Musika

«Hernanin musika behar bada, ez dadila izan DJa, izan dadila erromeria talde bat jotzen!»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 4a, 00:00
Jazbana erromeria taldeko kideetako batzuk, Errenterian emandako kontzertuan, irakaslearekin.

Ikasturte hasieran hasi ziren elkartzen, Hernaniko Musika Eskolako hainbat ikasle. Jazbana erromeria taldea osatu, eta abenduko zubian eman zuten aurreneko emanaldia. Koronabirusak planak eten dizkie pixka batean, baina lanean jarraitu dute; taldea ezagutarazteko bideoa bolo-bolo dabil sareetan!

Malen Morcillo, Garazi Urdangarin eta Aitor Ariztegik dultzainarekin; Enara Morcillok pandero eta ahotsarekin; Beñat Elizegik bateriarekin eta Iñigo Arzallusek ordezkoarekin; Malen Arregik pianoarekin; eta Eider Garrok trikitixarekin. Horrelaxe osatu zuten ikasturte honen hasieran Jazbana erromeria taldea, Hernani Musika Eskolako ikasleek.

Berezitasun bat badutela aldarrikatzen dute; hain zuzen, dultzaina jotzen den erromeria taldea direla. «Erromeria taldeetan ez dira asko ikusten».
Koronabirusaren krisiak harrapatu ditu, baina taldea ez da geldirik geratu.

«Pixkanaka, baina azkar, aldi berean»
Denbora gutxi da taldea sortu dutela. «Ikasturte hasieran elkartu ginen. Dena hasi zen gutako batzuk Usurbilera [dultzaina] jotzera joan ginenean. Haritzek [Haritz Ezeiza, dultzaina irakaslea] esan zigun guk ere egin behar genukeela zer edo zer, talderen bat. Gutako batzuekin hitz egin zuen, eta jotzeko prest egongo litzatekeen jende gehiago ezagutzen ote genuen galdetu zigun».

«Jazbana da musika tresna ezberdinez inguraturiko talde txiki bat; hortik, Hernaniko Jazbana»

Horrela hasi ziren. Batek besteari deitu, honek hari... «Musika Eskolan bertan ezagutu dugu elkar gehienok». Beste batzuk bazuten bestelako esperientziarik ere; Enara Morcillok, adibidez, Eider Garro trikitilaria ezagutzen zuen, elkarrekin aritu baitziren lehenago Oialumeko Trikitixa Txapelketan. «Horrela elkartu ginen, pixkanaka, baina azkar, aldi berean». Izan ere, irailean, ikasturte hasieran elkartzen hasi, eta abenduko zubian eman zuten Jazbana erromeria taldearen izenean, aurreneko kontzertua.

Zaldibiatik Hernanira
Kontzertuak ematen hasterako, ordea, izena behar izaten da. Ez zuten nolanahikoa aukeratu. «Haritzek 'jazbana' hitzaren definizioaren berri eman zigun. Musika tresna ezberdinez inguraturiko talde txiki bat. Zaldibian ikasi omen zuen. Erromeria egunean (maiatzeko aurreneko larunbatean) jotzera joaten gara, eta han, bazkalondorenean, ateratzen omen zen bat hainbat tresna jotzera, bera bakarrik. Esaten omen zuen hori zela bere jazbana, eta hortik, guk, Hernaniko jazbana».

Izena jarrita, beraz, abenduko zubian Donostiako Bulebarrean jo zuten, Sagardo Apuruaren inguruko festan. «Oso ondo pasa genuen. Gainera, ikusten zen publikoak gogoa zuela; geratu egiten zen gu ikusteko, dantzarako... Andre batek ere eskatu zigun, ea irrintzia botatzen utziko genion!». Hasieran urduri zeudela ere onartzen dute. «Pentsatzen genuen zerbait gaizki egingo genuela, desafinatu...». Baina esperientziarekin pozik, emanaldi gehiago egiteko prest azaldu ziren.

Horrela, beste bi ere eman dituzte. Oiartzunen bata, eta Errenterian bestea. «Desberdinak» izan zirela diote. «Donostian jo genituen kalejirak,  fandangoak, arin-arinak... Oiartzunen dantzak sartu genituen, muxikoak. Eta Errenterian ere bai. Gainera, Larrain-dantza jo behar izan genuen, eta, beraz, dultzaina jotzen dugunok urduriago geunden! Eutsi egin behar zaio piezari!».

Errepertorioa zabaltzen
Martxa ederrean hasitako lana, ordea, Koronabirusak eten du. Baina Jazbana taldeko kideak ez dira geldirik egotekoak. Horrela, errepertorioa zabaldu eta taldea ezagutzera emateko tartea hartu dute, etxean egon beste erremediorik ez dagoen garai honetan.

«Hasieran pentsatu genuen egitea, alde batetik, eguerdi eta arratsaldeetan jotzeko moduko dantza doinuak, muxikoak... Eta bestetik, erromeriatan, gauetan jotzen diren kantak sartzen hasi ginen». Horri tiraka ari dira orain. Hasierako kantuak irakasleak berak aukeratu zituen, baina kantuak sortzen hasiak dira. «Esan zigun guk sortzeko kantuak, horrekin maketaren bat-edo, sortu ahal izateko. Lehenengoaren hasiera berak eman zigun, eta guk egin genuen beste erdia».

Bateren bat sortua dutela ematen du, gehiegi aurreratu nahi ez badute ere. Datozen hilabeteetarako prestatzen ari dira.

Taldea ezagutzera ematea, helburu
Hain zuzen, bide horretan, kantu bat aukeratu eta bideo bat osatu dute, nork bere etxetik jota. Bittor Carrerak lagundu die montajearekin, eta, bide batez, bajua jotzen. Dagoeneko sare sozialetan bolo-bolo dabil. «Hernaniko giroa altxatzeko egin dugu», diote. «Hernanin musika behar bada, ez dadila izan DJa, izan dadila erromeria talde bat jotzen! Taldea ezagun egiteko ere egin dugu, jendeak gure berri jakiteko...».

Izan ere, aurrera begira planik ez dute falta. «Herrialde desberdinetan jotzea gustatuko litzaiguke! Uztailean Galiziara joatekoak ginen, eta San Joanetan jotzekoak. Baina...». Ezin jakin zer gertatuko den. 

Orain arte, denbora gutxian, lan ederra egin dute, behinik behin.  Eta lan horretan, jotzen jakiteaz gain, dantzan jakitea ere garrantzitsua izaten da, nola jo hobeto asmatzeko. Dantzan aritzen direnetakoak direla onartzen dute, den-denak oso zaleak ez badira ere... «Hemendik aurrera, ea guk jartzen ditugun denak dantzan!».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!