GUZTION EGITASMOA

'Guztion' egitasmoaren bigarren faseari ekingo dio Udalak, herriko lokal hutsak dinamizatzeko asmotan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 6a, 00:00
'Guztion' egitasmoaren helburua, herrian hutsik dauden lokal komertzialak dinamizatzea da.

Aurreko urtean, 'Guztion' egitasmoa jarri zuen martxan Hernaniko Udalak, herri guneetan hutsik dauden lokal komertzialak dinamizatzeko asmoarekin, eta orain bigarren faseari emango dio hasiera. Izena gaurtik 13ra eman daiteke.

Pasa den urtean, Guztion izena hartu zuen egitasmoa jarri zuen abian Hernaniko Udalak, aipatu moduan, herri guneetan hutsik dauden lokal komertzialak dinamizatzeko asmoarekin.

Hori horrela, aurreko urtean, udalak hutsik dauden lokalen informazioa bildu zuen, lokalen poltsa osatzeko eta «lokal horien jabeak eta merkataritza jarduera berri edo negozio berri bat martxan jarri nahi dituzten ekintzaileak harremanetan jartzeko».  Guztira, 14 lokalek eman zuten izena, iazko deialdian.

 

2garren fasea, orain

Oraingo honetan, bigarren faseari ekingo dio udalak, horretarako, parte hartzen duten lokalen kanpoaldean bereizgarri bat jarriko da, eta lokal hutsen datu-basea Hernaniko webgunean txertatuko dela ere azpimarratu du.

Bigarren fase honetan, parte hartu nahi duten jabeen lokalera joan, eta «lokalaren planoa marraztuko da, eta noski egoeraren fitxa ere osatuko dugu».

Aldi berean, egitasmo honetan parte hartu nahi duten lokalen jabeentzat zabalduko da berriro izen ematea.

 

Izena emateko, baldintzak

Izena emateko, hainbat baldintza bete behar dira, hala nola, lokala eremu hauetan egotea: Andre Kale, Kale Nagusia, Izpizua, Biteri, Atsegindegi, Nafar Kalea, Elkano 1-19 zenbaki artean, Urbieta 5-12 zenbaki artean, Txirrita kalea , eta azkenik Antziola kalea.

Beste baldintza bat ere bete behar dela aipatu du udalak, «aurretik jarduera ekonomikoa izan duen lokala izatea, erakusleihoa duena» hain zuzen.

Gaurtik aurrera dago izena emateko aukera, eta 13ra arte iraungo du izen emateak, hau  da, datorren asteko asteazkena izango da azken eguna.

Bi bide daude apuntatzeko, emaila idatziz guztionhernani@gmail.com helbide elektronikora, edo 943 33 52 58 zenbakira deituz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!