Historia

«Mendietan eta Pirinioetan, muga leku horiek ez dira mugak, baizik eta zubiak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 9a, 00:00

Joe Linehan eta Beñat Iturrioz, 'Sans Nom' dokumentalaren bultzatzailea eta egilea.

Sarean doan ikusi daiteke Beñat Iturrioz hernaniarrak, Bira produkzioak etxetik, zuzendutako ‘Sans Nom’ dokumentala. Argitara ateratzen du Bigarren Mundu Gerran aliatuei laguntzeko Euskal Pirinioetan barrena egiten zen ezkutuko ihes sare bat; «hain zen sekretua, ez zitzaiola egokitu izenik»

Apirilaren 25az geroztik Kanaldude telebistan ikusi daiteke Sans Nom dokumentala, eta astelehenetik aurrera Bira produkzioak etxearen Vimeo eta YouTube kanaletan ere ikusi ahal izango da. «Orain arte euskerazko bertsioa zabaldu dugu, baina pentsatzen dugu Belgikan frantsesez kontsumituko dutela errazago». Hain zuzen, euskera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa nahasten ditu, Euskal Pirinioetako Mendibe herrixkan kokatzen den istorio honek nazioarte mailako garrantzia baitu.
Bertatik pasatzen zen Zero Sarearen zati bat Bigarren Mundu Gerran, bereziki, belgiarrak, naziek okupatutako lurraldeetatik ihes egin eta Europa aliatura eramaten laguntzen zituena. Mendibeko zerrategia erabili zuten bi belgiar eta errusiar batek, tokiko artzain eta mugalari baten laguntzarekin, tapaki gisa.

Argitaratu berri duzuen dokumentala 2018ko udan grabatu zenuten. Nola iritsi zineten Mendibera?
Aspaldidanik ezagutzen dugu elkar Joe eta biok. Comete Sarearekin lanean ibiliak dira. Ohitura haundia dago Europa osoan zehar horrelako sareetan barrena berriro ibiltzeko. Hemen, ezagunena, Comete da. Baina Joek aipatu zigun bazegoela beste sare bat, Zero Sarea, Bruselan hasi eta naziengandik ihesean zebilen jendea Europa aliatura eramaten zuena. Aipatu zigun 2018ko ekainean Mendibetik Orbaizetarako ibilbidea egitekoak zirela, Zero Sare horren zati txiki bat hartzen zuena, eta garai hartan parte hartu zutenen seme-alaba, ilobak eta senideak etorriko zirela. Grabatzeko aukera polita izango zenez, eta saltsatan sartzeko daukagun zaletasunagatik, joan egin ginen.

«Figura garrantzitsua izan zen Jean edo Manex Sarotxar, bertako artzaina, Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerretako heroia izan zena. Mugalari lanak egiten zituen»

Eta bideo labur bat izango zena, dokumental bihurtu zen…
Hasiera batean pentsatzen genuen bideo laburpen bat egitea, motza, bost bat minutukoa. Baina ikusita zein pertsona zeuden hor, erabaki genuen elkarrizketa zabalagoak egitea, eta 35 minutuko dokumental laburra egin dugu. Azkenean, uste baino luzeagoa, baina nahi baino laburragoa. Izan ere, badago hor informazio pila bat, egiteko dokumental serio bat, ordu eta erdikoa.

Zero sarearen zati hori, Mendibeko zerrategia erdigunean duena, izenik gabea, ‘Sans Nom’ da. Zergatik?
Guk eman diogu izen hori. Comete Sareak ingelesak salbatzen zituen bezala, Zero Sareak belgiarrak salbatzen zituen. Belgikan hasi eta Frantzia zeharkatzen zuen, eta bazeuden sare batzuk pasatzen zirenak Katalunia aldera, handik Lisboara eta gero, Europa aliatura, Ingalaterrara. Baina, zati bat, aldiz, pasatzen zen gure Euskal Pirinio inguru horretatik. Berez, sareak Zero izena dauka, baina sareak zati txikiak ditu, eta zati txiki honek ez zeukan izenik; hain zen sekretua sarea, ez zitzaiola egokitu izenik zati konkretu horri. Mendibetik hasi eta Iratiko Oihana erabiliz, Orbaizetara artekoa zen. Izan ere, mendian, eta Pirinioetan, muga leku horiek ez dira mugak, baizik eta zubiak. Han bazegoen zerrategi abandonatu bat, eta sare honen zati hau martxan jartzeaz arduratu zirenek, Charles Schepens doktoreak, Perot jauna bezala ezaguna, eta Anselme Vernieuwek jarri zuten martxan, Cyrille Pomerantzeff errusiarra sartu zelako erresistentzian eta berak egin zuelako zerrategiaren erosketa. Hirurek jarri zuten martxan zerrategia, eta zerrategi horrek egiten zituen funtzio normalak: egurra moztu Iratiko Oihanean, ekarri eta saldu.

«Espia bikoitzaren jokoa egiten zuten [egurra] alemaniarrei ere salduz, itxura emanez alemaniar kolaborazionistak zirela»

Eta, era berean, tapaki gisa funtzionatu…
Funtzionatzen zuen fabrika bat zen. Eta egurra saltzen zieten, baita alemaniarrei ere. Beraz, espia bikoitzaren jokoa egiten zuten alemaniarrei ere salduz, itxura emanez alemaniar kolaborazionistak zirela. Baina, azpitik, ekartzen zuten jendea zerrategira lanera, egiten zituzten pare bat aste, eta gero, ihes egiten zuten Nafarroa aldera, Europa aliatura, edo erabiltzen zituzten soldadu belgiarrak pasatzeko Europa aliatura. Hor, figura garrantzitsua izan zen Jean edo Manex Sarotxar, bertako artzaina, Lehenengo eta Bigarren Mundu Gerretako heroia izan zena. Mugalari lanak egiten zituen Pirinioetako alde horretan. Mendiko txoko guztiak ezagutzen zituenez, arduratzen zen jende hau hartu eta alde batetik bestera pasatzeaz, naziek ikusi gabe, eta, baita ere, frankistek ikusi gabe! 

Dokumentalean bertan egiten da galdera: zergatik ote da istorio hau ezezaguna?
Nik ere ez neukan horren berri. Guk ezagutzen dugu, normalean, historiaren zati hau baina kontrako norantzan: Euskal Herrian beti aztertu da Gerra Zibilaren ondoren jendea nola joaten zen kanpora, edo alemaniarren kontra borrokatzera, edo deportatuak izaten zirela… Beti, hemendik, Frankismotik alde egiten. Eta kasu hau da, justu kontrakoa, jendea etortzen zen hona, eta ezezaguna da, hegoaldean behintzat. Gainera, kasualitatez ezagutu zen istorioa. Horrela gertatzen da askotan. Horrelako historia pasarteak deskubritzen dira kasualitatez, norbaitek hitz egin duelako beste norbaitekin eta ateratzen duelako gaia. Albaolan eraikitzen ari diren barkua ere kasualitatez aurkitu zuten. Dokumentalean agertzen den Meg Ostrum historialari kanadiarrak idatzi zuen liburu bat sare honi buruz, Le chirugien et le berger (Zirujaua eta artzaina) eta bertan dago informazio guztia.

Dena den, testigu bizi bat ere topatu zenuten, Beñat Urrutia.
Bai. Ibilaldira etorri zen Isabel Urrutia, Mendibekoa, eta bere osaba da Beñat Urrutia, dokumentalean agertzen dena. Erakusten du beste alde humano hori. Egia esan, hori dauka dokumentalak: badauka, alde batetik, alderdi historikoa, Meg Ostrum historialariak kontatzen duena; bestetik, nolabaiteko historia mitifikatua eta pertsonalagoa, protagonisten seme-alaba eta ilobek kontatua; eta bestetik, Beñatena, bertako testigu batena. Tristeki, orain bi hilabete inguru joan zaigu.

Hainbeste material egonda, bigarren zati bat egiteko aukeran pentsatu duzue?
Badago materiala, bai. Ikertu eta sakondu dezakezu nahi duzun guztia. Adibidea da, Megen liburua. Ikaragarrizko azterketa egina dago. Baina dokumentala egiteko baliabideak behar dituzu: denbora eta dirua. Eta, ez dagoenean, horixe. Egin dugu gure ekarpen xumea, gure denbora inbertituz, baina asmorik ez daukagu zerbait sakonagoa egiteko. Hala ere, uste dugu horrela funtzionatzen duela. Dokumental labur bat da, informazio asko dago, eta gantxo bezala balio du, jendearen arreta erakartzeko. Eta, era berean, omenaldia ere bada, jende horri, istorio hori ezkutuan geratu ez dadin. Espero dut hemen ikusteaz gain, Belgikan, Frantzian eta Ameriketan ere ikusiko dela, han ere errekonozimendua izan dezan jende horrek, nahiz eta nork bere herrialdean baduen. Hemen, aldiz, iruditzen zait ez dela hainbesteko lanketa egin garai horri buruz.

Zabaldu dadin jarri duzue, hain justu, dokumentala doan ikusgai?
Lau gizon horiek altruistak izan ziren. 2019an bukatua genuen dokumentala, eta erakutsi genien senide eta parte hartu zutenei. Asmoa zen, ezagunagoa egin zedin, zinema jaialdi batzuetara aurkeztea, gero zabaltzeko aukera ematen dutelako, helburua zelako jendeak historia ezagutzea. Baina, azkenean, zain egon gara askotan, epeak luzeak izaten direlako, eta, gero, Koronabirusagatik jaialdi asko atzeratu edo bertan behera geratu dira. Gainera, gure planaren barruan zegoen bestela ere aurtengo ibilbidearen aurretik libre jartzea, doan. Doan jaso dugu guk istorioa. Gure memoria historikoaren alde egiten dugun ekarpen txiki bat da.   

 

«Claire Schepensek berriro egin zuen 5 urterekin egindako ibilbidea»

Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteko kidea da Joe Linehan, aspaldi hernaniartutako irlandarra. Bigarren Mundu Gerrako ihes sareen berreskurapenean egiten dute lan, eta urtero, ibilbide bat egiten dute.

Comete Sarea ezaguna da Hernanin. Bigarren Mundu Gerran naziengandik ihes egiteko aliatuek erabilitako sare klandestinoetako bat da, eta bertan mugalari lanetan aritu zen Florentino Goikoetxea Beobide hernaniarra, Altzuetako semea. Baina ez da sare bakarra. «Askoz gehiago zeuden», dio Joe Linehan, Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteko kideak. Horiek berreskuratzeko lanean aritzen dira. «Bazeuden gehiago hemen, Gipuzkoan, eta baita Nafarroan ere. Aragoi inguruan ere bai, gutxi, eta Katalunian dezente. Hemen, Comete bakarrik izan zen. Guk beste sareetako ibilbideak ere berreskuratu nahi genituzke, baina klandestinoak ziren. Beraz, ikerketa dezente egin behar dugu».
Beñat Iturriozek Girona inguruko baten berri izan zuela aipatzen du. «Sare horietako bat pasatzen da bertatik, eta plaka jarrita dago, azalpenekin. Egin da memoria historikoarekiko lanketa. Hemen, ez hainbeste. Ez da egin lanketa haundirik, ez euskal deportatuen inguruan, ez garai horren inguruan. Dokumentalean bizpahiru aipatu ditugu, ikusteko nola funtzionatzen zuen Europako mapak».

Astoa, ama, eta seme-alabak
Ihes sare klandestino horietako bat berreskuratze aldera antolatu zuten 2018an Mendibetik Orbaizetarako ibilbidea. «Ia inork ez zuen ezagutzen historia zati hori!», dio Linehanek. «Gerra ostean memoria historikoa gutxi landu zen. Mendibeko zerrategia itxita zegoen, eta tokiko jendeak ahaztua zuen. Gogoratu ere ez zuten egin nahi. Kasualitatea izan zen Meg Ostrum historialaria oporretan bertara joan izana, eta istorioa kontatu zion apaiz batekin topo egin izana. Ikertu, eta liburua ateraz zuen».
Eta EPAB elkarteak, ibilbidea berregin. Ez nolanahiko gonbidatuekin, gainera. «Claire Schepens, Charles Schepensen alaba etorri zen, 85 urterekin. Berriro egin zuen bost urterekin egin zuen ibilbidea. Orduan, ama eta anaiarekin pasa zen Donibanetik, Alduden barrena, Elizondora. Asto batekin egin zuten bidea, tokiko artzainak lagunduta. Clairek aitortu zigun zeukan pena zela, ez zekiela nor zen artzain hura, eskerrak emateko. 1943ko urrian egin zuten. Ekaitzak jo zuen, eta anaiak, izututa, oihu egiten zuen. Zorionez, ez alemaniarrak ez guardia zibilak ez ziren konturatu».

Mendiriz Mendirekin, emakumeen historian barrena
Hain zuzen, ibilbide zehatz hori ere berreskuratu nahi dute. «Duela bi igande egitekoak ginen Aldudetik Elizondorako bidea, Mendiriz Mendirekin. Urtero egiten dugu hernaniarrekin ibilbideren bat, errekonozimendu gisa, apirila edo maiatza aldera. Eta gero, benetako mendi martxa egiten da udan, atzerriko parte-hartzaileekin. Gonbidatu nahi genuen Claire bera, baina aurten zaila izango da».
Hurrengo urterako gordeko dute ideia, hala ere. «Emakumeen historia are gehiago ezkutatzen da, isiltzen da. Egingo dugu». 

«Alemaniarrak ez genituen maite»
Dokumentalean ikusi daitezke ihes sare horien ibilbide luzeak. Europa osoa zeharkatu, eta Frankoren diktadurapean zegoen Espainiara iristen ziren iheslariak. Bide arriskutsuegiak zirela pentsa liteke, baina ez zegoen besterik. «Bide errazagorik baldin bazegoen, bijilantzia gehiago zegoen. Hemen, adibidez, Nazioarteko Zubia (Hendaia eta Irun artean) pasatzea ezinezkoa zen. Alemaniar, karabinero eta guardia zibilak zeuden. Hain zuzen, 1943an kontrol asko zegoen Bidasoan eta Endarlatzan, eta beste bide batzuk bilatu behar izan zituzten, urrunago. Asko, Nafarroan: Iratin, Alduden, Elizondon, Baztanen, Dantxarinean…».
Iheslariek, gainera, ez zuten bide osoa zertan egin, Iturriozen esanetan. «Batzuk zati bat bakarrik egiten zuten. Adibidez, Mendibetik Orbaizetara egiten zuten asko, ingurukoak ziren. Laguntzen zieten hegoaldera pasatzen, bestela, alemaniar fabriketara lanera bidaltzen zituztelako. Izan ere, Frantzia Alemania naziak okupatua zegoen. Baina izan zitezkeen baita ere judutarrak, soldadu aliatuak, soldadu belgikarrak… Bai pertsonak, eta baita dokumentuak ere. Bide sekundarioetatik joaten ziren, ahalik eta modu ezkutuenean. Egongo ziren pasaporte faltsuarekin hegazkina hartu zezaketenak, baina ezin zuenak, lurretik egin behar zuen bidea! Trenean, bizikletaz, oinez… Modu klandestinoan pasatzeko ahalik eta modu ezkutuenean».
Lan horiek egitera alemaniarren fabriketara joan behar izan zuten, adibidez, dokumentalean agertzen den zuzeneko testigu bakarraren, Beñat Urrutiaren anaiak. «Lan derrigortuak egitera bidali zituzten», Iturriozek argitu bezala. Linehanek pasarte hori azpimarratzen du. «Tokiko ironiarekin esaten du dokumentalean. Ingelesez edo gaztelaniaz ez da gauza bera. Guk [alemaniarrak] ez genituen maite!».

Filosofo judutarraren atzetik 
Koronabirusaren eraginez dena airean geratu bada ere, hurrengo urterako planekin aurrera jarraitzen du EPAB elkarteak. Claire Schepensekin bere ibilbidea berreskuratzeaz gain, judutar filosofo baten ihes bidea ere berregin nahi dute. «Katalunia iparraldean dago bidea. Azkenean, bere buruaz beste egin behar izan zuen hark. Oso istorio hunkigarria da. Ibilbidea 14 km-takoa da, eta seinalizatuta dago. Hurrengo urtean egingo dugu».
Berreskuratze lanak ez du etenik. Iturrioz ere ados dago. «Historian beti dago non bilatu, non arakatu, eta zer berreskuratu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!