Arremanitz

Bigarren Tratu Onen Foroa eramango da aurrera asteazkenean behar kolektiboak erdigunean jarrita

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 24a, 00:00

Foroa Zoom bidez egingo da maiatzak 27an, 18:00etatik 19:30etara, eta plaza mugatuak izango dira. Izenemateko 'hernanitoherri@gmail.com' helbidera idatzi behar da.

Itxialdian egoera berriak bizi izan dira, baita maila emozionalean ere. Hainbat eta hainbat izan dira emozioen zurrunbiloan jira-bueltaka ibili direnak, mugimendu hori konkretuki zerk eragiten zuen jakin gabe ere. Horrexegatik Tratu Onen Herria egitasmoko kideek tresna batzuk prestatu dituzte, emozioen gora-behera horien atzean dauden beharrak identifikatzeko. 
Tresna horiek Bigarren Tratu Onen Foroan jarriko dituzte praktikan, asteazkenean, 18:00etatik 19:30etara Behar Indibidualetatik, behar kolektiboetara izenburupean. Arremanitzek, Berdintasun Kontseiluak, Hernaniko Udalak eta Tratu Onen Herriak antolatzen dute.
Foroan, Zoom bitartez, eskainiko dira alde batetik, bideo labur bat Berexi Art-ekin lankidetzan; eta bestetik, eneritz.ilustratzaile-aren opari lagungarri bat. Zerk egiten dit ongi? Zeren falta sumatu dut? Zer egin dezaket egoera honetan ahalik eta osasuntsuen egoteko? Gisa honetako galderen aurrean sostengu bat izan daitezkeen material atseginak partekatu nahi dituzte hernaniarrekin eta honetarako «Zoom bidezko saio goxo bat prestatu dugu».
Eta «zaintzen krisia horren agerian geratu den garai honetan, geure komunitatean ematen ari diren beste errealitateei begiratzeko tartea ere» hartuko dute. «Zein behar berri sortu dira? Zeintzuk areagotu dira? Zertarako gaude antolatuak eta zertarako ez? Komunitateak egiten gaitu indartsu eta ezinbestekoa izango da komunitatearen beharrei ere erreparatzea».
Talde txikietan arituko direnez, eta giroa bermatzeko, plaza mugatuak izango dira eta oraingo Foro honetan hernanitoherri@gmail.com helbidera idatzita eman beharko da izena. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!