Heriotza

Joxe Ramon Beroitz hil da, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen sortzaileetako bat besteak beste

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 19a, 00:00
Joxe Ramon Beroitz

«Joan zaigu hernaniar bat benetan bikaina», nabarmendu dute Hernaniko Odol Emaileen Elkartetik. Atzo hil zen, 73 urterekin.

Joxe Ramon Beroitz hernaniarra hil zen atzo, 73 urte zituela. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko sortzaileetako bat izan zen, eta Hernaniko odol emaileen ordezkaria ordutik: «orain dela 55 bat urte hasiko zen odol emaile bezala. Erresidentzian egiten zituzten orduan, ez baitzegoen elkarterik oraindik. Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea sortu zenean, bera ere tartean zegoen, sortzaileetako bat izan zen. Eta Hernaniko ordezkaritza hartu zuen berak. Urte pila bat eman zituen lan horretan», nabarmendu dute Hernaniko Odol Emaileen Elkartetik.

Gogora ekarri dute, gainera, garai batean «kalean topatzean» ematen ziela herritarrei, estrakzioen deialdien berri; edo bestela, etxez etxe joaten zela, abixua ematera: «hori zen, gutxieneko bat ziurtatzeko, eta garai batean orain baino estrakzio gehiago lortzen genituen, 90-100 inguru hilean. 103 estrakziorekin daukagu errekorra Hernanin, bi aldiz iritsi gara kopuru horretara».

Odol emaileen bazkaria antolatzeko ere, «bera aritzen zen saltsan». Eta «azkeneko momentura arte» egon da laguntzen, nabarmendu dutenez. Kronikara ere, Beroitzek ekartzen zituen estrakzioen deialdiak eta emaitzak, hilero hilero. Egindako lana eskertu nahi dio, Kronikak ere.


«Oso izaera gozoa zeukan, borondate hutsez egiten zuen dena»

Baina odol emaileetan bakarrik ez, beste makina bat kontutan ere aritzen zen hernaniarra: «parrokiko abesbatzan egin zituen dozenaka urte; Ohitura Zaharrak abesbatzan ere bai, Santa Ageda bezpera eta Urte Zaharreko erronda antolatzen; Ttapa Ttapan ere bai...», nabarmendu du Joxe Mari Elordik: «Odol Emaileen Elkartean bezala, horietan guztietan ere berak sartu ninduen. Denak inbolukratzen zituen Joxe Ramonek».
Odol Emaileen Elkartetik azpimarratu dute, Beroizek «berezkoa» zuela «laguntzeko eta parte hartzeko gogoa», eta beti azaltzen zela prest edozein lan egiteko, «beti bere borondate onenarekin eta muxutruk».

«Joan zaigu hernaniar bat benetan bikaina. Izaera oso gozoa zeukan, eta borondate hutsez egiten zuen dena. Asko mugitu eta egin du herri honetan, jende asko animatu du, hamaika kontutan aritu da, eta ez du inoiz nahi izan bere lana aipatzerik», diote.

Anekdota gisa, Elordik aipatu du, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteko urteroko asanblada batean lortutakoa: «urtero joaten ginen biok, Hernaniren ordezkari. Eta gogoan dut guk lortu genuela, 65 urtetik gorakoek odola ematen jarraitu ahal izatea, osasunez ondo bazeuden. Urte batean proposatu genuen, eta ez zen aurrera atera; baina hurrengoan berriro eskatu, eta onartu egin zen. Eta horretarako ere, bera aritu zen lanean. Oso gizon saiatua zen, beti zeukan kezka hori, gauzak konpontzeko eta hobetzeko». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!