Udala

Zikuñagako ermita berreraikitzeko plana onartuta, aho batez

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 30a, 00:00
«Historian aurreneko Pleno telematikoa» Hernanin, alkatearen hitzetan.

Haurren eskubideak prebenitzeko proiektua ere hala onartu zen. Udal eraikinen garbiketa zerbitzua luzatzea, ia aho batez.

«Historian aurreneko Pleno telematikoa» izan zena egin zen asteartean, Xabier Lertxundi alkateak azaldu bezala.
Aurrena, azken bi aktak onartu eta dekretu batzuen berri eman zen. Hauen inguruan, Orain Hernaniko Jaione Aristregik adierazi zuen «eskertuko» zukeela «dekretu bidez onartu ordez, Plenora ekarri edo gutxienez informazioa eman izan balitz, legegintzaldi honetan zinegotzi eta konfiantzazko langileen soldatetan egondako igoeren inguruan» eta aipatutako dekretuetan «Mattin Aldaia zinegotziaren lan jarduna %20tik %60ra igotzea» onartu izanaren inguruan. Alkateak gogorarazi zion batzordeetatik pasatako gaiak zirela, eta horien aktak denei helarazi zitzaizkiela. Era berean, gehitu zuen «herria 20.000 biztanletik gorako kategoriara pasa delako igo direla soldatak», eta «igo ez den bakarra alkatearena» izan dela.

Hiru puntuak, onartuta
Hurrengo puntuetatik bi, aho batez onartu ziren. Batetik, haur eta nerabeen eskubideekiko prebentzio eta babes politikak sustatzeko proiektua. Oier Agirresarobek azaldu zuen Heziberri elkartearena dela, eta asmoa dela herriko eragileekin batera aurrena egoeraren diagnostikoa egitea. Orain geratuta dago proiektua, baina abiatzeko onespena behar zuen. 
Bestetik, Zikuñagako ermita berreraikitzeko lurzoru urbanizaezinaren plana behin betiko onartu zen, gainontzeko administrazioengandik inolako trabarik jaso ez dela-eta. PSE-EEtik Ricardo Crespok parrokiari eskerrak eman nahi izan zizkion, «administrazio asko ados jartzeko egindako ahaleginagatik».
Desadostasuna sortu zuen gaia udal eraikinen garbiketa zerbitzuaren kontratua luzatzearena izan zen. EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen, baina OH kontra azaldu zen. Osasun-krisia medio, lizitazio berriak ateratzeko administrazio bideak geratuta daude, eta, beraz, kontratua urtebeterako luzatzea onartu zen, «langileen soldatak bermatuta». Aristregik azaldu zuen «egoera ulertzen» zuela, baina «aurten zerbitzua publifikatzeko lan egitea espero» duela. Bestalde, kontratuko hainbat puntu ez direla betetzen salatu zuen, eta Koro Etxeberria zinegotziak adierazi zion «akusazioak datu faltsuekin egitea arriskutsua» dela, eta halakorik badago, informazioa jaso nahi lukeela, «gauzak behar bezala eta ondo egiteko».

Laguntza lokalak, laster
Azkenik, PSE-EEko Ricardo Crespori erantzunez, jakinarazi zen  laster helaraziko dela Beterri-Buruntzaldeko teknikarien proposamena, krisiari aurre egiteko tokiko garapenera bideratutako laguntza ekonomikoen ingurukoa. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!