Ingurumena

Kalitate oneko aireak ere, kiratsa?

Kronika - Erredakzioa 2020ko api. 25a, 00:00
ZikuƱagako Papelera da usaina eragiten duenetako bat, baina ez bakarra; Ubisekin ere biltzen ari da Udala.

Bartzelonako Unibertsitateari Hernaniko aire kalitatea neurtzeko eskatu zion Udalak 2017an, eta 2019ra arteko neurketen emaitzekin, Jaurlaritzara jo zuen. Emisioen ardura duten enpresekin ere harremanetan dago, baina neurriak hartzeko prozesua motela da, eta Aire Garbia plataforma kezkatuta dago.

«Isurketek, toxizitateari dagokionez, ez dituzte legediak ezarritako mugak gainditzen», azaldu zuen Udalak 2019ko otsailean, emaitzak jasotzean. 2017ko irailean hasi zituen ikerketak Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak (UPC), Udalak hala eskatuta. «Helburua zen gure jarduera industriala eta gure ezaugarriak kontuan hartuko zituen azterketa zorrotz eta independente bat egitea», azaldu zuen Luis Intxauspe, orduko alkateak. 2019ko urtarrila bitarteko datuak jaso zituzten aurrena, eta emaitzen berri eman zuen Udalak. Azkeneko neurketak pasa den udan egin zituzten. Orain, isurketak egiten dituzten enpresa nagusiekin harremanetan jartzen ari da Udala.

Airearen kalitatearekin kezkatuta dagoen herritar talde batek osatutako Aire Garbia plataformak dio, hala ere, nabaritzen dituela «azkurea edota arnasa hartzeko zailtasunak, usain txarra dagoenetan». Dio, baita ere, badakiela «Osasunaren Munduko Erakundeak (OMS) edota Europa mailan politikoki ezarritako baremoak desberdinak» direla, eta kezkatuta dago: «fisikoki frogatu ezin dugun osasun arazo bat dago, baina badira iturri bat baino gehiago, diotenak, arnasten dugun aireak minbizia bezalako gaixotasunak eragin ditzakeela». Usain txarrak pizten die kezka, batez ere. «Daukagun datu bakarra usainarena da, gainontzekora ez baitaukagu iristerik». 

Baina, badira, gainera, nabari ez diren substantziak, kaltegarri izan daitezkeenak. Hainbat substantziaren emisioak eta inmisioak, hau da, atmosferara isurtzen diren substantzia kutsagarriak eta substantzia kutsagarri horiek ingurunean duten kontzentrazio maila dira neurtu direnak, eta emisio horien foko nagusiak dira Zikuñagako Papelera, Refractarios AMR, Perfiles SELAK, KEM ONE, Orona, Adhesivos Ubis eta Celulosas Hernani epresak, batetik, eta Hernani inguratzen duten A15, A8, GI2132 eta GI3410 errepideak, bestetik.

Zortzi txosten, UPCk
Hernaniko Udalak 2017an heldu zion gaiari. Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko (UPC) Goi-Mailako Ingeniaritza Industrialeko Eskola Teknikoa izan da ikerketa egiteko arduraduna. «Zortzi txosten egin dituzte», azaldu du Mattin Aldaia, Ingurumeneko zinegotziak. Lehendabiziko seietan neurtu zituzten paper pasta ekoizteak eragindako isurketak, beste industria jarduerenak, errepideen isurketak, usaina eragiten duten konposatu organiko lurrunkorren (COV) immisio-mailak (24 ordukoa eta usain-aldi fuerteetakoa), Eusko Jaurlaritzak anbulatorioan daukan kontrol-estazioaren datuak eta ozono eta hidrogeno sulfuro inmisio mailak. Datu horiek biltzen 2017ko apirilean hasi ziren, hainbat teknika erabilita: zenbakizko modelizazio teknika, analisi estatistikoa eta 2017ko azarotik 2018ko urtarrilera eta 2018ko azaroa eta abenduan egindako kontrol kimikikoak. Zazpigarren txostenean guztiaren laburpena egin dute, eta zortzigarrenak, iazko (2019) udako ozono eta hidrogeno sulfuro inmisioen emaitzak bildu ditu, aurrekoekin, negukoekin, alderatzeko.

«Enpresa guztiei Ingurumen Baimen Bateratua eskatu genien lehendabizi», azaldu du Aldaiak, «jakiteko zein diren fabrika bakoitzaren emisioak». Jaurlaritzari enrpesek bidali behar izaten dioten dokumentua da, emisioen berri emateko. «Interesgarria da usaina ere neurtzen dutela. Baina ez dago lege bat esaten duena neurri batetik pasatzean toxikoa denik. Orduan, harrapatuta zaude. Beraz, jakin nahi izan genuen usainarekin zein konposatu zeuden, eta zein neurritan».

«Ez dago lege bat esaten duena [usaina] neurri batetik pasatzean toxikoa denik. Orduan, harrapatuta zaude. Beraz, jakin nahi izan genuen usainarekin zein konposatu zeuden, eta zein neurritan» 

Aurreneko txosten horretan, beraz, usain txarren atzean zer zegoen jakitea izan zen helburua, paper pasta ekoizteak eragindako isurketen berri jakitea, alegia. Horretarako, herriko aktibitate industrialetatik eratorritako foku emisoreen inguruan Udalak zeukan informazioa jaso zuen UPCk, Ingurumen Baimen Bateratuetatik. Era berean, Eusko Jaurlaritzak anbulatorio gainean daukan neurgailuak jasotako inmisio datuak ere bildu zituen, eta beste entitate batzuek egindako neurketenak. Eta txostenaren bigarren zatirako, paper pasta ekoizteak eragindako emisioak neurtu ziren horretarako ekarritako 16 neurgailu mugikorren bitartez. Neurgailu horiek jarri ziren Sorgintxulo, Antziola, Etxeberri, Sagastialde, Florida, Marieluts, Latsunbe, Mañe Flaker, Agustindarrak, Karobieta, Karabel, udaletxea, Lizeaga, Portu, Zikuñaga eta Santa Barbaran.

«Lehendabizi Zikuñagako Papeleragatik galdetu genien, eta egin zituzten kalkulu batzuk, ikusteko noiz sortzen ziren usainak, eta nola, eta gero, beste enpresak ere neurtu zituzten». Hain zuzen, bigarren txostenean material erregogorraren (refractarios), zinta itsasgarrien, binilo-kloruroaren, igogailuen eta profil berezien ekoizpenak dauzkan eraginak neurtu zituzten. «Gutxi-gorabehera zehaztu zuten zein izan zitezkeen Hernanin arazoak sortu ditzaketenak: Ubis, Papelera eta AMR». Bi txosten horietan neurtutako substantziak izan ziren, batez ere,  NO2, NOx, SO2, HCI eta konposatu organiko lurrunkorrak (COV).

«Gero, autopista eta errepideen eragina neurtu zuten. Guztiz inguratuta gaude: goitik autopista, Irun aldera. Bestetik, Urnietatik datorrena. Kalkulatu zuten zenbat kotxe pasatzen ziren bakoitzetik egunean, eta izugarrizko datuak atera ziren», Aldaiaren hitzetan. PM10 eta PM2,5, eta NO2 eta NOx partikulen kontzentrazio mailak neurtu zituzten guneka, eta hilabeteka eta orduka, horretarako ekarritako 16 neurgailuak herrian barrena banatuta. 


Ondoren, usainaren jatorrian dauden substantzien, konposatu organiko lurrunkorren (COV) inmisio mailak ikertu zituzten usaina nabaritzen den garaietan eta 24 ordutan. Datuak jaso ziren paper pasta, material erregogorra eta binilo-kloruroa ekoizten dutenen eremuan, eta Portun, udaletxean, Etxeberrin eta Karobietan. Eta segidan, Jaurlaritzaren kontrol-estazio edo neurgailuak ematen zituen PM10, NO2, NOx eta hidrogeno sulfuro (H2S) partikulen inmisio datuak aztertu zituzten. «Neurketa errealak egin zituzten», dio zinegotziak. «Neurketak hainbat auzotan egin ziren, tramankuluak ekarrita. Lehen Jaurlaritzarenak bakarrik zeuden. Berak ere badu neurgailua, anbulatorio gainean. Baina, arazoa da non dagoen: herriaren erdian. Baina enpresa hauen eragina beste auzo batzuetan nabaritzen da. Hori kontuan hartu gabe ere, begiratu zen datu ofizialek zer dioten. Konturatu ziren askotan partikula txikiak, PM10 eta PM2,5 ez dituztela neurtzen, gabezia bat dagoela». Era berean, txostenak dio usain aldi haundietan hidrogeno sulfuroak daukan eragina dela-eta, konposatu honek urtean zehar gainditutako kontzentrazio mailak ere baloratu dituztela. 

Aire Garbia plataformarekin hainbatetan bildu da Udala, (Mattin Aldia, erdian) eskariak entzun eta txostenen berri emateko.
 

Azkenik, seigarrenean konposatu organiko lurrunkorren (COV) kontrol kimikoaren emaitzak jaso zituzten, udaletxean, Gabriel Zelaian, Portun, Zikuñagan eta Etxeberrin jarritako kontrol puntuetatik. Eta horri gehitu zioten usain-aldietan eta bi hilabetetan astero Portun, Zikuñagan eta Etxeberrin egindako kontroletan jasotako ozono (O3) eta hidrogeno sulfuro (H2S) kontzentrazio datuak; «produktu arriskutsuenenak», Aldaiaren hitzetan. Hauen neurketa berriro egin zen 2019ko ekainaren 18tik uztailaren 16ra bitartean, neguko eta udako datuak alderatzeko. Zortzigarren txosten horretan jaso dira datuak.  

Kutsagarrien inguruko datu «gutxi», Udalaren esku
Ondorio nagusiak laburbiltzen dituen zazpigarren txosten horren arabera, UPCk dio «substantzia kutsatzaileen kontzentrazio-maila eta horien emisio-parametroei buruz Hernaniko Udalak duen informazioa txikia» dela. Emisioei dagokienez, biniloaren ekoizpenak eragindako binilo-kloruroaren identifikazioa besterik ez dagoela dio, eta inmisioei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak anbulatorioan daukan neurgailu bakarraren datuak besterik ez dituela, PM10 partikulak, nitrogeno oxidoak (NO2, NO eta NOx), eta sufre dioxidoa (SO2) jasotzen dituena, eta EHUk azkenekoz 2010ean egindako neurketetan jasotako konposatu organiko lurrunkor gutxi batzuena. Hori bai; «egungo legediak airearen kalitateari buruz ezarritako mugak betetzen dituzte».

Dena den, UPCk hainbat ondorio atera ditu, egindako analisi estatistiko, modelizazio eta kontrol kimikoetatik jasotako datuekin. Orokorrean, enpresetako eta errepideetako emisio eta inmisioetatik datozen H2S, ozono, NO2, NOx, SO2, HCI, PM10, PM2,5 eta konposatu organiko lurrunkorren (COV) inguruko datuak bildu dira. Azken hauen artean, arreta jarri da «osasun publikoan garrantzia izan dezaketen konposatu toxiko, minbizia-eragile edota azkure-sortzaileetan eta usaina dutenetan». Kutsadura-aldietan inmisio maila altuenak Portun jaso dira. «Kontzentrazio-maila altuak aurkitu dira benzeno, tolueno, xileno, fenol, etanol, azetaldehido eta azido azetikoarenak». Barneko aire-kalitatearen inguruko irizpideen arabera, «toxikotasun egoeratik gertuko neurrietan», eta «deserosotasun gunean» kokatuko lukete auzoa, baina bakarkako aire-kalitatearen inguruko irizpideen arabera, «erosotasun gunean» legoke. Mattin Aldaia zinegotziak irizpide dantza hori azaldu du. «Egon dira gainditze batzuk, Jaurlaritzak ezarritako neurriak gainditzen dituztenak. Baina Europan eta Espainian dauden neurriak desberdinak dira. Neurgailu horiek baino zehaztasun handiagoa duten neurketak egin dituzte, eta ondorio batzuetara heldu dira». 

«Aire-kutsaduraren neurketak ikusarazi nahi ditugu. Datuak ez dira onak. Dena ondo dagoela dioten mitoak erortzen ari dira, Zaldibarren bezala, eta Hernanin nahikoa dela esateko ordua iritsi da»

Batetik, diote bereziki paper-pasta ekoizteak eragiten dituen usain-aldiak aztertu direla, eta Hernanin barrena kokatutako «16 neurgailuetako %81ean m3ko usain unitateak gainditzen» direla; bereziki, Portun eta Zikuñagan, eta irailean, urtarrilean eta abenduan. «Paper-pasta ekoiztetik sortutako hidrogeno sulfuro (H2S) inmisio mailari dagokionez, ordu jakinetako kontzentrazioa igo egin da 2016 eta 2017an, eta jaitsi 2018an, baina oraindik ere 2015ekoa gainditzen du (…) Kutsatzaile horren azken urteetako balioek egungo legediak ezarritako ordutegi eta eguneko kalitate-irizpideak gainditzen dituzte hainbatetan, eta adierazten dute herriko hainbat eremutan eragin haundia izan duela usainak». Bestelako industrien ekoizpenen emisioen eragina, berriz, Zikuñaga, Etxeberri, Florida eta Sagastialden nabari da. Errepideen eragin handiena Zikuñaga, Portu eta Karabelen neurtu da, 19:00etatik 21:00etara.

Sei eta zortzigarren txostenetan neurtutako ozono eta hidrogeno sulfuro datuei dagokienez, badirudi, ozono kontzentrazioak altuagoak direla udaran, neguan baino, eguzkiaren eraginez, seguru asko, eta hidrogeno sulfuroarenak, berriz, bajuagoak, eguzkiagatik baita ere; desberdin eragiten die. Baina 2019an hidrogeno sulfuroak ordu-erdiko kalitate-irizpide mailak gehiagotan gainditu ditu, 2018arekin alderatuta. Dena den, bai bataren eta bai bestearen datuek ez dituzte gainditzen eguneko batezbesteko eta osasunaren babeserako irizpideen neurriak.

Guztiarekin, Udalak ondorioztatu zuen «gune batzuetan antzematen diren isurketa mailak eta episodioen maiztasuna handiegia» dela; «hori ez da aire kalitate ona, konfort egoera maiz gainditzen dutelako, baina toxizitateari dagokionez, ez dituzte legediak ezarritako mugak gainditzen». Mattin Aldaia zinegotziak dio, gainera, «Europan ez dagoela legerik dioena usaina halako neurrietatik pasatzen denean txarra denik». 

Jaurlaritza eta enpresekin harremanetan, Udala
Hala ere, gaiarekin arduratuta, Eusko Jaurlaritzako ingurumen sailarekin bilera eskatuko zuela aurreratu zuen Udalak, «neurriak eskatzeko», eta hala egin zuen. «Jaurlaritzak daukan Ingurumen zuzendaria, Iban Pedreiras bildu zen orduko alkate Luis Intxauspe, Olatz Urrutibeaskoa Ingurumen teknikaria eta nirekin. Aurretik prentsan azaldu genuen kezkatuta ginela aire kalitatearekin eta Jaurlaritzak egin zituen neurketekin, ez zirelako zehatzak. Beraz, aurrena errieta jaso genuen. Pedreiras da Zaldibarko zabortegiaren arduraduna ere. Dena den, aurkeztu genuen txostena, eta azaldu genuen herrian zegoen kezka. Ez genuen ezer lortu. Ez konpromisorik eta ez ezer. Bi urte luze pasa dira ordutik, eta ez dugu berririk izan».

Beraz, Udalak beste bide bati ekin dio: enpresekin biltzeari. «Ubis eta Papelerarekin bildu gara. Lankidetza hitzarmena planteatu diegu, Bartzelonako Unibertsitateak neurketak egin ditzan. Gehienbat, ikusteko zer den hobetu daitekeena. Informazio pila bat daukagu, baina ez dakigu zer egin horrekin. Jaurlaritzak ez digu kasurik egiten, eta ea enpresek zer esaten diguten. Hurrengo pausua da unibertsitatea, enpresak eta ni biltzea».

Usainari dagokionez, Aldaiak azaldu du Zikuñagan papera lortzeko prozesu osoa egiten dutela, egurretik hasita. «Egurra txikitu eta paper-pasta sortzeko prozesuan sortzen da usaina. Esaten dute papelera batean beti sortuko dela usaina, baina ez dela kutsakorra. Txostenean konposatu organiko lurrunkorrak ageri dira, eta horregatik, enpresa barrutik neurtu nahi dugu usaina dagoenean zein substantzia dauden, ikusteko zein diren kutsakorrak, zein puntutaraino den kezkagarria». Noski, Papelerak bere alde egiten duela dio zinegotziak. «Esaten dute prozesua berdina dela 24 ordutan. Baina, orduan, zergatik ateratzen da ordu konkretu batzuetan ke gehiago, usain gehiago? Ari gara hizketan. Ez zaie gustatzen, baina uste dut lortuko dugula. Baimena eman diegu enpresa handitzeko, eta hori aprobetxatu nahi dut nik honekin jarraitzeko». 

Aire Garbia, kezkatuta
Hain zuzen, horrekin are kezkatuago agertu da Aire Garbia plataforma. Baina zinegotziak dio enpresa bisitatu dutela, eta azalpen guztiak eman dizkietela ordezkari politikoei. Dena den, instalazio berriak irekitzea urteko hirugarren hiruhilekora atzeratu dute, Koronabirusa dela-eta. «Beste makina bat jarri behar dute papera egiteko, eta paper hori izango litzateke plastikoa ordezkatzeko, plastikoa debekatu egingo baita. Logikoki, hor negozioa ikusi dute. Baina badakite usainarekin kezkatuta gaudela, eta azaldu ziguten teknologia berri bat aplikatuko dutela, Noruegatik ekarria, usainak sortu ahala xurgatuko dituena. Dena den, diote beti sortzen dela usaina paper-pasta egitean».

Horren aurrean, Aire Garbiak dio «aire-kutsaduraren neurketak ikusarazi» egin nahi dituztela, «ea zein partikula jaso eta neurtzen diren. Datuak ez dira onak. Dena ondo dagoela dioten mitoak erortzen ari dira, Zaldibarren bezala, eta Hernanin nahikoa dela esateko ordua iritsi da». Aldaiak azaldu du panelak jartzeko eskatu ziotela, Jaurlaritzaren neurgailu finkoaren datuak egunero emateko. «Biterin eta udaletxean pantailak jartzekoak gara, udaletxeko informazio orokorra herritarrei helarazteko, eta datu horiek ere emango ditugu, Aire Garbiak eskatu bezala, airearen kalitatea egunero zein den jakiteko».

Hainbeste datu bilduta ere, ordea, ez dira gauzak guztiz argitu. «Txostenetan substantzia batzuen neurri altuak ageri dira, baina ez dago frogarik, esateko airea oso kutsatuta dagoela. Herritarrek nabari dituzte ondoezak, baina horrekin ez da ezer demostratzen. Arazorik ez dagoela ere ezin da esan, ordea. Baina, kezka zein puntutaraino da erreala? Interesgarria da txostenetan esatea ‘16 neurgailuetako %81ean m3ko usain unitateak gainditzen’ direla. Usaina ere neurtzen da. Baina ez dago legerik esaten duenik maila batetik pasatzean toxikoa den ala ez. Beraz, harrapatuta gaude. Aire kalitatea txarra denik ezin da esan; datuak behar dira. Hori da zailena, baina jarraituko dugu inbertsioak egiten. Datuekin demostratu behar dira gauza horiek, ezin da pertzepzioekin jokatu».  

Konfinamenduaren eraginez, aire garbiagoa

Errepideetan ibilgailuek sortzen duten NO2 gasa murriztu da hiriburuetan. Hernanin ere bai.

Ekologistak Martxan taldeak NO2 gasaren datu ofizialak aztertu ditu, jakiteko, errepideetan gas horren zein maila neurtu diren, Koronabirusaren eraginez ezarritako konfinamenduaren aurretik eta ondoren. Izan ere, gas hori kotxeek isurtzen dute bereziki, eta trafikoa geratuta dago. 

Datu horiek 2020ko martxoa eta aurreko hamar urteak bitartean Espainiako Estatuko 24 hiriren artean banatutako 125 neurketa-estaziotan jaso dira. Ondorio nagusia izan da «martxoaren 14an alarma egoera adierazi zenetik, Espainiako hiri nagusietan nabarmen murriztu direla nitrogeno dioxidoak (NO2) eragindako kutsadura atmosferikoaren mailak»; %55. Euskal Herriko hiriburuetan ere, gauza bera gertatu da; azken hamarkadari erreparatuta, bataz besteko kutsadura murrizketa %46koa izan da: %41ekoa Donostian, %54koa Gasteizen, %49koa Iruñan,  eta %40koa Bilbon.

Hernanin ere, Jaurlaritzak daukan neurgailu finkoaren arabera, behera egin du nitrogeno dioxido mailak konfinamendua ezarri zenetik gaur arte: martxoaren 11n, esaterako 34.00 µg/m3 neurtu ziren eta apirilaren 21ean, 9.00 µg/m3. Datuek gora-beherak erakusten dituzte, igandeetan neurtzen dira gasaren maila txikienak: apirilaren 19an 2.00 µg/m3. Astegunetan gora egiten du pixka bat, baina beheranzko joera nabarmena da, konfinamendua hasiz geroztik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!