Doberaren zuzendaritza talderako hautagaitza aurkezteko, epea zabalik

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 13a, 00:00

Telematikoki egingo du urteko batzarra aurten, ekainaren 17an; eta zuzendaritza aldatu behar dela eta, hilaren 12ra arte aurkeztu daiteke.

Osasun alarma egoera tarteko, atzeratu egin du aurtengo urteko batzarra, Dobera Euskara Elkarteak; baina egoera ikusita, batzarra telematikoki egitea erabaki du. Ekainaren 17an izango da batzarra, arratsaldeko 18:30etan hasita; eta bideo-deietarako aplikazio baten bitartez egingo da; aurrerago jakinaraziko dute, zein izango den.

Bertan landuko dituzte, batetik, 2019 urteko balantzea, 2020 urterako aurreikusita zeuden egitasmoak zein ziren, eta orain arteko egoera zein den.

Eta horiekin batera, zuzendaritza talde berriaren aukeraketa ere egingo dute. Izan ere, zuzendaritza taldea aldatzeko urtea da aurtengoa. Eta horretarako, dagoeneko aurkeztu daitezke hautagaitzak. Ekainaren 12ra arte egongo da epea zabalik, Doberarekin harremanetan jarrita: dobera@dobera.eus helbide elektronikora idatzita, edota 662 906 692 telefonora deituta.

Bi urtetik behin berritzen da zuzendaritza taldea, eta beraz, orain osatzen den taldea, 2022ra arte egongo da  zuzendaritzan, hasiera batean. Argibide gehiago eskatzeko ere, emaila eta telefonoa erabili ditzakete, interesa duten bazkideek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!