Literatura

«Liburuak umore kutsu haundi bat hartu du eta irakurri dutenek hori nabarmendu dute»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 23a, 00:00
Erika Elizarik bere lehenengo eleberria argitaratu du.

Erika Elizari hernanirrak, 'Zendabalitz' lanarekin Igartza saria irabazi eta gero, liburuaren aurkezpena egin zuen martxoan, eta dagoeneko salgai dago. Asko gozatzen ari dela dio.

Erika Elizarik 2018ko irailean irabazi zuen Igartza literatur saria, idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka, Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dutena. Aurkezturiko hamabi proiektuen artean, Zendabalitz izenekoa hautatzea erabaki zuen epaimahaiak.

Martxoaren hasieran aurkeztu zenuen Zendabalitz liburua egoera berezi batean. Zer moduz joan da? 
Garai berezia da, baina aldi berean, lehenengo aldia zen honelako prozesu batean, argitaratzearena, murgilduta ibili naizena.  Suposaten zen ikasi behar nuela honelako prozesu bat nolakoa den eta suertatu zait egoera honetan. Egoera bitxi honek eduki ditu fase desberdinak. Hasiera batean abantaila bat zen jendeak inoiz baino denbora gehiago zuelako irakurtzeko. Ingurukoek eskuratu zuten, batez ere, liburua, oso denbora tarte txikia egon baitzen aurkezpena eta itxialdiaren artean. Lagunek eta lankideek eskuratu zuten eta horien iritziak jaso ditut. Bi astera, ordea, dena itxi zen eta eskuratzeko ahalegin haundia egin behar zen. Geldialdi berezi bat egon da eta orain ea nola dijoan.

Orain gutxienez erosi daiteke.
Horrela da. Elkar paretik pasa naiz eta bertan dago liburua salgai. Lehendabiziko bi asteak igarota lortu zitekeen Elkarren, baina ez dut uste jendea espreski liburua erostera joango zenik. Orain, berriz, aukera hori badago. 

Lehendabiziko egun hauek nola joan dira?
Nabaritzen da asko, itxialdia arindu dela. Komunikabideetatik orain gutxi hasi dira deika. Jaso ditut bat-batean dei asko. Liburu batzuk egon dira tarte honetan argirik ikusi ez dutenak, eta, gutxienez, nirea aurretik, egun batzuk lehenago atera zen. 

Irailean pasa dira bi urte beka jaso zenuenetik. Izena mantendu duzu. Nola izan da prozesua?
2018ko ekainean aurkeztu nuen proiektuari izen berdina jarri nion. Irailean saria eman zidaten eta hortik urtebetera entrega egin nuen. Niretzako idazketa prozesua izan zen saria jaso eta urtebete hori. Gero, denbora izan dut distantzia hartzeko eta lasaitzeko. Egina zegoen eta niri oso ondo etorri zitzaidan distantzia hori hartzea. Presio haundia jasaten da idazteko prozesuan entrega data bat dagoenean eta asko lasaitu naiz orain arte, eta orain asko gozatzen ari naiz, uste baino gehiago. 

Eta gustora zaude emaitzarekin?
Uste baino lasaiago nago, urduriago egongo nintzela uste nuen jendearen erreakzioarekin. Oso prozesu positiboa izan da orokorrean, energia txute bat bezala. Bestetik, presioa izaten da, eta, aldi berean, bakarkakoaren segurtasun falta, presio hori areagotzen duena. Bost orrialdeko lagina saritu zuten eta gero horren beste hirukoitza edo laukoitza idatzi behar nituen. Badirudi egin duzuna ondo dagoela, baina berez segurtasuna duzu saritu duten horrekiko, ez gero aterako den emaitzarekikiko, hori oraindik frogatzeko dago. Gauza batzuekin gustora nago, beste batzuekin pentsatzen duzu hobetu zitekeela, baina bukatu behar nuenez, ez dago atzera bueltarik.

Beraz, Zen eta Balitz, asko pentsatu duzu?
Ni holakoxea naiz. Liburuarekin ez nuen nahi bizitzeko era bat hobetsi, iraganean ez pentsatzearen aldekoa ez naiz, etorkizunarekin gehiegi ez obsesionatzearen aldekoa naiz... eta hortik sortu zen liburua edo hortaz idazteko gogoa. Nahiz eta autoterapia egin gehiegi ez pentsatzeari buruz, gehiegi pentsatzen dut. 

Zer da Zendabalitz?
Zendabalitz hegaldi gorabeheratsu baten kronika biltzen duen eleberri bat da. Horretarako bidaiarien barne-bakarrizketez baliatzen dena. 100 lagun hegazkin baten barruan daude; aireportuan geldirik eta abioitik atera ezinik. Hegazkina aireratze-pistatik metro eskasera pausatu da arazo tekniko txiki bat atzeman dutelako. Ezusteko horrek zazpi bidaiarirengan kontzientzia turbulentziak sortuko ditu eta euren iraganari edota etorkizunari lotutako ardurak iratzarriko dizkie. Zen-da-balitz. Hitz-joko bat da, iragana eta etorkizunari begira. Adierazten du nola kezka­tzen garen izan zenagatik edo daitekeenagatik.

Konfinamenduak eta COVID-19ak sortu dituen beldurrak eta hausnarketak badu parekotasunik hegazkinaren egoerarekin.
Horrela suertatu da. Hasiera batean ez nintzen ohartu. Badago paralelismo hori, nahiz eta egoera desberdina izan. Hegazkinean tentsioa arazo mekaniko batek jartzen du  eta horrek tentsioa areagotzen du, eta konfinamenduan tentsioa denboran gehiago luzatu da. 

Gainera, prozesu guzti honetan ama izan zara.
Bai. Saria jaso aurretik, uztailean, jaio zen orain bi urte beteko ditu. Bi gauzak batera bizi zain ditut, biak ere berriak niretzat. Alaba edukita ez da berdina izan. Ez banu izan seguru buelta gehiago emango nizkiola buruari eta idatzitakoari. Denbora muga nuen eta horrek dena baldintzatu du. Bikoteak munduko denbora guztia eman dit idazteko. Azkenean hiru ordu hartzen nituen eta burubelarri aritzen nintzen liburuan lanean. Azkenean ez dakit zaildu edo erraztu egin duen sorkuntza prozesua, behartu egin bainau kontzentrazioa mantentzera, denbora batez. 

Liburua irakurri duten lagunen eta ingurukoen iritzia edo kritikak nolakoak izan dira?
Onak izan dira, baina zaila da jakiten benetakoak diren edo gustatzen ez zaien zer edo zer gordetzen duten. Orokorrean oso ondo pasa dutela esaten dizute, beti ere zalantza horrekin. Eskertzen da kritika, gauza asko daukadalako oraindik ikasteko. 

Gaurko literatura gehiena oso serioa dela irakurri dizut eta eleberri dibertigarri bat idatzi nahi zenuela. Lortu duzu?
Beno, berez eleberriaren pertsonaiek bizitzen dituztenak tontakeriak dira, nahiz eta beraiek garrantzi haundia eman. Beraientzat drama hutsa da bizitzen ari direna. Nobelako pertsonaiek euren egoera nahiko dramatikotzat dute. Baina egia da, hain zuzen ere, nobelak egoera ustez dramatiko horiei buelta eman nahi diela. Eta gero garatzen edo idazten joan ahala, nahiz eta nik hori ez bilatu, uste ez nuen umore kutsu haundia hartu du. Ez nekien horra joko zuela eta neregan konfidantza ere ez nuen, gai izango nintzen umorea sortzeko. Horrek poza eman dit, jakitea jendeak barre egin duela. Gehienek hori nabarmendu dute.

Salgai dago Zendabalitz dendetan. Saldu zazu.
Elkarreko eskaparatean ikusi dut. Jendeak esan dit identifikatua sentitu dela pertsonaiekin. Berez, zazpi pertsonaia dira, oso desberdinak denak, baita adinean ere, eta pasatzen zaien gauzetan. Jende desberdina pertsonaia ezberdinekin sentitu da identifikatua. Jolas moduko bat bihurtu da eta asmakizun bat zein zeinekin sentitu den identifikatua. Liburuak horri buruz ere hitz egiten du, gure barruko kezkei buruz, eta gero agian ez ditugu azalaratzen besteentzako ezezagunak bihurtuz.

Pertsonaia denek egiten dute iragana, oraina eta geroari buruzko hausnarketa?
Gordinki ez. Beraien arduren jatorria iraganean dago, adibidez pertsonaietako bat alargun geratu zen, beste batek haurdun dagoela jakin du eta lan elkarrizketa batean ez du esan, eta etorkizunaz dago arduratuta. Batzuei etorkizunak, besteei iraganak eta beste batzuei orainak sortzen die kezka. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!