Lana

Kontrakantxak arlo laboralean laguntza juridikoa eskaintzen du

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 1a, 00:00

Langileon Babes sarearekin batera, jazarpen polizialaren alorrerako aholkularitza juridikoari, gehitzen zaio orain babes laborala.

Kontrakantxa Gaztetxeak, Langileon Babes Sarearekin batera, arlo laboralean ere emango du laguntza juridikoa. Aurreko asteetan jazarpen polizialarekin egin zuten moduan, «arlo laborala da babeserako bitartekoak sortuko ditugun hurrengo esparrua. Arlo horretan, proletargoak bizi ohi dituen lau egiturazko egoerari erantzuten ahaleginduko gara». 

Hau da:  kontratu gabe dauden langile isolatuen kasuei; Kontratupean lanean diharduten langile isolatuen kasuei; Kontratu gabe eta antolatu gabe dauden langile multzoen kasuei; eta kontratupean eta antolatu gabe daulen langile multzoen kasuei.

«Arazorik izan baduzu, edota izatea aurreikusi, kalera irtendakoan edota lanean, aholkularitza juridikoa eskaintzen dizuegu. Egoera honen aurrean autodefentsarako baliabideak jarri ditugu martxan» diote Kontrakantxatik.


«Babeserako neurriak dira antolakuntzarako aukerarik gabe dauden langileentzako»

Kontratu gabe lan egiteak, antolakuntzarako aukerarik gabe isolatuta lan egiteak eta langile ordezkaritzarik gabeko eremuetan lan egiteak, babes mekanismoak edukitzeko aukera murrizten dute. 

«Nahiz eta egoera horien baitan kasu partikular asko topatu ditzakegun, baldintza horietan lan egiten dugunak egoera zaurgarrian egon izan gara eta kolektibo edota norbanako horien babeserako bitartekoak eskaintzen saiatuko gara». 

Egiturazko egoera horiez gain, koiunturazko kasuen aurrean erantzuten ere saiatuko dira. Izan ere, «egungo koiunturan zuzenean proletargoaren lan baldintzetan sekulako eragina duten neurriak hartzen ari dira; besteak beste, ERTEak eta kaleratzeak. Horren guztiaren aurrean eskainiko ditugu bitartekoak». Bitarteko horiek kasuaren arabera aktibatuko dira eta beti kasu bakoitzaren nolakotasunak kontuan hartuz. 

Harremanetan jartzeko telefonoa eta helbide elektronikoak

Babesa nahi dutenek edo zalantzak argitu nahi dituztenek  ondorengo bideak dauzkate kontaktuan jartzeko: telefonoz 657 79 58 22 telefono zenbakian eta helbide elektronikoz kontrakantxagazte@gmail.com edota hernanikolangileensarea@gmail.com helbideetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!