Artea

«Etxea metaforikoa da, espazio propioak sortu eta bakardadea kudeatzen ikasteko»

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 26a, 00:00
Uxue Bereziartua hernaniarra.

Gasteizko artisten lanak sustatzen ditu ARTgiak. Baina, konfinamenduan, deialdia Euskal Herrira zabaldu eta erakusketa birtuala ireki du. Bertan daude Uxue Bereziartua hernaniarraren lanak. 

Artea sustatu eta garatzen laguntzen jarraitzeko eta artista garaikideak ikusarazteko, #ARTdemia deialdiaren lehenengo edizioa jarri du martxan ARTgiak, Enebada! eta Kultur ACT elkarteekin. Lanak aurkezteko jarritako 5 eguneko epean 78 jaso dituzte, Euskal Herri osotik, eta horietatik, 30 artisten lanak aukeratu dituzte, konfinamendu egoeran ere sortzen jarraitzearen aldeko apustua eginez. Horien artean dago Uxue Bereziartua hernaniarrarena.
Guztiak, www.artegia.com webguneko erakusketa birtualean ikusi daitezke maiatzaren 6ra arte.

«Etxe bat sortu omen zenuen horrelako egunetarako» Hori izan duzu lanaren abiapuntua?
Konfinamenduan, hain justu, etxea jarri da erdigunean, horretara derrigortuta gaude, eta irudikatu dut etxea kartzela bezala. Baina nik horren inguruan hausnartu dut, eta gustora nago. Ilustratzaile naizen aldetik, etxetik egiten dut lan. Agian inguruako asko ez dago gustora, edo ez da eroso sentitzen etxean egonda, eta horren inguruan hausnartu dut. Artista askok esaten dugu bizitza guztia daramakigula horrelako egunetarako prest! Kanpora joan izan naizenean ere, Italian sei hilabete pasa nituenean, adibidez, bilatzen nituen espazioak niretzako bakarrik zirenak, nire buruarekin egoten ikasteko. Beraz, etxea kasu honetan metaforikoa da, norbera bere buruarekin egoten ikasteko edo espazio propioak sortu eta bakardadea kudeatzen ikasteko. Etxea sortu nuen, denbora libre hori, huts horiek kudeatzen jakin ahal izateko, nahiz eta saihestezina den aspertzea edo nekatuta ere egotea etxetik atera gabe.

Nola eragiten ari zaizu konfinamendua zure arte sorkuntzan?
Ez da asko aldatu egoera. Badauzkat momentuak, denek bezala, baina nire egunerokotasunean izaten dudan lan dinamika ez da asko aldatu. Jaiki, lanerako ordu bat jarri eta hasi... Egia da orain etxean jende gehiago garela, eta distrazio gehiago dagoela. Eta lehen tarteak hartzen nituen erosketetarako, edo zerbait hartzera ateratzeko… Orain ordu horiek lanerako plus bat dira. Dinamika ez da asko aldatu, baina lehen lantzen ez nituen lantzen ari naiz orain; espazioaren kudeaketa. Lehen gehiago bideratzen nuen nire lana gorputzetara eta errealitate disidente eta zapalduak irudikatzera, eta orain, espazioaren kudeaketara. 

«Lehen nire lana gorputzetara eta errealitate disidente eta zapalduak irudikatzera bideratzen nuen, eta orain, espazioaren kudeaketara»

'Berexiart.com 'webgunean bilduta dituzu zure lanak, eta bertan, besteak beste, 'Loratu' ilustrazio bilduma. Horrekin lotura du ARTdemiarako 
aurkeztutakoak?
Orokorrean, nire ilustrazio lanak bi zatitan banatu izan dira. Collageetan eta ilustrazioetan. Kasu honetan, linealak diren lanetan jotzen dut emakume biluziak marraztera, oso lerro borobilekin, kurba askorekin, eta gero, loreak marraztera. Badaude antzekotasunak estetikan. Marrazteko eroso sentiarazten nauen modua da: emakume biluziak eta lore asko.

Hala ere, hau ARTdemiarako propio sortutako lana izan da, ezta?
Irizpideak zein ziren azaldu zidatenean, konfinamendua izan zen jarritako gaia, eta hor bertan sortu ahal izatea. ARTdemia horri buruzko erakusketa da, eta beraz, konfinamenduan sortutako lana izan da. 

Emakumeak eta hauen  gorputzak izaten dituzu sarri, zure lanen oinarri. Zein filosofia dago atzean?
Nire helburua beti izan da zentroan jartzea hainbeste ikusten ez diren errealitate eta pertsonak, gizarte heteropatriarkatu eta kapitalistak gustuko ez dituenak. Horretarako tresna ilustrazioa dut. Edo zerotik edo argazki batzuetatik sortzen dut pertsona bat, normalean ikusten ez ditugun gorputzak zentroan jartzeko. Horregatik agertzen dira emakumeak biluzik, ustez akatsak direla erakutsi diguten ezaugarri horiekin, ikusteko oraindik bortitzagoak direlako: ileekin, gizentasun ezaugarriekin, tamaina desberdinetako titiekin, trans direnak, edo lesbianak… Hori da helburua, hori guztia feminismotik lantzea. Eta era berean, konturatu gabe nire buruarekin terapia egiten dut. Identifikatzeko modukoak egiten zaizkidan gauzak, nire gorputzetik gustatzen ez zaizkidanak ere ilustratzen ditut, ikusteko hori ere polita izan daitekeela. Beraz, bi joera dauzkat: bata, militanteagoa, errealitate bat ikusaraztekoa, eta bestea, nire buruaren autozaintza eta gustatzen ez zaizkidanak maitatzen ikasteko terapia. 

«Marrazteko eroso sentiarazten nauen modua da: emakume biluziak eta lore asko»


Diziplina oso desberdinetako artistak aukeratu ditu ARTgiak erakusketa honetarako. Espero zenuen zurea bat izatea?
Ez nuen espero hain diziplina desberdinetako artistak eta estetikak biltzea. Izan ere, beraiek jarri ziren nirekin harremanetan, ez zutelako espero hainbeste jende. Pentsatzen nuen erakusketa osatzeko justukoak izango ginela. Gero, irakurri nuenean hainbeste jendek aurkeztu zuela bere lana, pentsatu nuen ez nindutela hartuko. Beraz, orduan sorpresa hartu nuen, eta asko eskertzen dut nire lana baloratu izana. 

Ekimen hau lagungarri izango zaizu zure ibilbidean?
Egia esan, orain arte izan dudan erakusketa potenteenetakoa da, Gasteizko arte sorkuntzan oinarria eta pisua baititu ARTgiak. Ateak dezente zabaltzen dituztela iruditzen zait, oso lan fina egiten dutelako komunikazioan, artistekin, erakusketak ikusarazten… eta oso tratu goxoa ematen digute. Ez dakit erakusketa birtual batek zenbateraino eragingo duen, batez ere, erosterako orduan. Nire lanak digitalean ez dira hain politak ikusten; nik fisikoki, tamaina jakin batean eta marko jakin batekin irudikatzen nituen. Baina ARTgiaren parte izateak on egingo dit. Horrelako ekimenak beti dira positiboak artistak bultzatzeko, gainera, ez digutenean ezer eskatu. Bestalde, horrelako egoera batean, eta internetera hain ohituta gauden honetan, hau izan daiteke bide bat, jende gehiagorengana iristeko, erakusketa fisiko batera joango ez litzatekeen horrenagan iristeko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!