 1.759.000 eurokoa. Horri aurre egiteko bideak izango dira, Zikuñagako Papelerak eraikuntza zerga gisa ordaindutako 2.388.000 euro, 2019ko 4 milioiko gerakina eta aurreikusitako inbertsioetan lehentasunak jartzea.
Aldundiak udaletara bideratzen duen Foru Funtsa ere murriztu egingo dela aipatu zen, %20. Epez kanpo sartu zenez, EAJk erretiratu egin zuen gaiari lotutako bere mozioa, eta EH Bildurena onartu zen Elkarrekin Podemos eta EH Bilduren aldeko botoekin eta PSE eta EAJren kontrakoekin. Aldundiak «erabakia aldebakarrez» hartu izanaz kexatzen da EH Bildu, eta ko-gobernantzarako eskaera luzatzen dio (mozioa osorik: kronika.eus).
Jaiak eta eskaerak
Gainerakoan, gai-ordenean sartu eta oposizioaren abstentzioarekin onartu zen Mattin Aldaia izendatzea, alkatearen ordez, industrialdeen garapenerako Beterri Kosta erakundeko ordezkari.
Jakinarazi zen, bestalde, San Joanak eta Preludioa bertan behera geratu direla, baina «ekintza kultural batzuk» antolatzen» ari direla. Horrez gain, Ekintza Planean onartutako tokiko kontsumora bideratzeko bonoak ekainean martxan jartzea aurreikusten dela argitu zen.
Azkenik, herritar batek kexa azaldu zuen garaje aurrean eraiki dioten eskailerak ez diolako uzten garajea erabiltzen, eta Udalaren aldetik ez duelako arretarik jaso. Eskaera erregistroan egiteko erantzun zitzaion.