Lizeaga auzoa

'Ametsen aireportua' gaur, Lizeagan

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 26a, 00:00

Iganderoko hitzordua jarri du Maritxu Balkoi Auzo Taldeak, bihar eguerdirako, Lizeaga auzoko Madalena Plazatxoan. Eta oraingoan, Ametsen aireportua prestatuko dute, 13:00etan hasita: paperezko hegazkinak egingo dituzte, apaindu, amets bat edo desio bat idatzi, eta balkoitik aireratuko dituzte. Aireratu aurretik, argazkia aterako dio bakoitzak, egindako hegazkinari, eta taldera bidali beharko du, zehaztuz helbidea, eta abioiaren eta pilotuaren izenak. Lehiaketan apuntatzeko eta informazioa eskatzeko, emailez idatzi behar da, maritxubalkoi@gmail.com helbidera. Hegazkin ederrena ez ezik, hegaldi dotoreena ere sarituko dute. Jakinarazi dute, gainera, biharko ekitaldia aprobetxatuko dutela Bob Barckley hegazkin pilotu ingeles hilberriari eta Florentino Goikoetxea mugalari hernaniarrari omenaldia egiteko. Musikarik ere ez da faltako, biharkoan. Eta paperezko hegazkinak nola egin jakiteko, bideo-tutoriala ere prestatu dute: labur.eus/7J5Q8.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!