«Engainatu egin gaitu, eta ELAtik harremana moztu dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 27a, 00:00
Soldatak zor zaizkiela diote langileek.

Fatxadak edota etxebizitzak berritzen lan egiten duen Bekabi II enpresak hainbat soldata zor dizkiela kexatu dira langileak.

Antolatzen eta protestan hasi dira Hernaniko Bekabi II enpresako hainbat langile, soldatak zor zaizkiela argudiatuta. Fatxadak edota etxebizitzak berritzen ditu, besteak beste, eta hogeiren bat langileren bueltan dauzka, Manu Tena ELAko arduradunaren esanetan. «Engainatu egin gaitu, eta ELAtik harremana moztu dugu», azaldu du. Langileak asanbladan biltzekoak ziren atzo, ordezkariak izendatu eta kontsultarako epealdia hasteko.

Kronika enpresarekin harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du erantzunik jaso.

 

«Egoera korapilatsua»

Tenak azaldutakoaren arabera, UGTk urte hasieran egindako hauteskunde sindikaletan jakin zuen ELA sindikatuak egoeraren berri. «2019ko udako ordainsariaren erdia, Gabonetako ordainsari osoa, urtarrileko soldatak eta abenduko soldataren bat zorretan zituen enpresak. Egoera korapilatsua zen».

ELAk delegaturik izan ez arren, enpresarekin harremanetan jarri zen, egoera bideratzen laguntzeko. Tenak azaldutakoaren arabera, enpresaren erantzuna izan zen «lan faltarik ez» zegoela, baina enpresak, sarri, «bizilagun elkarteekin lan egiten» duela, eta «haietako askok ez diotela ordaindu». Horren aurrean, ELAtik eskatu zitzaion, «ahal zen neurrian, pixkanaka, ordainketak egiten hastea. Urtarrila ordaindu zen. Baina gainerako guztia ez, eta ezinezkoa izan da egoerari gehiago eustea».

Hortik aurrera, gainera, «gezurretan» ibili izana egotzi dio ELAk enpresari. «2019ko irailaz geroztik ez ditu ordaindu Geroako pentsioak. Iazko 10Tak egin ditu langileek ordainsariak osorik jaso izan balituzte bezala, eta ez ditu ordaindu...».

Horrez gain, Manu Tenak dio «dirudienez, hornitzaileei ere dirua zor diela.»

 

Langileak antolatzen

Oraindik zer gertatuko den ez daukate argi. «Langile batzuei Lan Erregulaziorako eskutitza bidali zaie orain. Badirudi, hala ere, bost bat langileri ordaintzen diela enpresak, baina ez gainerakoei. Noski, batez-besteko 12.000 euro ingurura arteko zorraz ari gara, soldatei dagokienez. Langileek ez dute beren kabuz aldegin nahi enpresatik, kalte-ordaina ere jaso gabe».

Gauzak horrela, langileak antolatzen hasi dira. «Hamaika afiliatu badauzkagu. Asanbladan bildu eta hiru ordezkari aukeratzea da orain asmoa, kontsultarako epealdia hasteko». Nola jarraituko duten ikusteke dago oraindik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!